Saralegi 13. Retegi Bi 22

Paretaren babesean

Retegi Bik botera serio jokatuta eta gogotik lan eginda eman dio buelta aurkako 11-4koari, eta ligaxkan sartu da

Julen Retegi pilota astintzen, atzo Tolosako Beotibar pilotalekuan jokaturiko partidan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Iraupena. 55:26.

Pilotakadak. 295.

Saketik. Saralegik falta bat; eta Retegi Bik, lau.

Lau t'erdiko pasak. Retegik bat.

Markagailua. 4-0, 4-1, 5-1, 5-3, 10-3, 10-4, 11-4, 11-7, 12-7, 12-8, 12-12, 12-14, 13-14 eta 13-22.

Bestelakoak. Sarreta polita Tolosako Beotibar pilotalekuan, 450 ikusle inguru. Apustuak parean irten ziren, Retegiren aldeko joerarekin.

Ez zen lore jokotarako eguna. Julen Retegik bere burua zazpi tanto atzetik ikusi zuenean iritsi zen ondorio horretara. Txalo uzta beste baterako utzi behar zuen eta, atzo, eraginkortasuna lehenetsi. Aurkako 11-4koari buelta eman zion, botera eta serio jokatuz. Dejada bakan bat, eta gantxorik ez. Pareta bilatuz jokatu zuen, pareta, pareta eta pareta. Hor zuen zuloa Saralegik. Partidako lehen ordu erdian Amezketakoa izan zen ikuskizuna eman zuena, ezkerrez bereziki. Dotore eta zehatz, baina erdialdetik Retegi gehiago izan zen. Gustuko pilotarekin 18-2ko partziala kateatu zuen, eta oso itxura ona eman. Final-laurdenetako ligaxkan ustekabekoa eman dezake.

Partida polita izan zen Tolosakoa, eginiko tanto asko eta huts gutxikoa. Entretenigarria, eta bildutako pilotazale ugariek ordubete atsegina pasatu zuten. Bi zati oso desberdin izan zituen. Aurrenekoa, lehiatua, eta Saralegik gozatua eman zien ikusleei. Beotibar ez zen izan alderdikeriarik gabea: argi eta garbi, Amezketakoaren alde zegoen. Ondo jokatuz piztu zituen ikusleak, eta hasi eta berehala tartetxoa ireki zuen (7-3). Ezker airez jokatuz artista hutsa dela erakutsi zuen berriro.

Botera ere min egin zion Saralegik, kontraoina bilatuz. Pilota gutxi irteten zen frontisetik, eta, motz-motzean, gipuzkoarrak meritu handiko pilotak altxatu zituen defentsan. Arriskatu, eta ia dena irten zitzaion. Dena den, ez zen lan samurra izaten ari, ordurako 200 pilotakada joak baitzituzten, baina Saralegi tratua hobeto eusten ari zela zirudien.

18-2ko partziala

Aurkariaren huts batek sakea eman zion Retegiri, eta saskian zuen bote handiko pilota atera zuen. Saralegik esana zuen ez zitzaiola gustatzen, eta atzoko partidaren ondoren errepikatu zuen. Dotore jokatu zuen halere, adierazpenak entzutean pilotariak kritika gogorrago bat egiteko nahia irentsi zuela zirudielako.

Retegik mahoizko galtzak jantzi zituen, eta lanean hasi zen. Hain pilota biziarekin ez zen erraza frontisetik gertu airez sartzea, eta botera agindu zuen. Saketik ere min handia egin zuen. Lau tanto lortu zituen lehen pilotakadarekin, eta abantaila handia zen Saralegi behartzea piloteoak seigarren koadrotik hastera. Ez ziren tanto luzeak izan, eta Retegi tartea murriztuz joan zen. Hamabina berdindu zuen lehenbizi, eta 12-14kora arte joan zen, pasa batek bolada hautsi zion arte.

Saralegi etsita zegoen, eta indarrez justuago. Hainbeste kostata lorturiko errentak minutu gutxi batzuetan nola ihes egiten zion ikusi zuen. Sakea ez zuen baliatu, eta Retegik aurreko pilota bera atera zuen. Amezketarraren keinuek agerian uzten zuten ez zitzaiola pilota hura gustatzen. Retegik jarraian egin zituen bukaera artekoak: Saralegiren hutsa, doi-doi iritsi zen dejada, bi sake jarraian... Partida irabazia zuen. Azken bi tantoak Saralegiren hutsak izan ziren, eta azkena, adierazgarria: hormabikoa egiten saiatu eta ezker pareta jo zuen bakarrik.

Bestalde, jaialdiko aurreneko partidan, Mikel Olazabalek 22-5 irabazi zion Jon Apezetxeari 2. Mailako txapelketako partidan. Zilarrezko txapelketako final-laurdenetako ligaxketako bigarren jardunaldiko partidak hurrengo asteburuan jokatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.