Pilota

Ostiralean hasiko da Lau eta Erdiko Txapelketa, Agoitzen

Hamabi pilotarik jokatuko dute, eta horien artean bi ariko dira lehen aldiz: Iker Larrazabal Baikokoa eta Iker Salaberria Aspekoa. Azaroaren 19an jokatuko dute finala, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Nagusiki, Unai Laso faltako da; gutxienez abendura arte ez du jokatuko.

Pilotariak, aurkezpenean. Danel Elezkano falta da. JULEN ETXEBERRIA
Julen Etxeberria.
2023ko urriaren 3a
11:17
Entzun

Ohitura da jada. Masterseko finala jokatuta amaitzen da udako pilota denboraldia, eta jarraian hasi Eskuzko Pilota Enpresen Ligaren (EPEL) lau eta erdikoa. Ostiralean hasiko da, Agoitzen (Nafarroa), eta ia hilabete eta erdi iraungo du, azaroaren 19an jokatuko baitute finala, Bilbon, Bizkaia frontoian. Gaur goizean aurkeztu dute txapelketa, Bizkaia frontoian bertan. Hamabi pilotarik jokatuko dute berriro, enpresa bakoitzetik seik. Aspetik, Joseba Ezkurdia, Jokin Altuna, Aitor Elordi, Peio Etxeberria, Iker Salaberria eta Danel Elezkano (ez da aurkezpenean egon) arituko dira; Baikotik, berriz, Erik Jaka, Mikel Urrutikoetxea, Iñaki Artola, Jon Ander Peña, Iker Larrazabal eta Asier Agirre. Zazpigarren urtez jarraian, aurrelariak dira guztiak.

Pilotarien artean bi aldaketa daude azkeneko ekitaldiaren aldean: Baikon, Larrazabalek lehen aldiz jokatuko du maila nagusiko lau eta erdikoa. Enpresak denbora darama 21 urteko aurrelari amurrioarraren alde egiten. Horren erakusle da udako torneo garrantzitsu guztietan jarri duela. Horietan, kosta egin zaio nabarmentzea. Beraz, ikusteko dago nola moldatuko den txapelketa garrantzitsu batean. Gainera, bakarka sufritu izan du gehien. Adibidez, zortzi aldiz jokatu du lau eta erdian, zazpitan Promozio Mailako Txapelketan, eta behin maila nagusiko sanferminetako torneoan, eta behin bakarrik irabazi du. Ez dira estatistika onak, baina enpresak uste osoa du harengan.

«Oso pozik nago. Asko entrenatu naiz, baina pilotari oso onak daude txapelketa honetan. Ea ondo aritzen naizen, eta gozatu egiten dudan. Urduri nago, baina badakit lan ona egiteko lasai aritu behar dudala. Uda oso ondo etorri zait, lehen mailako partida asko jokatu baititut binaka. Baina oso bestelakoa da banaka aritzea; horretan hobetu behar dut gehien», esan du Larrazabalek. «Pausoz pauso» joan nahi du. «Lehenbizi, Eriken aurka jokatuko dut. Partida zaila da, hura oso ondo ari baita. Baina hari aurre egiteko baliabideak ditut».

Ezin da zuloa estali

Hura ari da betetzen Unai Lasoren hutsunea, baina zulo handia da hori; ezinezkoa da hura estaltzea. Bizkarreta-Gerendiaingoa (Nafarroa) osatzen ari da ekain erdialdean eskuin aldakan egin zioten ebakuntzaz. Gutxienez, abendu arte ez du berriz ere jokatuko. Beraz, ez da arituko lau eta erdikoan, eta binakakoaren aurreneko neurketak galduko lituzke. Udan sumatu egin da haren falta, eta lau eta erdikoan ere beste horrenbeste gertatuko da.

Aspen, berriz, Salaberria da berria. Larrazabalek bezala, hark ere lehen aldiz jokatuko du maila nagusiko lau eta erdikoa. 24 urteko aurrelari goizuetarra Promozio Mailako lau eta erdiko txapelduna da, baita azken bi urteetako buruz buruko txapeldunordea ere. Aurrerapausoa eman du, eta horren saria jaso du. Dario da azken lau eta erdikotik falta den bakarra, baina galdu egin zuen atarikoa, Elezkano II.aren kontra.

