Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Paretan gora, sokarik gabe

Joaquim Rodriguezek indar erakustaldia eman du Vueltako bosgarren etapan, Valdepeñas de Jaengo azken paretan goraIgor Anton ezinean ibili da berriz ere, eta Rodriguezen aldean 57 segundo galdu ditu

unai zubeldia
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Orekaren soka eten zuen atzo Joaquim Rodriguezek (Katuxa). %27ko batez besteko aldapa daukan pareta batean nola den posible erritmoa horrela aldatzea? Berak bakarrik daki hori. Vincenzo Nibali (Liquigas) gorputza bere onera ekarri ezinik ibiliko da oraindik. Kataluniarrak leherketa eragin zuen Valdepeñas de Jaengo azken pareta beldurgarrian, eta italiarra, harro, haren gurpilari eusten saiatu zen arren, ito egin zen azkenean. Orekarik gabe, soka etenda, 11 segundoko galera azkenean —20 segundoko gainsaria gehituta, minutu erdia pasatxo, kilometro bateko aldapan—. Eskalatzaileek soka erabiltzen dute askotan segurtasun neurri gisa, baina Rodriguez orekaren soka hori etenda dabil Vueltaren hasiera honetan.

Hori bai, soka erabat etenda, Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) dabil. Non geratu zen atzo? Urruti, oso urruti. Valdepeñas bigarren mailako mendatean ezinean ibili zen galdakoztarra, eta, behin herrian sartuta, ez zen gai izan erritmo aldaketa bakar bati ere erantzuteko. Nahikoa zuen helmugara iristearekin. Beste 57 segundoko galera pilatu zuen helmugan, eta dagoeneko 3.10 minutura dauka Sylvain Chavanel liderra (Quick Step) —ozta-ozta, baina maillot gorriari eusteko gai izan zen—. 2.47ra dauka jada Rodriguez; 2.37ra Nibali; 2.26ra Jurgen Van den Broeck (Omega Pharma-Lotto)... Denbora galera baino kezkagarriagoa da, hala ere, ematen ari den itxura. Gorputzari buelta ematea lortuz gero, etapen lehian sartzeko aukera izango du, baina izugarri ari da sufritzen 40 laguneko taldetxoari eusteko.

Beste muturrean dabiltza Haimar Zubeldia (RadioShack) eta Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi). Usurbildarra fin iritsi da Vueltara, eta atzo seigarren postuan helmugaratu zen, zortzi segundora, beretzat batere aproposa ez zen amaieran. Rodriguezengandik 32 segundora dago sailkapen nagusian. Nieve, berriz, 34 segundora dago sailkapen nagusian.

Ubeda eta Kordoba artean, 193,4 kilometro dauzka gaurko etapak, eta Catorce por Ciento bigarren mailako mendatea igo beharko dute helmugara iristeko 21 kilometro eskas falta direnean. Michael Albasini (Highroad), Angel Madrazo (Movistar) eta Johannes Frohlinger (Skil-Shimano) atzo saiatu ziren ihesean, baina gaurkoa aproposagoa da, agian, arrakasta lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.