Txuria eta urdina. Donostiara atzo hurbildu zen bisitariak ez zuen ikusiko bertze kolorerik karriketan. Arraroa zen kolore horiek gabeko zerbait gainean ez zeraman laguna. Kamisetak, jakak, banderak, bufandak, zapiak, aterkiak, txapelak... Guzia zen txuri-urdina atzo Gipuzkoako hiriburuan. Dena prest zegoen Realeko jokalariek hiria autobusean gurutzatu zezaten, txuri-urdinez bildutako milaka zalek harrera egiteko. Hiriaren erdigunean, Bulebarra eta Alderdi Eder jendez gainezka zeuden, Realak Bigarren Mailan egin dituen hiru denboraldi hauetan zaleengan pilatu den grinaren ondorio. Une horrexen zain zeuden guztiak, hiru urteren ondoren, bi kolore, txuria eta urdina, harrotasunez erakusteko.
Bezperan, partidaren ondoko ordu luzeetan, Lehenengo Mailarako igoera gogotik ospatu zuten jokalariek eta zaleek, baina kontua zerbait ospatzea denean, inoiz ez dela nahikoa argi utzi zuten atzo. 17:30 inguruan atera zen Realeko jokalariak eta talde teknikoa zeramatzan autobusa Anoeta estadio ondotik. 19:00etan zuten ordua udaletxean, eta berandu ailegatuko zirela espero bazen ere, zehatz-mehatz bete zuten ordutegia. Bulebarra motel gurutzatu zuten, Aste Nagusia txiki uzteko moduko jendetza baitzegoen bertan. Jokalariek eta Martin Lasarte entrenatzaileak berak saltoka eta dantzaka zeharkatu zuten Bulebarra, eta udaletxera Gloria Gaynor I Will Survive abesti ezagunaren doinuak lagun zituztela sartu ziren. Kanpoan, Alderdi Ederreko lorategiek kolore txuri-urdina zuten soilik. Milaka zale zituzten bertan zain. Gaztetxo eta nerabe anitz zeuden horien artean. Realaren azken urte beltzak ezagutu dituzte soilik, eta arrakasta bat lehen aldiz ospatzeko gogotsu zeuden.
Udaletxean, jokalariei harrera egin zieten udal ordezkariek. Xabi Prieto makulurik gabe sartu zen, baina oraindik maingu. Udaletxearen sarreran dantzari batek aurreskua egin zien. Hastera zihoala, zenbait jokalari «txapeldunak!» abesten hasi eta isilarazi egin behar izan zituzten. Bukatzerakoan, ordea, jokalariek txalo zaparradarekin saritu zuten dantzaria, eta pozez, ukabilak altxatuta erantzun zien hark.
Alderdi Ederrera bildutako zaleak jokalariak udaletxeko balkoira noiz aterako zain zeuden. Euriak mehatxu egin bazien ere, festa idorpean gozatzeko aukera izan zuten azkenean. Ez zioten utzi abesteari, saltatzeari eta banderak astintzeari. Tartean, Realaren ikurrarekin batera masta berean lotutako Nafarroako kateen bandera handi bat.
Aitor Zabaleta gogoan
19:00ak pasatxo zirela agertu ziren jokalariak udaletxeko balkoian. Haietariko anitz harrituta gelditu ziren azpian zuten jendetza ikusita, eta, atzerritarrek gehienbat, sakelakoarekin irudiak hartu zituzten. Johnatan Estradak, adibidez, ia ez zuen gorde ere egin bere aparailua. Hitz egiterako orduan, ordea, lotsati antzera-edo, kosta egin zitzaien lehen pausoa ematea. Xabi Prieto izan azkenik zaleak abesten paratu zituen lehena. Jokalarien ahotan gaztelania izan zen nagusi, hitz egin zutenen artean gehienak kanpotarrak izan zirelako: Sergio, Bueno, Songo'o, Diego Rivas, De la Bella eta Griezmann. Euskaraz mintzatu zirenen artean, nabarmentzekoa Esnaolak Aitor Zabaleta oroitu zueneko unea. «Jende asko falta da, baina bat aipatu gabe ezin dut joan», erran zuen harrobiko jokalariak. Jarraian, han bildutako zaleak 1998an hil zuten Realeko jarraitzailearen izena abesten paratu zituen.
Azkenik, Foru Aldundian bukatu zituzten atzoko ospakizunak. Horiek izanen dira oraingoz azken ospakizunak, gaurko ekitaldiak bertan behera utzi baitituzte. Jokalariek Gipuzkoari herriz herri autobusean bira emateko asmoa zuten, baina eguraldi iragarpenen ondorioz ez egitea erabaki dute. Ekaitza eta kazkabarra iragarri dituzte gaurko.
OSPAKIZUNAK. Donostia bi koloretan
Igande arratseko ospakizunek segida izan zuten atzo. Realeko jokalariek Gipuzkoako hiriburua zeharkatu zuten autobusean, eta jende andana bildu zen haiei harrera egiteko. Gaurko ekitaldiak bertan behera gelditu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu