Mariasun Quiñones. Athleticeko jokalaria

«Partidaren bila joan behar dugu: ezin dugu espekulatu»

Espainiako Kopako final-zortzirenetako norgehiagoka izango du gaur Athleticek, Madrilen zelaian (20:00, Tdp). Quiñonesek nabarmendu du taldea indartsu dagoela.

ATHLETIC.
ainara arratibel gascon
2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Entrenamendua amaitu, eta txapelketa berri bat abiatuko duen jokalari baten gogoarekin mintzatu da Mariasun Quiñones Athleticeko atezaina (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Gaztea izan arren, multzoan eskarmenturik handiena duten jokalarietako bat da, Erika Vazquezek eta Vanesa Gimbertek taldea utzi ostean.

Espainiako Kopari ekingo diozue gaur. Zer aldarterekin helduko diozue txapelketari?

Kopa txapelketa polita da, eta taldea pozik, indartsu eta gogozdago. Intentsitate handiko kanporaketa izango da, parekatua, bi taldeen jokatzeko era ere halakoa baita. Kopa da Athleticen txapelketa kutuna, eta emakumezkoen taldeak oraindik ez du irabazi. Beraz, bada ilusio hori.

Madril sasoiko ezustea izan da, Maria Priren aginduetara. Nola ikusten duzu aurkaria?

Dudarik gabe. Ohikoa duen intentsitateari joko ona erantsi dio. Kalitate handiko jokalariak ditu lerro guztietan, eta sasoi oso ona egiten ari da. Baina baikor naiz. Presioan asmatzen badugu baloia ez dugunean, eta erasoan haien bila joaten bagara, kanporaketa gainditu dezakegu. Ezin dugu espekulatzera irten, eta haiek egiten dutenaren zain egon. Horrekin batera, asko zaindu behar ditugu detaile txikiak: paseak, laguntzak... Gauza horiek erabakitzen dituzte partida bakarreko kanporaketak.

Ziurrenik, Racheal Kundjamanji da haien jokalaririk erabakigarriena, Eibarren aritua. Ligan bi gol sartu zizkizuen. Nola geratuhalako aurrelari bizkor bat?

Bizkorra da, baina ez hori bakarrik. Indartsua da, eta baloiarekin trebea. Gertutik zaindu beharko dugu. Horretarako, fin aritu beharko dugu laguntzetan, eta haren mugimenduak aurreikusi. Izan ere, baloia duenean ezin geratuzkoa da. Ikusi ditugu haren bideoak, eta ligan ere ikusi genuen zertarako gai den. Horrek baliagarri izan behar du guretzat.

Denboraldi honetan hobeto moldatu zarete Lezamatik kanpo jokatu duzuenean, eta halako kanporaketetan maiz esaten da etxean jokatzen duenak gehiago arriskatu behar duela. Zer deritzozu?

Guk beti esaten dugu etxean oso eroso gaudela, baina, denboraldi honetan, partida oso onak egin ditugu Lezamatik kanpo. Taldeak aurrerapauso bat eman du. Granadillaren eta Valentziaren aurkako partidak, eta Sevillaren kontrako lehen zatia jarriko nituzke horren adibidetzat. Lehia horiek izan behar dute osteguneko [gaurko] kanporaketarako abiapuntu. Intentsitate handiz jokatu genuen, baloia izanda arriskua sortu genuen, haien trantsizioei ondo eutsi genien...Gainera, Granadillaren eta Valentziaren aurka aurretik jarri ginen.

Penaltiak izateko aukera hor dago. Asko lantzen dituzu?

Bai, lantzen dugu alor hori. Ez bakarrik kanporaketak dituzten txapelketetarako, baita ligarako ere. Abenduan jokatu genuenez haien aurka, lanketa hori oso fresko daukagu. Neure kabuz ere gustatzen zait lan hori egitea, estrategia propioak izateko. Gainera, bederatzi denboraldi daramatzat Lehen Mailan, eta jokalarietako asko aspalditik ezagutzen ditut. Horrek ere laguntzen du, neurri batean.

Madrilek jaurtitzaile trebeak dituela uste duzu?

Bai, baditu batzuk. Gero, ikusi beharko da haien entrenatzaileak zein jokalariren alde egiten duen. Trebeak diren jokalarietako batzuk ez baitira asko jokatzen ari.

Egun Kopa da titulu bat irabazteko biderik argiena? Aregehiago kontuan hartuta Bartzelona egotzi dezaketela.

Zaila izan arren, baietz uste dut. Hiru partidaren buruan final bat jokatzeko aukera duzu, eta titulu bat irabaztekoa. Intentsitate handiko txapelketa da, motza, eta partidaz partida joan behar da. Baina aukera hori ematen dituzu.

Zer aldatu behar duzue ligako partidatik Madril kanporatzeko?

Uste dut zenbaitetan haiek nahiko eroso egon zirela baloiarekin, eta hori ezin da gertatu. Horrekin batera, sortzen ditugun gol aukeretan eraginkorragoak izan behar dugu.

Gustura zaude taldea ligan egiten ari den lanarekin?

Bai. Denboraldi hasierak dezente baldintzatu gintuen, oso aurkari gogorrak izan genituelako. Baina haien kontra ondo lehiatu ginen, eta uste dut hortik aurrera gauzak txukun egin ditugula, eta taldea puntuak lortzen ari dela. Egunerokoan ere lan ona egiten ari gara, eta nik garrantzi handia ematen diot horri ere. Hau da bidea, eta uste dut gauzak ondo doazela. Apur bat erregularragoak izanez gero, uste dut salto bat egin dezakegula.

Eta zure lanarekin?

Hiru aldiz utzi dugu atea hutsean, eta, detaile txikiak kenduta, uste dut defentsako lanean ondo ari garela. Hori funtsezkoa da atezain batentzat. Bestalde, oso pozik nago egunerokoan egiten ari naizen lanarekin, eta entrenatzaile multzoaren konfiantza sentitzen dut. Baina horrek ez nau lasaitzen. Izan ere, Amaia [Peña] ere oso ondo ari da lanean, eta hura ere jokatzeko prest dago.

Lehen Mailan bederatzi denboraldi daramatzan jokalari baten begietatik nola ikusten da hala nola Jone Amezaga, Mariana Cerro eta Clara Pinedo gazteak egiten ari diren lan bikaina?

Trebezia izugarria dute, eta nortasuna. Lehen taldean egonkortu dira, eta asko ikasten dugu haiengandik. Huts bat egiten dutenean, ez diote guk bezainbeste buelta ematen. Hori oso ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.