«Aukera polita eman dit enpresak; kontuan hartu du urtean zehar egin dudan lana. Ederra da hemen egotea, baina, orain, nire txanda da: ondo jokatu behar dut. Lehen Mailan aritzeagatik ez naiz zerura igoko; hemen, segituan jaitsarazten zaituzte. Uda txukuna egin dut, eta, orain, bete-betean prestatu nahi dut lau eta erdikoa. Ahalik eta ondoena aritzea da helburua», adierazi du Salaberriak. Argi du: «Oso gogorra» izango da Urrutikoetxearen aurkakoa. «Hemen ez dago herrenik. Ziur Mikelek oso ondo prestatu duela neurketa. %100 baino gehiago eman beharko dut irabazteko».

Ostiralean jokatuko dute final-zortzirenetako lehen partida, Agoitzen (21:15, ETB1): Artola eta Agirre ariko dira. Larunbatean, berriz, Jaka eta Larrazabal ariko dira, Laudion (Araba). Azkenik, igandean bi partida jokatuko dira, biak ere Tolosan (Gipuzkoa): Urrutikoetxea eta Salaberria ariko dira elkarren aurka horietako batean, eta Elezkano II.a eta Peña II.a, bestean.

Azken urteetako sistemari eutsi diote. Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Han izango dituzte zain lau zerrendaburuak, iazko lau eta erdikoaren lehen lau sailkatuak. Aspekoak dira laurak: Ezkurdia —azken txapelduna—, Altuna III.a, Elordi eta Peio Etxeberria, hurrenez hurren. Salaberria eta Urrutikoetxearen arteko irabazleak, eta Jaka eta Larrazabalen artekoak Ezkurdia eta Peio Etxeberria izango dituzte aurkari A multzoan; hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. Artola eta Agirreren arteko garaileak eta Elezkano II.a eta Peña II.aren artekoak, berriz, Altuna III.arekin eta Elordirekin ariko dira B multzoko ligaxkan.

Bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B-ko lehenak, A-ko bigarrenaren kontra. Azaroaren 4an eta 5ean jokatuko dituzte finalerdiak, eta irabazleek finala jokatuko dute bi aste geroago, 19an, Bilbon. Tartean dagoen igandean, 12an, hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka jokatuko dute.

Ezingo da partidarik atzeratu; final-zortzirenetan, final-laurdenetako ligaxkan eta finalerdietan, galdutzat emango zaio partida lesionatzen denari, eta haren aurkaria joko dute irabazletzat. Finala ere ez da atzeratuko, eta, iristen diren bi pilotarietako batek ezin badu jokatu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du.

Txapeldunaren motibazioa

Ezkurdiak irabazi zuen iaz txapela: Altuna III.ari nagusitu zitzaion Bilbon, aspaldiko finalik ikusgarrienean. Emaitza da horren erakusle: 22-21. Arbizuarrak uda ederra osatu du: Aste Nagusiko eta sanmateoetako torneoak, eta Martersa irabazi ditu. «Udako lan onari esker, ilusioz eta motibazioz ekingo diot lau eta erdikoari. Helburua ahalik eta gorena egotea da; azkeneraino aritzea txapela irabazteko borrokan. Bi aste ditut lehen partida prestatzeko. Lan fisikoa egiten aritu naiz; orain, aldiz, frontoian ere entrenatuko naiz. Gauza bakarra eskatzen dut: osasun ona izatea, sasoiko egotea eta eskuak ondo izatea».

Altuna III.ak ere uda ona osatu du, eta, urtean egindako lanari esker, irabazi egin du EPELen denboraldiko pilotari onenaren saria. Gaur eman diote saria. «Gogotsu» dago amezketarra. «Dena eman nahi dut, eta txapelketa ona egin. Txapela nahi dudan? Bai, noski, baina edonork irabaz dezake. Joseba ni bezain faboritoa da; hiru txapel ditu jadanik. Aitor, berriz, buruz buruko txapelduna da, eta iaz ikusgarri aritu zen lau eta erdian. Peiok, bestalde, edonoiz egin dezake finalerako jauzia. Baikon ere oso pilotari onak daude: Erik, Peña, Artola...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.