Hasten den guztia amaitu ohi da, eta, pilotan, finala jokatuz eta irabazleei txapela jarriz amaitzen da. Horixe egingo dute gaur Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian. Berria Erremonte Txapelketaren bigarren aldiko finala jokatuko dute, eta, hura amaitzean, txapela jarriko diete irabazleei. Hori eginda, hilabete pasatxoko lehia gogorra amaituko da.
Bi bikote ariko dira: batetik, Kemen Aldabe (Lekunberri, Nafarroa, 1997) eta Oier Apezetxea (Goizueta, Nafarroa, 1991); eta, bestetik, Julen Loitegi (Urnieta, Gipuzkoa, 1994) eta Ibon Zaldua (Donostia, 1994). 16:30ean hasiko da jaialdia, eta bigarren partida izango da finala.
Lehia estua espero da. Hala izan zen, behintzat, bi bikote horiek ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten neurketan. Ezin parekatuagoa izan zen: 35-34 irabazi zuten Aldabe eta Apezetxeak. Garaileek beste bi partida jokatu dituzte, eta bietan nagusitu dira: 35-17 hartu zituzten mendean Etxarri eta Martirena ligaxkako azkeneko jardunaldian, eta 35-19 Urrutia II.a eta Labaka finalerdietan. Loitegi eta Zalduak, berriz, 35-25 irabazi zieten Etxarri eta Martirenari ligaxkan, eta 35-20 Goikoetxea V.a eta Odeiri finalerdietan. Sasoi betean iritsiko dira bi bikoteak.
Baten batentzat berezia izango baldin bada finala, Apezetxearentzat izango da. Hilabete eskas darama profesionaletan, hiru partida besterik ez du jokatu, eta jada lehen txapela irabaz dezake. Hain zuzen ere, Loitegi eta Zalduaren aurka egin zuen debuta: «Ez nuen espero horren ondo hastea. Helburua zen itxura ona ematea eta beste pilotariekin aritzeko gai nintzela erakustea. Sekulakoa izan zen estreinakoa irabaztea; beraz, pentsa zer izan den hurrengo biak irabaztea eta finalerako sailkatzea. Baina Aldaberekin ari naiz; Bigarren Mailako aurrelaririk onena da. Ni ahalegindu naiz hari ahal bezainbeste laguntzen».
Duela hilabete eta erdi hasi zen erremontean, eskuz ibilbide luzea egin eta gero. «Oso gustura» dabil: «Duela hilabete eta erdi egin nuen lehen entrenamendua, eta txukun aritu nintzen. Baina oso ezberdina da partida bat jokatzea. Pentsa, debuteko lehen tantoetan, tantoa egin, eta atzelariari pasatu nion pilota, aurrelariari pasatu beharrean. Zorionez, gero eta hobeto ari naiz. Baina pila bat dut ikasteko oraindik».
Aldaberentzat ere berezia da txapelketa, duela bi hilabete itzuli baitzen Oriamendira, ia bi urteze-Remonten aritu eta gero: «Banuen gogoa berriz frontoi luzean jokatzeko; haren falta sumatu dut. Oso pozik nago berriz ere Oriamendin egonda. Hori gutxi balitz bezala, ederra izan da itzulera: Apezetxea lagunarekin jarri naute, eta finalera iritsi gara».
«Ustekabean» harrapatu du horren ondo aritzeak: «Uste nuen gehiago kostatuko zitzaidala frontoiari eta pilotei berriz neurria hartzea, baina nahiko azkar egin dut. Apezetxea, gainera, oso ondo hasi da. Harritu nau ikusteak zeinen azkar hartu dion tamaina honi. Txapelketa zoragarria egiten ari da; asko laguntzen dit, eta sakearekin ondo ari da. Oso gustura ari gara elkarrekin».
Bat datoz: «Final estua izango da, ligaxkakoaren antzerakoa». «Edozeinek irabaz dezake», dio Aldabek. Iritzi bera dute gakoez: «Sakearekin asmatu beharko dut; ondo ari naiz. Seguru naiz saiatuko direla Aldabe saihesten eta ni kargatzen. Eutsi egin beharko diot, eta pilota gutxi galdu. Aldabek, berriz, aukera duenean, aprobetxatu egin beharko du», azaldu du Apezetxeak. «Baina ez da erraza izango», zehaztu du Aldabek: «Zaldua oso ondo ari da, eta Loitegi abiadura handia ematen ari zaio pilotari. Defentsan ondo aritu beharko dugu, eta nik ere abiadura eman beharko diot pilotari. Ea orain arte eginiko lan ona biribil dezakegun».
Gakoa: huts gutxi egitea
Helburu bera daukate Loitegik eta Zalduak. Orain arte egindako lana dute akuilu: «Oso gustura ari gara. Zaldua atzelari segurua da; oso pilota gutxi galtzen ditu. Niri, berriz, erasokor jokatzea gustatzen zait. Txapelketaren aurretik txakalaldi bat izan nuen; kosta egiten zitzaidan pilota gora botatzea. Orain, ordea, sasoiko nago, fresko», adierazi du Loitegik.
Lehen partida galdu zuten, baina hurrengo biak irabazi dituzte; tartean, Ander Goikoetxearen eta Odei Arregiren aurkako finalerdia. Aurkariak oso sendo aritu ziren ligaxkan: «Oso partida ona egin genuen, eta garaipen horrek konfiantza eman digu. Julen izugarri ari da: besteok baino abiadura handiagoa ematen dio pilotari, eta oso defentsa ona du sake errestoan; horri esker, aukera gehiago dugu lan ona egiteko. Ni ere ondo ari naiz, huts gutxi eginez. Bikote ona egin dugu. Baina haiek ere bikote sendoa dira».
Aurkariek bezala, haiek ere uste dute «garrantzi handia» izango duela «sakearekin asmatzeak eta pilota gutxi galtzeak». Loitegik beste bi gako azpimarratu ditu: «Pilota gora bota beharko dugu, Aldabek ez dezan izan aukera garbirik errematatzeko. Nerbioek ere zeresana izango dute. Lasaiago aritzen den bikoteak asko izango du irabazia». Zaldua ziur da laurak bete-betean arituz gero «final polita» izango dela.
Oso estu dago lehia
Aldabe-Apezetxeak eta Loitegi-Zalduak Berria Txapelketako finala jokatuko dute gaur. Elkarren aurka jokatu zuten ligaxkan; Aldabe eta Apezetxeak tanto bakar batengatik irabazi zuten: 35-34

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu