«Oso lehiakor ari gara»

Oviedok gaur Tenerifen irabazi ezean, matematikoki Lehen Mailari eutsiko dio Oiartzunek. Koldo Fernandez presidentea harro dago egiten ari diren lanarekin.

Koldo Fernandez Oiartzun taldeko presidentea, lehen taldeko jokalariak eta hurrengo denboraldiko entrenatzailea —Gari Argote— atzean dituela. GORKA RUBIO / ARP.
unai zubeldia
2016ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Falta zaizkigun partidak alde batera utzita, zortziko nota jarriko nioke taldeari; zortziko altua». Ez da edonoren hausnarketa. Koldo Fernandez (Errenteria, Gipuzkoa, 1957) Oiartzun taldeko presidentea ari da hizketan. «Bi partidatan astindu handia hartu dugu». Valentzia (8-0) eta Atletico Madrilen aurka (0-5). «Baina oso liga gogorra da, eta maila ona ematen ari gara, oso lehiakor ari gara». Espero zuten moduan, «etxetik kanpoko partidetan» egin du herren Oiartzunek. Garaipenik pilatu gabe, lau partida berdindu eta bederatzi galdu dituzte kanpoan.

«Lanaren %99 eginda daukagu jada». Oiartzuni puntu bat falta zaiolako, oraindik, matematikoki mailari eusteko. «Baina denbora kontua izango da». 23 puntu dauzka Oiartzunek —baita Santa Teresak ere—, 11 Oviedok, eta hamabi gelditzen dira jokoan. Gipuzkoarrek lau partidak galdu beharko lituzkete, eta Oviedok laurak irabazi. «Badakigu ez dela gertatuko halakorik, gure gisan partida zailak dauzkatelako eurek ere». Besteak beste, Athletic eta Bartzelonaren aurka jokatu beharko du Oviedok azken bi jardunaldietan. Baina Oiartzunek gaur bertan euts diezaioke mailari, Oviedok 19:00etan jokatuko duelako Tenerifen. Asturiarrek ez irabaztea nahikoa izango da helburua betetzeko.

«Eta aurrekontua ez da izango oztopo Lehen Mailan jarraitzeko». Presidenteak azaldu duenez, kluba buru-belarri lanean ari da, jada, hurrengo sasoiko egitura osatzeko. «Eta berritasun handi bat izango dugu, entrenatzaile aldaketa izango dugulako». Jon Alkortak behe-behetik maila nagusiraino eraman du taldea. «Eta nire ondoan jarraituko du lanean, klubean, beste hainbat kontutan. Gari Argote oiartzuarrak hartuko du lehen taldearen ardura». Bigarren entrenatzaile karguan aritu da lanean sasoi honetan. «Aldaketa txiki-handia izango da taldearentzat». Oiartzunen jokatutakoa da Argote, eta gizonezkoen lehen taldearen entrenatzailea ere izan zen.

Jokalari multzoari dagokionez, erabaki horiek «entrenatzaileenak» direla argitu du Fernandezek. «Baina hutsuneak eta fitxaketak izango dira taldean. Gipuzkoarrak, noski, gehienak, baina baita hemendik kanpokoak ere». Oiartzunek Carolina Gonzalez galiziarra fitxatu zuen neguko merkatuan. «Eta ez diegu aterik itxiko gisa horretako fitxaketei». Bi taldeen arteko hitzarmena tarteko, Realak lehentasuna dauka Oiartzundik nahi dituen jokalariak fitxatzeko. «Baina Realean ere beti izaten da irteeraren bat edo beste, eta ikusiko dugu».

«Babesleen oinarri onarekin» eman zuen Oiartzunek Lehen Mailarako pausoa. «Eta oso une garrantzitsuan igo ginen Lehen Mailara, Espainiako Futbol Liga Profesionala pausoak ematen hasi delako etorkizun hurbilean emakumezkoen futbola profesionalizatzen hasteko». Urrutira joan gabe, hurrengo denboraldian taldeek diru gehiago jasoko dute telebista eskubideei esker. «Ez dira gerturatuko gizonezkoen kopuruetara, noski», zehaztu du presidenteak. «Baina egonkortasun handia emango digu talderik apalenei. Horregatik izan da hain garrantzitsua denboraldi honetan mailari eustea».

Diru laguntzekin borrokan

ETBren emankizunei esker, eta espero ez zuten beste babesle txikiago batzuei helduta, «uste baino diru iturri handiagoa» izan du Oiartzunek denboraldi honetan. Baina beldur txiki bat badauka Fernandezek. «Harrera zoragarria egin ziguten denek, baina hor jarraitzen dugu egurrean, eta aldundiaren diru laguntzak banatu egin behar izaten dira, eta... Ikusiko dugu».

Kirol arloari helduta, gipuzkoarrek Athleticen aurkako partida gogorra izango dute bihar, Lezaman (12:00). «Oso erronka zaila da guretzat, baina jokalariek erakutsi dute talde horien aurka ondo lehiatzen direla». Oviedoren emaitza gorabehera, «maila ona ematea eta zuri-gorriak estutzea» izango da erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.