Jon Ansotegi. Realeko jokalaria

«Ostikada gehiago emateak ez digu lagunduko partidak irabazten»

Ligako lehen partidan Bartzelonaren aurka 5-1 galdu arren, Jon Ansotegik lasai egoteko eta konfiantza izateko eskatu die zaleei.

Donostia
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Bi egun iraun zion Bartzelonako zaputzak Jon Ansotegiri (Berriatua, Bizkaia, 1982), ez baitu uste neurketa bakar batetik ondorio sakonak ateratzea bidezkoa denik. Hori bai, futbolari beteranoenek txuri-urdinen aldagela barruan azken urteetan errepikatutako esaldia bere egin du: «Gure onena eman ezean, nekez aterako ditugu partidak aurrera». Eskarmentuaren akuilua da.

Camp Noukoa amaitutakoan zer entzun zenuen aldagela barruan?

Neurketak amaitu bezain pronto,oraindik bero zaudenez, galdu ala irabazi, ez dira izaten hitz egiteko unerik egokienak, bitan pentsatu gabeko gauzak esateko arriskua daukazulako. Hobe da lasaitzea, burua hoztea eta norberaren hausnarketa hurrengo entrenamendurako gordetzea. Hiru golen aldeaz galtzen ari ginenean ere bat eginik jarraitu genuen, inolako keinu itsusirik gabe gure artean, eta horri eutsiko diogu.

Puyolen golari buelta asko eman al dizkiozu?

Gol guztiek eragiten digute min berbera, batez ere lehenengoa bada. Korner hark atzera bueltarik ez daukan arren, konturatu behar duzu zertan egin duzun kale. Etxean hamabost egunez sartuta egonik, ez duzu ezer irabazten. Zubietara joan, irudiak aztertu eta jokaldiak landu, ez dago besterik.

Bigunegiak izan al zineten?

Kanpotik entzuten den kontua da hori. Batzuetan badirudi norbaiti hanka txikituz gero, nahiz eta 5-1 galdu, zurea egin duzula. Ez nator bat horrekin. Ziur jokaldi askotan gehiago egiteko modua bagenuela eta behar baino gehiagotan berandu iritsi ginela. Edonola ere, ostikada gehiago emateak ez digu lagunduko partida gehiago irabazten.

Eta talde osoaren defentsa lanak oldakorragoa izan beharko lukeela esanez gero?

Lehia bakar batetik ondorio sakonegiak ateratzeko joera dago. Ez gara zoratuko, ez ezkutatuko. Ez genuen taxuz bete gure lana, zer hobetua badaukagu, baina burua galdu gabe. Bartzelonakoa ez da adibiderik egokiena. Hala balitz, inor gutxik balioko luke futbolean aritzeko. Baina argi dago gure onena astez aste eman ezean nekez lortu ahal izango ditugula emaitza hobeak.

Halako emaitza baten ostean amorrazio biziagoz hartzen al da hurrengo lehia?

Ez dut uste hala behar lukeenik izan. Neurketa guztiak prestatzen dira zure onena eman eta irabazteko, inolako amorrazio berezirik gabe. Horrek askotan, mesede baino gehiago, kalte egin liezazuke, gainera.

Errebantxa hartzeko gogoa da orduan?

Bai. Emaitza kaskarra denean, hurrengo partida lehenbailehen iristeko desiratzen zaude.

Celtak lan bikaina egin zuen aurreko sasoian Bigarren Mailan. Zuek ere badakizue igoera batek zer-nolako bultzada ematen duen liga hasieran. Aurkaria animoz gainezka etortzea espero al duzue?

Futbolean laster ahazten dira kontu gehienak. Ziur askoz ere presenteago duzula igandean gertatua aurreko denboraldi osoko bizipenak baino. Denboraldi-aurre osoa igaro da, lehen jardunaldia ere bai, eta kirol honetan aldakorrak izan ohi dira sentipenak.

Realaren erronkak zein behar luke izan denboraldi honetan?

Helburu jakin bat jarriz gero, demagun bosgarren tokian amaitzea litzatekeela, eta azkenean zortzigarren geratuz gero, porrot egin dugun sentipena izango genuke, baina guztiz kontrakoa izan beharko luke. Edo mailari eusteaz arituz gero, bakarren batek gose falta leporatuko liguke. Ongi jokatzeaz ere hitz egin genezake, baina liga amaieran inor gutxik begiratzen dio horri. Ateratako puntu kopuruak eta eskuratutako postuak dute garrantzia. Hamaika erronka topa genezake. Esate baterako, gol gutxiago hartzea. Aurreko sasoian Osasunak zazpigarren amaitu zuen, guk baino gol gehiago hartuta, eta nik uste denok sinatuko genukeela toki horretan amaitzea, gol gehiago hartu arren. Horregatik diot sailkapenean ahalik eta gorenen amaitzea dela helburu nagusia.

Baloirik gabeko jarduna hobetzea al da horretarako gakoa?

Oreka topatzea da gakoa. Ez nituzke bereiziko erasoko eta defentsako lana; bat datoz. Bartzelonaren beraren inguruan, askoz gehiago hitz egiten da erasoan egiten duenaz, baloia berreskuratzeko lanaz baino, bikaina bada ere.

Montanierren inguruan aurreko denboraldiko kritika berberak entzuten dira lehen 90 minutuen ostean.

Egonkortasuna da talde batentzat dagoen gauzarik onena, baina horrek ez du arrakastarik.

Joan den denboraldiko aurreneko partidetako deialdietan ez zinen azaldu. Orain, berriz, hasierako hamaikakoan ekin diozu txapelketari. Entrenatzaileak bestelako zerbait eskatzen al dizu?

Ez, ez, gauza bera eskatzen dit. Askotan, gainera, zure barnetik atera behar duzu lan ona, entrenatzaileak ezer esan beharrik edo zure atzetik ibili gabe. Profesionalak garen heinean, argi izan behar dugu zerbaitegatik geratzen garela aulkian edo harmailetan; ingurukoak gu baino hobeto dabiltzalako eta ez entrenatzaileak norberaren kontrako zerbait duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.