Arrauna

Otso asko daude gosetuta

Euskadiko Txapelketa jokatuko da gaur, Lekeition, eta gizonezkoetan hautagai asko dago. Emakumezkoetan, San Juan eta Orio dira faboritoak

Urdaibaiko eta Hondarribiko traineruak lehian, iazko txapelketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uztaileko estropadei gaur emango zaie amaiera, eta ikusgarria izan den hilabeteari lehiaketa handi batek emango dio amaiera: Euskadiko Traineru Txapelketa izango da gaur jokoan, Lekeition (12:00, ETB1). Orain arte, ligetako estropadak eta herrialdeko txapelketak izan dituzte arraunlariek, eta oso litekeena da gaurkoa orain arte ikusitakoaren segida izatea. Jarri mahai gainean ezaugarri batzuk denboraldi honetakoak, eta ia ziur horietako asko gaur ere azalduko direla.

Berdintasuna izan daiteke bat, eta horixe espero da gizonezkoetan. Urdaibaik bederatzi aldiz irabazi du, Eusko Label ligako eta Bizkaiko txapelketako hamabi estropadak kontuan hartuta. Horrek ematen dio faborito izaera indartsua, baina ez dauzka atzean, ezta gutxiago ere, Hondarribia, Zierbena eta Orio. Gipuzkoarrek muturra sartu diote Urdaibairi uda honetan, eta Zierbenak ere bai, nahiz eta garaipenik ez duen bakarra den gaur ohorezko txandan ariko den laukotean.

Iñaki Goikoetxeak (Lekeitio, Bizkaia, 1987), Urdaibaiko arraunlariak, ondo asko daki estu joango dela gaurkoa ere: «Oso berdindua izango dela iruditzen zait, eta aurkariak ez zaizkigu faltako iazko titulua berriz lortzeko saialdian». Ohorezko txandan alboan izango dituzten hirurak zerrendatu ditu: «Zierbenarekin, kontuz. Eusko Label ligan bete behar duen araudia ez dauka zertan bete gaur, eta daukan talde onena ateratzeko modua izango du. Hondarribia ari gara ikusten nola dabilen, oso erregular, oso maila handian. Oriok ere aldaketak egin zituen herenegun, ligako estropadan, eta horrek esan nahi du intentzioarekin azalduko dela gaur».

Urdaibai bera ere hizpide izan du Goikoetxeak: «Ezer ez uztera aterako gara, den-dena ematera. Guretzat denboraldiko helburu handietako bat da Euskadiko Txapelketa irabaztea. Ez badugu lortzen, bete gabeko helburu bat izango da».

Lekeitiarra izanik, ederki asko ezagutzen du eremua. Haizearen norabidea aipatu du aldagai garrantzitsu moduan: «Itsaso pixka bat dago emanda, metro eta gutxiko olatuak. Ikuskizuna sorraraziko dute. Haizeak nondik jo, horrek sortuko du kaleen arteko aldea». Atzo eguerdi partean izan zen eremua ikusten, eta asteburuan bertan ikusitakoarekin egin du alderaketa: «Larunbatean egon nintzen KAE 1 ligako estropada ikusten. Jendeak uste duenaren kontra, eremu honetan laugarren kaletik oso ondo egin zuten barrurako luzea traineruek».

Estropadaren joanak argituko ditu misterioak: kaleen balizko aldeak, haizearen, olatuen eta ur-lasterren eragina eta abar. Misterio gutxi duena da Urdaibai egiten ari den sasoi zoragarria: «Ia perfektu gabiltza, baina ezin dugu lo hartu, aurkariak oso onak direlako eta gainean ditugulako; baita aurretik ere estropada batzuetan». Eusko Label liga ondo bideratua dutela onartu du, hamaika punturen aldea ateratzen baitiote Hondarribiari, bigarren sailkatuari. Baina azkar esan du oraindik ez dutela ezer irabazia: «Eskura dugun edo ez, ez dakit, baina ez dut nahi esku artean ezer gabe geratu traineru denboraldia amaitzen denean». Bizkaiko txapelketa eta ligako zazpi bandera badituzte oraingoz. Euskadikoa gaur irabaziz gero, zazpigarrena luke Bermeoko taldeak palmaresean.

San Juan, eta iazko arantza

Hirugarren aldiz nahi du irabazi Euskadiko Txapelketa San Juanek, eta emakumezkoetan palmaresean goi-goian jarriko litzateke horrela, Getaria-Tolosarekin berdinduta. Bide batez, iazko arantza atera nahi du, Onintza Olaizola (Zarautz, Gipuzkoa, 1994) arraunlariak azaldu duenez: «Hibaikak irabazi zuen, oso gutxigatik, eta talde barruan entzun diet taldekideei badutela gogoa iaz irabazi ez izanaren pena hori gozatzeko».

Olaizola ez zegoen taldean iaz: «Orion eta Zarautzen ibili ondoren, urte batzuen buruan itzuli naiz arraunera. San Juanek deitu, eta aukera ona zela pentsatu nuen».

Bai asmatu ere, irabazi eta irabazi ari baita taldea:«Esperientzia berriak dira niretzat, eta oso poziknago». Gaur irabaziko balu, aurreneko Euskadiko Txapelketa luke. Badaki Orio izango dutela kontrario: «Talde oso ona dauka, eta gainean ditugu. Hobetzeko aukera dutela diote, eta guk ere hala dugu. Gauza batzuk ondu ditzakegu oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.