Lurreko paradisua omen da Cadiz. Asko dira zerua hatz puntekin eduki dutenak, hondartza bukaezin bateko tabernako sofan botata, ilunabar ederrari so, eskuan trago gozoa eta alboan gustuko konpainia dutela. Realeko jokalariak eta zaleak ere gustura joango lirateke oporretara, baina sufrimendua ez da bukatu. Azken ahalegina baino ez zaie falta, hori bai. Gaur irabaztea da gakoa. Lortzen baldin badute eta gainerako taldeen emaitzak aldekoak baldin badira, helburua eskuan izango du Realak. Aurkariek beren lana egiten badute ere, Cadizen irabazteak paradisuaren ateak parez pare irekiko lituzke; Anoetan Celtari irabazi eta igoera etxean ospatzeko aukera emango lioke.
Realak berea egin behar du
Asteburu honetan igotzeko kontuak garbi daude: hiru puntuak lortzea da derrigorrezko abiapuntua. Alegia, Realak berea egitea. Ondoren, bi aukera leudeke. Betisek Numantziaren aurka berdindu edo galtzea da bata. Bihotzean daraman taldeari mesede aparta egiteko aukera du Gonzalo Arkonadak. Minduta dago, jokalari gazteei aukera emateagatik bere profesionaltasuna zalantzan jarri dutelako jaisteko borrokan dauden zenbait taldetako arduradunek, eta litekeena da Betisen aurkako partidan motibazio berezia izatea.
Bigarren aukerak zailagoa dirudi. Real Unionek Levanteri irabazi beharko dio bihar Galen, eta Cartagena eta Herculesen artekoan berdinketarik ez egotea da bigarren baldintza. Irundarrek nola edo hala saihestu nahi dute jaitsiera, eta argi dago haiek ere dena emago dutela. Hala ere, protagonista nagusia Reala da, bere patuaren jabe delako, baina baita irabazten ez badu gauzak asko estutu daitezkeelako ere. Lau puntuko alde horrek urrearen balioa du, aurkariek ez bezala, huts egiteko aukera ematen diolako. Hori bai, zeruaren eta infernuaren arteko muga oso lausoa da, amodioa eta gorrotoaren artekoaren gisakoa. Berdindu edo galduz gero, Celtaren aurkako norgehiagoka hil edo biziko bilaka daiteke.
Cadiz mendean hartzea ez da erraza izango. Hori dio estatistikak behintzat. Realak ez du behin ere irabazi Ramon de Carranzan. Hamahiru norgehiagoketan, zazpi berdinketa eta sei porrot pilatu ditu. Beroak eta jarraitzaileen izaera grinatsuak eragina dute jokoan. Baita berdeguneak ere. Belarra zegoenean, altuegi zegoelako, eta ez zegoenean, ez zegoelako, kontua da Reala gutxitan sentitu dela eroso bertan. Beste horrenbeste gertatzen ari zaio aurten Espainia hegoaldean jokatutako partidetan. Azken bi denboraldietan ez bezala, jokatutako guztiak galdu ditu bertan, tartean denboraldiko norgehiagoka eskasenak eginda, Huelvan eta Kordoban.
Orain arte egindakoak, ordea, ez du ezertarako balio. Taldeak bederatzi partida damaratza etxetik kanpo irabazi gabe, alegia, bigarren itzuli osoa, baina horretan pentsatzeak ere ez du inongo zentzurik, arrazoi askorengatik. Hasteko eta behin, iragana delako. Bigarrenik, Anoetan emandako maila onari esker, lidergoari eustea lortu duelako. Eta hirugarrenik, azkenaldian jokoan hobera egin duelako, hiru puntuak lortzeko gai izan ez bada ere. Sevillan eta Cartagenan duintasunez egin zien aurre bi aurkari zuzenei, oso baldintza zailetan eta presiopean, gaur bezala. Irunen, berriz, norgehiagoka gorabeheratsuagoa izan zuen erritmo aldetik, baina garaipena ez zuen urruti eduki.
Vila-real Bren aurka egin zuen partidari ere ez zaio behar adina meriturik eman. Valentziarren tiki-takarekin txora-txora eginda gelditu ziren hainbat zale, baina azpimarratzekoa da bigarren zatian kastari helduta Realak lehia nola aldatu zuen. Orduko hamaikakoarekin alderatuta, ez da aldaketa handirik espero. Carlos Martinezek zigorra bete du, eta jokatzeko moduan dago. Ustekabe handi samarra izango litzateke Lasartek Mikel Gonzalez eskuinean mantentzea. Aurrealdean, berriz, Buenok gol aukera garbiak huts egin zituen, baina une honetan Agirretxek ez duen lehiakortasun puntu bat ematen dio taldeari.
Zelai erdian gauzak ez daude hain garbi. Griezmanni denboraldi hasierako txispa eta freskotasuna falta zaizkio azkenaldian, eta ezin da baztertu Nsuek hura ordezkatzea. Lehia gogorra espero da fisikoki, eta Elustondo titular izatea da beste aukera bat, Zurutuzaren kaltetan. Markelek eta Songo'ok ezingo dute jokatu, zuntz haustura baten erruz elgoibartarrak, eta kolpe bategatik kamerundarrak. Hala ere, Martin Lasartek jokalari guztiak eraman ditu Cadizera, deialditik kanpo erabaki teknikoz gelditu direnak barne: Viguera, Esnaola eta Jonathan. Erabaki egokia da, taldeak urte osoan erakutsitako batasunaren isla, hain justu.
############
Realaren aukerak
1. Gaur igoko da. Cadizi irabazi, eta Betisek etxean Numantziari irabazten ez badio.2. Bihar igoko da. Cadizi irabazten badio, Levantek Irunen galtzen badu, eta Cartagenak Herculesi irabazten badio.
3. Ziur igoko da. Gelditzen diren hiru partidetan bost puntu pilatzen baditu.
############
############
Ramon de Carranzan mila zale txuri-urdin izango dira gaur taldeari babesa ematen
Gaurkoan ere, Realak aldamenean izango ditu bere jarraitzaileak. Kolore txuri-urdinik ez da faltako Ramon de Carranzan. Ez da Huesca, Salamanca edo Irungo bidaietan bezain ugaria izango, Cadizek 600 sarrera inguru baizik ez baititu jarri Realaren esku. Lehia erabakigarria da andaluziarrentzat ere, eta, gainera, ohi baino leku gutxiago dago estadioan, harmaila oso bat berritzen ari baitira. Lehia handia egon da sarrerak lortzeko, eta Cadizerainoko autobus bidaia neketsuari ekin zioten bart ehunka ausartek: 1.100 kilometro, guztira. Erosoago joango dira Luis Garcia lagunarteak antolatutako hegazkinean doazenak. Realak Andaluzian dituen bi lagunarte nagusiek egingo diete guztiei harrera: El Sur eta Nazarena-k. Beren kabuz mugitu direnak batuta, guztira 1.000 zale espero dira, gutxi gorabehera. Mila arrazoi irabazteko.############