Pertsona maitatua eta ezaguna da Patxi Bilbaojaioterrian (Bermeo, 1964). Mundu guztiak agurtzen du, zahar eta gazte, eta mundu guztia agurtzen du berak ere. Jendea pozik dago herrian. Normala: 2004an bezalaxe, Urdaibaiko traineruak San Miguel Liga irabazi du; etxeko entrenatzaile batekin, gainera. Eta ilusio hori herriko balkoietan nabaritzen da. «Aupa Urdaibai!» dioten bandera mordoa dago. Bilbao ere oso pozik dago, «emozionatuta», herriak eman dien babesarekin. Sasoiaz hitz egiten hasi, eta piztu egiten da, tentsioak behera egin duen arren. Hori bai: ohi baino lasaigo mintzo da. Nabari da, bai, sasoia amaitu dela.
Denboraldia bukatu da. Zure kasuan, tentsioak behera egin al du?
Bai. Liga bukatu da eta lasaiago nago; pozik ere bai, sasoi bikaina egin dugulako. San Miguel Ligan nagusitu gara estropada mordoa irabazita; gehiago ezin da eskatu.
Eta zertan nabaritu duzu tentsioak behera egin duela?
Beno, izaeragatik edo, normalean tentsio handia edukitzen dut. Estropada bat bukatu eta hurrengoan pentsatzen hasten naiz. Eta beno, hori aldatu da behintzat, hurrengo denboraldia arte ez dugulako estropadarik jokatuko. Une honetan lasai nago, pozik, asebeteta.
Helburu guztiak bete al ditu Urdaibaik?
Denak ez. Izan ere, hor geratu da Kontxa... Baina, beno, denboraldia hasi baino lehenago, sei traineruk maila handia zutela esaten nuen. Eta hori gertatu da. Lehen helburua txanda nagusia egotea zen, hor bazaude beti dituzulako irabazteko aukera gehiago. Gainera, gure koadrila berria zen iazkoarekin alderatuta. Hortaz, txanda nagusian egon nahi genuen aurrena, eta gero estropadaren bat edo beste irabazi. Halere, ez nuen espero hain ondo ibiltzea. Hasiera bateko helburuetatik gora ibili gara.
San Miguel Ligako bederatzi bandera eta Bizkaia, Euskadi eta Espainiako Txapelketak irabazi dituzue; ezin, ordea, Kontxan nagusitu... Minematen du horrek?
Bai, baina momentuan. Denboraldia amaitu eta gero oso pozik nago. Kontxa zen gure kezka eta bigarren egin genuen; gainera, ez dut uste hain emaitza txarra denik. Bai, gure helburua irabaztea zen, baina ez genuen lortu. Halere, orokorrean, sasoiko traineru onena Urdaibai izan dela esango nuke: erregularrena, bandera gehien irabazi dituena, txapelketetan ere garaile... Argi geratu da zein izan da onena.
Kontxakoa ahaztuta dago? Benetan?
Bai, bai. Kontxa da sasoiko estropadarik garrantzitsuena eta handiena, baina ligak geroz eta indar gehiago du; horrek erregulartasuna saritzen du. Hortik kanpo, Euskadiko Txapelketa ere oso garrantzitsua da, eta irabazi egin dugu. Gainera, kontrario indartsuenean etxean irabazi du Urdaibaik: Pedreñan, Castron, Zarautzen, Orion eta Hondarribian. Etxean ere aurrenekoz gailendu gara... Baloratu beharreko gauzak dira.
Sasoia hasi aurretik Urdaibai faboritoetako bat zela esaten zen, eta azkenean halaxe izan da. Noiz konturatu zinen dena irabazteko moduan zeundetela?
Ligako lehen estropadetan konturatu nintzela esango nuke. Izan ere, guk bagenekien horietara ez ginela fresko, heldu, ekainean kristoren lana egin genuelako. Halere, gure burua aurrean ikusi genuen. Orduan konturatu nintzen, baina ez nuen espero ibili garen bezain ondo ibiltzea.
Ez zenuen espero hain ondo ibiltzea?
