Miguel Flaño. Osasunako jokalaria

«Oso gaztetatik izaten dugu lehia berezia Athleticekin»

Patxi Puñalekin batera egungo Osasunan harrobiaren adibide onena da. Askotan lehiatu behar izan du Athleticen aurka 12 urterekin Iruñeko taldera iritsi zenetik. Biharko derbirako kiniela egin du: «1».

Iruñea
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Athleticen aurka jokatzea beti da berezia Osasunako harrobiko jokalarientzat. Puñal beteranoak —atzo ziurtatu zuen urtebetez luzatuko duela kontratua— ez du inoiaz ezkutatu, eta Miguel Flaño (Iruñea, 1984) iritzi berekoa da. Bihar irabaztea du lehen helburua erdiko atzelariak, eta, gero, hasierako hamaikakoan finkatzea.

Ezer baino lehen. Nola zaude?

Ondo, Athleticen aurkako partida jokatzeko irrikaz. Partida berezia da, bai zaleentzat eta bai jokalariontzat ere. Salbazioa lehenbailehen ziurtatu nahi dugu, eta garrantzitsua izango da hiru puntuak lortzea.

Mallorcaren aurkako puntua edertuko zenukete, irabazita, baina ez da erraza izango, Athletic sasoiko dago.

Puntuak hirunaka lortzea garrantzitsua da, eta etxetik at kostatzen ari zaigu; baina Nafarroako Erresumatik urrun partida bakarra irabazi baldin badugu ere, berdinketa asko lortu ditugu. Puntu horiei bere garrantzia ematea komeni da.

Athleticek Old Trafforden erakustaldia eman eta gero, argi dago irabazteko gauzak ondo egin beharko dituela Osasunak.

Athletic une gozoan iritsiko dela argi dago, denboraldi bikaina egiten ari dira. Halere, Athleticek baino gehiago kezkatzen nau Osasunak. Guk lana ondo eginez gero, hiru puntuak lortzea posible da; etxean talde sendoa gara.

Athleticek Manchesterren aurkakoan pentsatzen jarraitzen baldin badu, hobe Osasunarentzat.

Astean hiru partida jokatzeak psikologikoki zein fisikoki bere eragina izaten du, baina ez dut uste erabakigarria izango denik, eta Athletic sendo ariko dela uste dut.

Bielsaren taldeak laudorio ugari jaso ditu, baina, irabaziz gero, aurretik izango zarete berriz.

Hedabideetan Osasunaz baino gehiago hitz egiten da Athleticen inguruan, eta hori beti horrela izan da, gure eta gure moduko taldeei buruz gutxi hitz egiten da. Sasoi amaieran bakoitza non dagoen ikusiko dugu, dena dela. Partidaz partida joatea nahi dut nik, mailari lehenbailehen eutsi,eta, pixkanaka, gero eta gorago izan sailkapenean, ahal baldin bada. Biharkoa proba ederra da.

Sasoiko «une erabakigarrian» zaudetela esan berri du Patxi Puñalek.

Ados nago, hurrengo bospasei partidetan talde bakoitza amaieran non egon daitekeen ikusiko dugu. Orain, Europari buruz hitz egin ordez salbazioaz hitz egiteak ez du esan nahi anbizio txikiagoa dugunik. Nik anbizio handia daukat, baina helburuak nahastea ez da komeni, eta, oraingoz, mailari eustea da. Sailkapenean ahal bezain ondoen amaitzea da helburua, eta ez diogu ezeri uko egingo. Pausoz pauso joan behar dugu.

Jaisteko postuekiko alde polita daukazue, eta, Athletici irabaziz gero, 38 puntu izango dituzue. Pauso erabakigarria izan daiteke?

Aurrerapauso handia izango litzatekeela ukaezina da.

Osasunarekin azken kontratua sinatu zenuenean Athleticen eskaintza bat ere izan zenuen, ezta?

Tira, orduan beste talde batzuen interesa izan zen, bai, baina hartu nuen erabakiarekin oso pozik nago ni. Daukadan guztia Osasunak eman dit, eta ea beste urte askoan jarraitzeko aukera izaten dudan. Esker onekohitzak besterik ez ditut Osasunarentzat, asko baloratzen nautela sentitzen dut, eta garai batean izan nitzakeen beste aukeretan pentsatu ere ez dut egiten.

Nola ikusten duzu Osasunaren eta Athleticen arteko harreman zaila, Bilboko taldeak hainbeste futbolari nafar gazte ematen dituelako?

Gai horietan ez naiz sartzen, kirol arloaz hitz egin dezaket, eta hor egia da lehia handia dagoela bi taldeen artean. Bizitza osoa Osasunan egin dut, eta badakit gaztetatik izaten dela lehia Athleticekin. Gazte mailetako hainbat taldetan, bigarren taldean zein lehen taldean askotan aritu naiz Athleticen aurka, eta kirol lehia berezia izaten da. Baina hori gauza ederra da. Erakunde gisa kluben arteko kontuetan ez naiz sartzen. Osasunakoa naiz, eta hemen gauzak ondo egiten dira.

Athleticeko jokalariekin harremanik ba al duzu?

Batik bat David Lopezekin, baina Gurpegi edo orain utzita Grezian ari den Orbaiz ere gertuko gisa agurtzen ditut beti. Hori besterik ez, dena dela.

Pozik al zaude orain arte egin duzun lanarekin?

Pozik nago, hasieran hamaikakoan sartzea kosta egin zitzaidan, eta aukera izan nuenean mailarik onena ez nuen eman. Baina behin jarraitutasuna lortuta maila onean ari naizela uste dut, eta pozik nago; badakit zelaian bezala zelaitik at ere jokalari garrantzitsua izan behar dudala talde honetan. Entrenatzaileak konfiantza eman dit, eta gozatzen ari naiz.

Mallorcan kapitaina izan zinen. Berezia al da besokoa janztea?

Bai, kapitaina ez naizenean ere nire lana berdin egiten saiatzen naiz, eta besokoa eramateagatik lan gehiago edo gutxiago egin beharrik ez duzu, baina besokoa besoan jartzeko une hori berezia dela ukaezina da. Emozio hori ederra da. Badakizu jende askoren sentimendua dagoela besoko horren atzean eta urte askotan Osasunako jokalari gisa Nafarroako hainbat herritan ekitaldi ezberdinetan izan ondoren badakizu talde honen kapitaina izatea gauza handia dela.

Derbirako zure pronostikoa?

Gorritxoak nagusi! Badakit partida gogorra izango dela, lehia estua izango dugu, baina kinielan 1a jarriko nuke nik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.