Lehoien arteko borroka ikusiko da gaur Jose Alvalade futbol zelaian. Alde batean, Bilbokoak egongo dira, zuri-gorriak. Bestean, Lisboakoak, zuri-berdeak. Bi lehoi taldeek helburu bera dute: Europako Ligako finalerako sailkatzea. Bada zerbait.
Asko dute jokoan Sporting Lisboak eta Athleticek. Lehoiak izan arren, bi taldeen ibilbide luzean sekula ez dute izan sari nagusiak lortzeko borrokan egoteko aukera handirik. Bi taldeak izan dira lehiakorrak euren esparruan. Bai Sporting Lisboak, bai Athleticek garaipen zerrenda polita dute euren txapelketetan: 44 titulu ditu Lisboako taldeak, eta 33 Bilbokoak. Baina etxe ingurutik irtetea egokitu zaienean zailtasun gehiago izan dute garaipen sonaturen bat lortzeko. Athletic, adibidez, bigarrenez sailkatu da Europako lehiaketa bateko finalerdietarako —1976-1977 sasoian, UEFA kopako finala galdu zuen Juventusen aurka—. Sporting Lisboa, berriz, ohituago dago konpromiso handiko norgehiagokak jokatzera, besteak beste bere ligan askoz errazagoa delako Europan lehiatzeko txartela eskuratzea. Bosgarren aldiz dago finalaren atarian. Orain zazpi urte iritsi zen azken aldiz finalerdietara. Orduan, UEFA kopako finala jokatu zuen, CSKA Moskuren aurka (1-3 galdu zuen).
Antzekotasun handiak dituzten talde bi dira Sporting Lisboa eta Athletic. Bi taldeei deitzen diete lehoiak. Baina, horretaz gain, askoz ere sakonagoak eta garrantzitsuak diren parekotasunak dituzte. Historiari gainbegiratu bat eginez gero, esan daiteke bi taldeak euren ligetan loratsuenen artean hirugarrenak direla. Titulu kopuruetan Real Madril eta Bartzelona ditu aurretik Athleticek. Egun, berriz, aipatutako talde biez gain, Valentzia, Sevilla eta Atletico Madril ditu aurretik. Talde horiek zuri-gorriek baino emaitza hobeak eskuratu dituzte azken denboraldiotan. Erregularragoak dira. Marcelo Bielsak entrenatzen duen jokalari multzoaren asmoetako bat da galdutako estatus hori berreskuratzea. Zuri-gorrien aurkaria ere Portugalgo hirugarren talde nagusia dela esan daiteke. Beti egon da Portoren eta Benficaren itzalean. Eta, orain, Sporting Bragari aurrea hartzeko ditu lanak.
Bestalde, ezin da ahaztu harrobia ondo zaindu duten talde bi direla ere. Athleticen oinarri nagusia Lezamako lana da. Eta etxean behar duena aurkitzen ez duenean inguruko taldeetatik fitxatzen ahalegintzen da. Bizkaitarren antzera egiten dute lan Lisboako lehoiek. Gazteekin egin duten lanaz ohartzeko, nahikoa da hango harrobiak eman dituen zenbait jokalari gogora ekartzea: Figo, Cristiano Ronaldo eta Nani, besteak beste.
Egun Sporting Lisboak ez du izen handiko futbolaririk. Taldearen bizkarrezurra osatzen duten futbolariak talde hobeetan lekurik izan ez duten futbolariz dago osatua: Diego Capelek Sevilla utzi behar izan zuen bere kirol ibilbideari beste bultzada bat emateko; Jeffrenek ere ez zuen lekurik Bartzelona ahalguztidunean, eta ezker hegaleko espainiarraren bide bera hartu behar izan zuen; Matias Fernandez txiletarra Vila-realen aritu zen. Taldearen sasoirik loratsuena bizitzea egokitu zitzaion, eta ezin izan zuen Pires, Cazorla eta enparauen ondoan lekua egin. Portugalen ari da erakusten Vila-realen utzi ez ziotena; Insua Liverpooletik, Elias Atletico Madriletik eta Onyewu Milanetik antzeko egoeran fitxatu zituen Sporting Lisboak. Ez da hori taldeko golegile nagusiaren kasua: Ricky van Wolfswinkel 23 urteko aurrelari herbeheretarra behetik gorako bidea egiten ari da. Guztien artean talde txukuna egitea lortu dute.
Ricardo Sa Pintok dauka taldea zuzentzeko ardura. Eta ezin daiteke esan lan txarra egiten ari denik gorengo mailako talde bat zuzentzeko aukera eman dioten lehen aldian. Otsailean hartu zuen Sportingen ardura, taldea denboraldi hasierako aurreikuspenak betetzetik urrun zegoela. Defentsako lan sendoari eta erasoko futbolariei euren talentua azaleratzeko emandako askatasunari esker talde lehiakorra egin du Sporting Lisboak. Edozein egoeratan lortzea zaila dena kirol esparruarekin zerikusirik ez duten arazoei aurre eginda ari da lortzen Realeko jokalari izandakoa. Portugalgo Kopako partida batean marrazain bati 2.000 euro ordaindu izana egotzi diote klubeko lehendakariordea izan denari. Hori gutxi balitz bezala, Sa Pintok berak arazoak omen ditu Portugalgo Ogasunarekin. Hala ere, ondo ari dira lehiatzen.
Beraz, inor ez dadila Sporting-ez fio. Bielsak futbol munduan miresmena sortzen duelako, Athleticek lan ona egin duelako, aurkariak arazo instituzionalak dituelako... badirudi zuri-gorriak direla aurrera egiteko hautagai nagusiak. Bada, hala pentsatzen dutenei gogoratu beharko zaie besteak beste Manchester City ahaltsua kanporatzeko gai izan zela Sporting —1-0 irabazi zion Lisboan, eta 3-2 galdu zuen Manchesterren—. Bestalde, etxean jokatu dituen Europako Ligako zortzi partidak irabazteko gai izan dela ere aintzat hartu beharrekoa kontua da. Beraz, beldurra ematen duten estatistika horiek apurtzeko, lan ona egin beharko du Athleticek. Zuri-gorriek txispa apur bat galdu dute azken asteotan, baina ondo lehiatzen ari dira. Gaurko neurketarako Ekizak hartuko du Javi Martinezen lekua, Aiegikoak partida bateko zigorra bete behar baitu. Muniainek, berriz, handituta dauka begi bat, baina jokatu egingo du ziurrenik.
Futbola. Europako Ligako finalerdiak: Sporting Lisboa-Athletic
Ozenago egin gura du orro
Europako lehiaketa batean bigarrenez final bat jokatzeko azken-aurreko pausoa egin gura du gaur Athleticek LisboanSporting indartsua da etxean; Europako Ligan jokatutako zortzi partidak irabazi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu