Palaura doan beste bat

Tibor Pleiss da urte hauetan Laboral Kutxa utzi eta Bartzelonara joango den seigarren jokalaria.Baskoniako pibot onena izan da azken sasoian

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tibor Pleiss izango da Laboral Kutxa utzi eta Bartzelonarako bidea egingo duen hurrengo jokalaria. Baieztapen ofiziala falta da, baina negoziazioetan norabide aldaketa izugarririk egon ezean, gaur edo bihar iritsiko da. Iragan sasoian Baskoniako jokalari onena izan zenak ACB ligako txapelduna, are gehiago, indartuko du. Dena den, ez da bide hori egin duen aurrenekoa, urte hauetan beste bost jokalarik utzi baitute Gasteiz Palau Blaugaranan jokatzeko.

Pete Mickeal izan zen Laboral Kutxak eta Bartzelonak urte hauetan izan duten harreman ona baliatu zuen aurrenekoa (2009). Bi urte geroago, bide bera egin zuen Marcelinho Huertasek. Gero joan zen Brad Oleson, 2013ko neguan —milioi euro baten truke—. Iragan sasoian, berriz, Macej Lampe eta Joey Dorsey iritsi ziren Bartzelonara. Lampek zor zion dirua barkatu zion Baskoniari, eta Dorseyk sasoia Olimpiakosen bukatu ondoren. Aurretik, Roko Ukic eta Ramon Rivasek ere aldatu zuten Gasteiz Bartzelonarekin. Bai eta Dusko Ivanovic eta Manel Comas entrenatzaileek ere.

Pleiss izango da hurrengoa ondo bidean, eta Dorsey ordezkatzeko fitxatu du Bartzelonak. Prezio berean, bada, irabazten irten da Kataluniako taldea. Pleiss, Nocionirekin batera, Laboral Kutxako jokalaririk onena izan zen iragan sasoian. 2,16 metroko pibotak 13 puntu sartu zituen partidako ACB Ligan, eta bost aldiz eskuratuzuen jardunaldiko jokalari onenaren saria. Guztira, balorazio onena pilatu zuen ligako bigarren jokalaria izan zen, Justin Doellmanen atzetik. Euroligan ere antzeko batez besteko estatistikak lortu zituen: 12 puntu eta bost errebote baino gehiago. ACB ligako pibot petorik onena izan zen, eta Euroligako onenetarikoa. 24 urterekin, bere ibilbideko unerik onenean dago.

Laboral Kutxak bazekien Pleiss mantentzea ia ezinezkoa zela, baina bazirudien NBAra joango zela, Oklahomara. Alemaniako prentsan zabaldu denez, baina, NBAko eskaintzak ez du Pleiss asebete eta Europan jarraitzea erabaki du. Orduan hasi zen Bartzelona lanean, Zurbaoko bulegoetara hots eginez. Hein handi batean, logikoa da jokalari askok bide hori egitea, orain arte gutxi baitziren Baskoniak baino baldintza hobeak eskaini zitzaketen taldeak.

Trukean, dirua

Akordioa ixteke dago, Bartzelonak ordainduko duena da azken hari soltea —500.000 euro inguru— eta Pleissek iragan sasoiko soldataren zati bat barka diezaioke Baskoniari. Bide batez, pibotaren milioi bat euro inguruko soldata aurreztuko du. Baskoniak askotan egindako negozioa da, gazte bat fitxatu, trebatu, eta saldu. Era berean aurkari zuzen bat indartu du, eta taldeko erreferentzia nagusietakoa galdu.

Taldeak fitxatu egin behar du, baina badirudi lehentasuna zama kentzea dela. Oraindik ofizial egiteke dago Sergio Scarioloren kontratu etetea Marco Crespi aurkezteko. David Jelineken kontratua eten zuen, eta Walter Hodgek ere zail du jarraitzea. Adam Hanga eskaintzen ari dira. Soldata handia, baina, traba handia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.