Iritsi da denboraldiko lasterketarik garrantzitsuena, eta Euskaltel-Euskadi Tourreko etapa bati eta sailkapen nagusiari begira dago. Miguel Madariaga taldeko managerrarekin hitz egin du Andoni Urbistondo kazetariak, www.berria.info-rako. Tourraren eta taldearen beraren xehetasunak eman ditu Madariagak.
Zenbatgarren Tourra da dagoeneko?
Zortzigarrena jarraian.
Hasierako urteak nolakoak izan ziren? Urduritasuna, gauza asko lotu behar...
Lehen urtea izan zen niretzat okerrena. Esperientzia gutxi geneukan, eta, dakizuen bezala, Tourrak eman egiten du, baina kendu ere bai. Airoso irten ginen Laisekaren garaipenarekin, eta zaleek Pirinioetan egin ziguten harrerarekin. Inork ez zuen espero. Baina Tour guztiak dira gogorrak. Urduri joan beharra dago, ez baitakizu zer gertatuko den. Lehenengo astea izaten da beti urduriena eta gogorrena, txirrindulari guztiek egon nahi izaten baitute euren lekuan. Indarrak apaldu arte, lehen astea gogorra da.
Zuri dagokizunez, bulegoko lanetan hasi aurretik zu ere bizikleta gainean sufritutakoa zara ezta?
Bai, bai. Heldu naizen lekura heltzeko lehenengo izugarrizko miseriak pasa behar izan ditut. Dirurik ez zegoen garai hartan ere, baina ni betidanik izan naiz ekintzailea. Gero pentsatzen dut nola sartu ote naizen mundu honetan, baina, tira, hemen nago, miseri asko pasatuta.
1990ean gaurko egoeran egongo zinetela esan izan balizute, barrez lehertzen hasiko zinen ziurrenik.
Ez, ez. 1990ean hasi ginen proiektua lantzen, eta 1993an eman genuen pausoa. Izan ziren aurrera edo atzera egin erabaki beharreko garaiak, eta pasatutakoak pasatu eta gero, ziur nago berriz ez nukeela horrelakorik egingo.
Zer eskatu behar zaio taldeari Tourrean? Zerekin zeundeke gustura?
Taldeak aldaketa handia izan du azken urte bietan: talde gisa ari gara. Iaz Tourrean eman genuen itxura eman behar dugu aurten ere, eta taldeka lehen bosten artean sartu. Mendiko maillotaren borrokan aritzea edo etaparen bat irabaztea ere handia litzateke.
«Pasatutakoak pasatu eta gero, ziur nago berriz ez nukeela horrelakorik egingo»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu