Patinaje pistan, balentria

Remy Di Gregoriok irabazi du Paris-Nizako zazpigarren etapa, euripean, eta bigarren izan da Samuel Sanchez

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erori gabe iraun zuena, artista. Eta erori gabe eta erasoka ibili ostean bi besoak altxatuta amaitu zuena, heroi handia. Remy di Gregorio (Astana) da heroi handi horren izena. Frantziarren etorkizuneko harribitxiak erakustaldia eman zuen atzo Paris-Nizako zazpigarren etaparen azken kilometroetan. Brignoles eta Biot-Sophia artean 215 kilometro eta ibilbide gorabeheratsua zeuzkaten zain txirrindulariek, baina hori nahikoa ez eta, euriak asko gogortu zuen etapa. Tartean lehen mailako bi mendate egon arren, helmugatik urruti zeuden biak —azkena, Gourdon, 64 kilometrora—, eta ez zirudien oilarren artean zalaparta handirik egongo zenik. Baina lasterketa hankaz gora jartzeko zorian izan zen Movistar, azken mendatean behera.

Euriarekin edozein igoera baino arriskutsuagoa izaten da berez aldrebesa den jaitsiera. Eta horixe gertatu zen atzo ere. Movistarren mugimenduaren ondoren tropela erabat hautsi zen, eta dozena bat txirrindulari besterik ez ziren geratu aurrean. Atzean zen Tony Martin (Highroad) liderra, eta taldeak gogotik lan egin behar izan zuen. Baina bi taldeek bat egin eta egoera baretu antzean zegoela zirudienean, maldan behera erasoa jo zuen Di Gregoriok, helmugarako 12 kilometro falta zirenean. Etxetik gertu, etxekoen berotasuna alde zuela, su batean joan zen helmugaraino. Lurrera erortzeko zorian izan zen bihurgune batean zebrabidea zapalduta. Baina susto txiki bat besterik ez zen izan irristada hori. Bost urteko lehortearen ostean, gogotik gozatu zuen garaipenarekin.

Aurretik saiatu ziren Karsten Kroon (BMC) eta Eric Berthou (Bretagne) tropela estutzen. Baina zazpi minututik gorako aldea izan zuten arren, eta Kroon bera amaieran bakarrean saiatu zen arren, etsi egin behar izan zuten. Di Gregorioren balentria behar zuen atzoko etapak. Eta pena izan zen frantziarrak hain eraso zitala jo izana, Euskaltel-Euskadiren eta Movistarren lanarekin ere tropela ez zelako gai izan harrapatzeko; eta tropelaren esprintean Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) helmugaratu zelako lehen postuan, Di Gregoriorengandik bost segundora. Espainiarra bi aldiz sailkatu da jada bigarren aurtengo Paris-Nizan, eta seigarren dago sailkapen nagusian, Tony Martinengandik 1.29 minutura.

Robert Gesink lider Tirrenon

Oso etapa luzea —240 km— eta gorabeheratsua zeukaten atzo Tirreno Adriatikoko laugarren etapan, Narni eta Chieti artean, eta tropeleko txirrindularirik indartsuenen arteko borroka ikusi ahal izan zen maldarik gogorrenetan. Eguneko ihesaldia bertan behera uzten lan ona egin zuen lehenengo Lamprek, Liquigasekin batera, eta lan horri ondoren amaiera bikaina eman zion Michele Scarponik (Lampre) —Mickael Cherel (Ag2r), Sebastian Lang (Omega Pharma-Lotto) eta Gorazd Stangelj (Astana) sartu ziren ihesaldian, eta 15.25 minuturen aldea ere izan zuten—.

Bigarren Damiano Cunego (Lampre) sailkatu zen, eta eurekin batera iritsi zen Cadel Evans (BMC). Taldekako lehen erlojupekoan lortutako aldeari esker, Robert Gesink (Rabobank) jarri da lider. Hamar segundora dauka Evans, eta hamabira Ivan Basso (Liquigas). Jonathan Castroviejo (Euskaltel-Euskadi) da lehen euskalduna, 31. postuan, 1.25era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.