Urterik onenak Realean eta Deportivon eman zituen Alberto Albistegik (Eibar, Gipuzkoa, 1964). Talde gizona zen, jokalari serioa, langilea eta diziplinatua. Realekoa du bihotza, baina Deportivo ere talde kutuna du, eta ez du pronostiko garbirik astelehenean jokatuko duten partidarako, BERRIAri azaldu dionez. «Azken jardunalditan asko egin du hobera Deportivok defentsan, eta ofizio handiagoarekin ari da jokatzen. Reala solteago ikusten dut, alai eta joko onarekin. Golik badago, lehen golak baldintzatuko du jokoaren garapena, nire ustez, indarrez paretsu ikusten baititut. Deportivok oso ondo gordetzen du abantaila, baina Realak jokalari erabakigarriak eta ondo iristen diren erdilariak ditu».
Ustekabe atsegina hartzen ari da Realarekin. «Egia da denboraldi hasierako emaitzek konfiantza eman ziotela, baina askok ez zuten pentsatuko bolada honetan dagoen tokian egongo zenik». Lanak burutzea falta zaiola ohartarazi du: «Ikusiko dugu zenbat punturekin salbatzen den jendea. Orain arte esaten zen aurreko denboraldietan 38 edo 40 puntu nahikoak zirela, baina sasoi honetan asko beharko direlakoan nago». Taldea bere onena ematen ari dela uste du: «Jokalari askorentzat lehen urtea da Lehen Mailan eta aurrerantzean hobeto ariko dira, baina hasiberriak izateko ondo ari direla uste dut». Geldikako jokaldiak dira, eibartarraren aburuz, txuri-urdinek hobetu beharreko ikasgaia. «Intentsitate handiagoa behar dute. Mina egin diete halakoetan».
«Apur bat etsigarritzat» jo du, aldiz, Deportivo egiten ari den denboraldia. «Denok espero genuen gorago egotea, badaukalako horretarako taldea. Entrenatzaileari asko kostatzen ari zaio oinarrizko hamaikakoa topatzea, eta gorabeheratsu dabil emaitzetan, jarraikortasunik gabe». Azken partidetan, ordea, hobera egin duela dio. «Real Madril eta Osasunaren aurka berdindu du, azken hori Nafarroako Erresuman. Meritu handiko emaitzak dira, eta badirudi joko eredua topatu duela». Gogoko du Adrian Lopez erasoko jokalaria. «Bere kabuz arriskuak sortu eta espazioak bilatzeko gai da, eta partida desoreka dezake. Gertutik zaindu beharko dute».
«Hiru urte oso on» eman zituen Coruñan jokalari gisa: «Nire alaba nagusia bertan jaio zen. Profesionalki oso esperientzia ona izan zen, eta jendearen tratua ere, ezin hobea».
Lehen Mailara igo zen Deportivorekin, eta Martin Lasarterekin egin zuen bat: «Jokalari serioa zen, gogorra, beteranoa eta agintzen zuenetakoa». Realean lan txukuna egiten ari dela uste du: «Sen ona eta koherentzia ekarri ditu. Realaren eredua, funtzionamendua eta nortasuna ulertzen jakin izan du, eta klubak duen aktiborik garrantzitsuena biziberritu du: harrobia. Sendotasuna eta espiritua eman dizkio taldeari. Reala bere jatorrira itzuli du: hau da, inportanteena ez da irabaztea edo galtzea, baizik eta nola irabazten duzun eta nola galtzen duzun».
Super Depor famatuaren eztandan protagonista izan zen: «Lehen Mailako bigarren urtean oso denboraldi ona egin genuen. Liga lortzeko borrokan sartuta ibili ginen, baina plantilla luzeagoa edukitzea falta izan zitzaigun». Hala azaltzen du talde hark Galiziakoak ez ziren makina bat zale bereganatu izana. «Real Madril eta Bartzelonaren arteko egunerokoa apurtu zuen Deportivok. Galiziarrak, gainera, begiko izaten ditu jendeak. Jokalari apalak ginen, gutako asko ezezagunak, eta irabazteaz gain joko polita egiten genuen. Eta Arsenio Iglesias pertsonaia maitagarria zen».
Historiako defentsa-euskarri onenetako batekin jokatu zuen garai hartan: Mauro Silvarekin. «Buruargia eta adimentsua zen, eta gizaseme aparta. Horrek asko erraztu zuen bera taldera, eta taldea berera berehala egokitzea. Deportivo izan duen jokalaririk onenetakoa da, inolako zalantzarik gabe». Mauro Silvarekin batera iritsi zen Bebeto aurrelaria. «Lehen entrenamenduko lehen hamar minutuetan, aho bete hotz utzi gintuen guztiok. Zaldi odol-garbia zen. Aurrelariarena da posturik zailena eta bera Munduko txapelduna izan zen Brasilekin postu horretan. Bada zerbait».
Gogoz kontra bazen ere, pasadizo famatu baten protagonista ere izan zen Albistegi. Sevillaren aurkako partidan, Maradonak ostikada eman zion aurpegian, eta odoletan utzi zuen. Sevillako medikua hura artatzera joan zen, eta sutan jarri zen Carlos Bilardo entrenatzailea. Hortik dator hainbeste txantxa ekarri dituen «Zapal ezazu!» esaldia. «Zelaian ez zen inor konturatu, baina telebistak irudiak hartu zituen, eta zalaparta sortu zen. Emazteak bai, telebistan ikusi zuen [barrez]. Harrapatu zuten, eta kito, ez du garrantzirik. Bihotza 170 taupadatan edukitzen duzu, eta bestelako egoeretan esango ez liratekeen gauzak esaten dira halako tentsioarekin».
Iloba, Eibarren
Alex Albistegi, Realeko euskarri gaztearen osaba da Alberto. Eibarren jokatzen ari da, utzita. Titular gisa hasi zen, eta azkenaldian gutxiago jokatzen ari da. «Eibar oinarrizko jokoa ari da egiten, baloia luze joz eta aldaratzeen bila. Alexen ezaugarriak dituen erdilari batentzat zaila da. Zurutuza ere antzera ibili zen. Hala ere, taldeari ahalik eta gehien laguntzen saiatu behar du, igoera lortzeko». Konfiantza handia du ilobarengan. «Uste dut baleko jokalaria dela. Bere esku dago bidea egitea. Realak jokalari-molde jakin bat dauka zelai erdian, eta bera ez dator bat molde horrekin. Desberdina da, ez hobea eta ez okerragoa. Asko gustatuko litzaioke Realean jokatu ahal izatea».
Paretsu ikusten ditu
Parekotasun handiko norgehiagoka espero du Alberto Albistegi Deportivo eta Realeko jokalari ohiak asteleheneanEibartarrak Martin Lasarterekin bat egin zuen Galiziako taldean jokatu zuenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu