Ander Okamika. Burgos-BHko ziklista

«Oso maila altua dago, eta zaila da etapa bat irabaztea»

Bizkaitarra bigarrenez ari da Espainiako Vueltan. Triatloian lehiatzen zen lehen, baina txirrindularitzagatik aldatu zuen. Burgos-BH taldeak fitxatu zuen 2020an, eta horrekin dabil.

BURGOS BH.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun

Ander Okamika (Lekeitio, Bizkaia, 1993) bigarrenez ari da Espainiako Vueltan parte hartzen. Bi aste igaro dira lasterketa hasi zenetik, eta atseden eguna zuen atzo. Herriaren egun handian izan da hitzordua; Antzara Eguna ospatu zen atzo Lekeition, eta, tristura telefonoaren beste aldetik antzematen bazitzaion ere, Vueltan «zentratuta» dago.

 

Zer moduz joan dira Vueltako lehenengo bi asteak?

Ihesaldi gehienetan presentzia izan dugu. Bi etapatan aurreneko lehen hamarren artean gelditu gara, eta hiru lehiakortasun sari ere lortu ditugu. Sailkapen nagusian Oscar Cabedo lehenengo hogei postuen lehian dabil, eta orokorrean aurreneko bi asteetako emaitzak onak dira gure taldearentzat. COVID-19 kasuengatik taldekide batzuk galdu genituen lehia hasi aurretik, eta, hori ikusita, hobeak dira emaitzak.

Erori egin zinen aurreneko astean... Nola zaude?

Bilbotik irten zen etapan erori nintzen, baina, zorionez, zauriak eta kolpeak bakarrik izan dira. Zauri batzuk oraindik ez zaizkit guztiz sendatu, eta molestatu ere egiten didate, baina lasterketan jarraitzeko ez daukat arazorik. Horrekin ere bagoaz aurrera.

Ihesaldietan izan zarete, baina garaipena lortzeko puntu bat falta zaizue oraindik?

Hala da. Gu kontziente gara oso maila ona dagoela tropelean, eta oso zaila da etapa bat irabaztea. Ihesaldietan izugarrizko maila duten txirrindulariak sartzen dira egunero. Carapazek eta Solerrek ihesean egon eta gero irabazi zuten... eta mundu mailako txirrindulari onenen artean daude. Guk gure bidean jarraituko dugu.

Bigarrenez ari zara Vueltan. Zer desberdintasun ikusten duzu ibilbidean iazkoaren aldean?

Iaz hirugarren astea izan zen gogorrena; Kantabrian, Asturiasen eta Galizian jokatu ziren etapak. Gainera, azken eguna erabakigarria izan zen, erlojupekoan amaitu baitzen Vuelta. Aurten, ordea, lehenengo astea oso gogorra izan da, eta, hirugarrena hain gogorra ez bada ere, neke handia pilatu dugu orain arte. Hala ere, osteguneko eta larunbateko etapak oso gogorrak izango dira, eta neke horrek eragina izan dezake errendimenduan.

Iazkoaren ondoren, prestatuago zaudela uste duzu?

Dudarik gabe. Esperientzia hartu eta gero, lasterketa beste modu batera planteatzen da. Hiru asteko lasterketetan esperientzia hori lagungarria da, batez ere aldez aurretik ideia bat ematen dizulako, etapa nondik nora joango den asmatzeko. Hori abantaila txiki bat da, batez ere norbere indarrak kudeatzeko orduan. Hala ere, askotan gertatzen da etapa bide batetik joango dela pentsatzea, eta, azkenean, okerreko bidetik joatea.

Aurten etxe ingurutik pasatu da Vuelta. Nola bizi izan zenituen egun horiek?

Euskal Herriko Itzulian ere etxetik gertu ibili ginen. Albiste polita da. Hiru asteko lasterketa batean tropelean egotea bera oso berezia da, eta etxetik bertatik edo ingurutik igarotzeak ilusio berezia pizten du txirrindulariongan.

Hainbat COVID-19 kasu izan dira tropelean, baina Juan Ayuso da positibo eman eta gero bertan jarraitzen duen bakarra. Arauak berdinak dira txirrindulari denentzat?

Gaur egungo txirrindularitzan, egunerokoaren parte da. Ayusoren kasuan, antolatzaileek esan dute lasterketan jarraitu dezakeela, eta haiek erabaki hori hartu badute da beste txirrindularion osasuna ez dagoelako arriskuan. Haiena da erabakia, eta guk onartu egin behar dugu; ez dago besterik.

Denon ahotan dago Movistarren bigarren mailara jaisteko arriskua. Eragina izan dezake zuenaren moduko taldeetan?

Tropelean ere aipatzen da, baina ez dago gure esku. Nire ustez, Movistarrek maila galtzea albiste txarra litzateke. Batetik, estatu mailako txirrindularientzat, eta, bestetik, gurearen moduko taldeentzat; zenbait lasterketatan aritzeko ateak ixteko arriskua baitago. Estatu mailako erreferentea galtzea beti da txarra.

Triatloia utzi, eta txirrindularitzari ekin zenion duela bi urte. Zer desberdintasun dago bi kiroletan egin beharreko esfortzuen artean?

Nik distantzia ertaineko eta distantzia luzeko lehiaketetan hartzen nuen parte. Triatloietan, ia %90ean zure erritmoan aritzen zara, eta zure esfortzuan zaude zentratuta. Txirrindularitzan, tropel baten barruan ari zara, eta talde onenek ezartzen duten erritmoan aritzen gara. Erresistentziako lasterketak badira ere, oso esfortzu motzak eta esplosiboak ere egin behar izaten ditugu gehienetan.

Egutegiak izango du zerikusirik…

Bai, noski. Txirrindularitzan nekea pilatuz joaten da egunez egun, eta horrekin aritzen ikasi beharra dago. 70 bat lasterketetan hartzen dugu parte urtean, eta triatloian hamabost lasterketa inguru izan ohi dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.