Palaren egitasmo berria, Innpalaren eskutik

Miribillan jokatuko dituzte aurrerantzean pala partida guztiak, eta, tenisean bezala, set sistema erabiliko dute

jon eskudero
Donostia
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Burua uretatik atera eta arnasa berria hartu nahian, palak egitasmo berria aurkeztu zuen atzo Miribillako prentsa aretoan. Aurrerantzean Innpala enpresaren esku egongo dira pala jaialdiak, eta partida guztiak Bilboko pilotalekuan jokatuko dira. Innpalak orain artean Asfedebik bete duen zeregina hartuko du, egoera hobetzeko asmoarekin. Deportivoko aroa amaituta, bide berri bati ekitea da helburu nagusia. Hain zuzen ere, erreminta jokoa indartuko duen bideari.

Innpalak hainbat berritasun ipiniko ditu jokoan, betiere modalitateari ikusgarritasuna emateko xedearekin. Aurki hasiko den binakako ligan, esaterako, set sitema erabiliko dute, tenisean gertatzen den antzera. Partida guztiak hamar tantoko bost setekoak izango dira. Hala, neurketek emozio handiagoa izan dezakete.

Binakako Liga hilaren 21ean hasiko da, eta koadroko palistarik onenek hartuko dute parte. Guztira zortzi bikote lehiatuko dira. Guztien artean ligaxka jokatuko dute, itzuli batera, eta lau onenek soilik lortuko dute finalerdietara pasatzea. Lau horietatik bi sailkatuko dira final handirako. Neurketa hori abenduaren 20an izango da.

Zortzi bikote hauek jokatuko dute txapelketa: Gaubeka-Larrinaga, Fusto-Garma, Ziskar-Beldarrain, Urkijo-Ibargarai, Aldadill-Aierbe, Zarraga-Imanol, Garma-Galan eta Zulaika-Lujan. Hemezortzi pilotarik osatuko dute koadroa, aipaturiko hamasei horiek eta bi ordezkoek: Oiartzabalek eta Lejarzegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.