Palaren egun handia

Gaubekak eta Ibai Perezek buruz buruko finala jokatuko dute bihar, Bilbon. Aurrelariak Insaustiren marka berdin dezake: zazpi txapela

Ibai Perez eta Esteban Gaubeka, joan den asteartean, Miribillan, finalerako pilota aukeraketan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Palak itzalpean egiten du ia urte osoa. Egun bakarrean egiten du argi pixka bat: buruz buruko finalaren egunean. Bada, bihar da eguna. Esteban Gaubekak (Armintza, Bizkaia, 1977) eta Ibai Perezek (Sestao, Bizkaia, 1990) banakakoaren txapela izango dute jokoan, Bilbon, Miribilla frontoian. 17:00etan hasiko da finala, eta Innpala enpresaren eta Bizkaia pilotalekuaren Facebookean ikusi ahal izango da zuzenean.

Kontrasteen finala izango da. Alde handia dago Gaubekaren eta Ibai Perezen kirol ibilbideei erreparatuta. Aurrelariak bederatzigarren finala du biharkoa, eta zazpigarren txapela irabazten saiatuko da. Hori eginda, Oscar Insaustiren marka berdinduko luke. Aurrelari iruindarrak zazpi txapel irabazi zituen jarraian 1995etik 2002ra —1997an ez zen jokatu txapelketa—, eta urtebete eskas geroago erretiratu zen. Sekulako marka da, baina balentria horren parekoa lor dezake armintzarrak. Izan ere, duela hamazazpi urte jantzi zuen aurrenekoz txapela, 2004an. Beraz, hogei urte egiteko bidean da punta-puntan. Estreinako txapel horri beste bost gehitu dizkio: 2005ekoa, 2010ekoa, 2018koa eta azken bi urteetakoa; gainera, hirugarrenez segidan jokatuko du finala. «Ohorea litzateke Insaustiren marka berdintzea, eredu izan baita niretzat. Oso zaila iruditzen zitzaidan haren markara iristea, baina, zorionez, oso ondo joan zait dena, eta punta-puntan eustea lortu dut».

Ibai Perez, ordea, bigarren txapela irabazten saiatuko da, haren bigarren finalean. 2017an irabazi zuen buruz burukoa, finalean Xabier Ibargarairi nagusituta. Agerikoa da atzelari sestaoarrak Gaubekak baino garaipen zerrenda apalagoa duela, baina meritu galanta du hark ere: zazpi urte besterik ez daramatza palan, profesionaletan. Aurretik, urtebete pasatxo izan zen esku huskako pilotari profesionala, Asperekin. Baina eskuko arazoek palara eraman zuten, eta erremintak sekulako oparia jaso zuen. «Oso pozik nago berriro beste final bat jokatzeko aukera dudalako».

«Oso bestelako partida»

Duela astebete eskas jokatu zuten elkarren aurka, finalerdietako ligaxkako azkeneko jardunaldian. Gaubekak irabazi zuen (3-2), baina jokatu aurretik sailkatuta zeuden biak finalerako. Horregatik, «oso argi» dute finala «oso bestelakoa» izango dela. «Intentsoagoa izango da, biek emango baitugu barruan daukagun guztia eta gehiago. Gero eta zailagoa da Ibairi irabaztea. Ezker fina izan du beti, baina orain eskuinarekin ere gogor jotzen du. Gainera, oso ondo sakatzen du. Asmatu egin beharko dut, menpean har ez nazan. Iaz baino koska bat beherago ari naiz, baina badakit barruan jokoa dudala, eta espero dut finalean ateratzea», dio Gaubekak.

Ibai Perezek, berriz, uste du «partida bizia» izango dela. «Azkeneko partidan baino piloteo gutxiago egongo da. Biok azkar bukatu nahiko dugu tantoa. Funtsezkoa izango da sakearekin asmatzea, dominatzen hasteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.