Ez, ez. Ez nuen uste liga irabaziko genuenik. Lehen helburua aurreko postuetan ibiltzea zen. Kontuan hartu behar da beste talde batzuk ere hor zeudela. Hondarribiak iazko blokearekin arraun egin du. Oriok ere bai, eta bizpahiru fitxaketa sartu zituen tostetan taldea indartzeko. Pedreñak sekulakoak egin zituen ekainean, Castrok ere talde indartsua zuen... Horien guztien tartean lehian ibiltzeko ilusioa nuen. Baina gure denboraldia nolakoa izan den ikusita, ezer gehiago ezin da eskatu ia; Kontxa, agian, den-dena biribiltzeko.
Iaz ere Urdaibai goian ibiliko zela esaten zen. Gero, ordea, pattal antzean ibili zen. Aurten ere horren beldur al zinen?
Ez. Hasieratik esan nuen traineru berriarekin eta koadrila honekin, beste itxura bat hartzen niola sasoiari. Neguan oso entrenamendu onak egin genituen, eta udaberrian ikusten zen gorantz ari ginela; itxaropen handia genuen.
Itxaropena hain handia denean, tentsioa nolakoa da?
Beno, nire ustez, hipokrisia pixka bat egon da komunikabideen aldetik kontu horretan. Izan ere, Urdaibai jopuntuan egon da. Ez dakit hori den sentitzen dena, edo min egiteko nahia... Oso Talde indartsuak daude: Orio, Hondarribia, Pedreña, Zarautz, Castro... Halere, Urdaibairekin gora eta behera; selekzioa egin duela, eta ez dakit zer gehiago. Nik ez dut esango ez dugunik fitxaketark egin; bai, egia da, fitxatu egin dugu. Dena dela, bi politika daude kontu horretan. Batetik, harrobia dutenak, eta trainerua indartzeko arraunlariak fitxatzen dituztenak. Eta bestetik, beste klub batzuk erabiltzen duguna. Une honetan harrobia ez dago bere onenean klubean, eta lehiatzen jarraitzeko, kanpotik jendea ekartzera behartuta gaude. Beraz, bi politika daude, baina denok eduki ditugu kristoren taldeak. Jendea beti dabil punta ateratzen Urdaibairen kontura. Gu, baina, gure lanean murgildu gara, kanpotik esaten zen guztia ahaztuz. Beste batzuk, aldiz, guri begira egon dira, eta denbora asko galdu dute horretan; bandera asko ere bai, agian.
Baina nola eutsi koadrila indartsu horri? Dirua ere behar da, ezta?
Beno, bai... Baina jendeak ez du soilik diruagatik jarraituko; izan ere, emaitzek asko lagundu digute. Jendea oso pozik dago, kanpoan presioa egon arren, barruan lasai-lasai lan egin dutelako. Oso pozik nago arraunlariekin.
Jendeak Urdaibai kritikatzen du, dirutza ordaintzen duzuela. Zer deritzozu?
Nik egia dena onartzen dut. Hori bai, bakoitzak bere inguruan zer gertatzen den ikusi beharko luke...
Barkatu. Zer da egia?
Arraunlariei ordaindu egiten diegula. Beste talde batzuek, ordea, eurek ordaindu egiten dutela ukatzen dute; gainera, horretaz ez dute hitz egin nahi izaten. Ez dakit zergatik... Beharbada, komunikabideek edo jendeak euren kontra ez egiteko... Gu lasai gaude. Badakigu, gehienak, San Pedro, Zumaia, Galiziakoak eta besteren bat kenduta, gutxiago edo gehiago, denak berdin gabiltzala. Ez dakit. Denda batera noa, eta Kiwi mota batek euro bat balio du. Australiatik ekarritakoak, berriz, hiru. Beraz, nik hiru euro balio dituena ordaintzeko dirua badut, hori erosiko dut. Ez dakit, denok gaude merkatuan. Harrobikoekin arraunean dabiltzan klubetan, arraunlari asko propioak dira, baina asko klub horretan urte asko daramatzatelako. Guri ere berdina pasatzen zaigu. Gero, handik edo hemendik ekartzen dituzte bizpahiru arraunlari, baina ez dira harrobian hazitakoak. Besteek ere fitxatu egiten dute. Kostua? Beno, guretzako merkeagoa da Bermeotik edo inguruetatik norbait ekartzea, baina Gipuzkoa aldetik badator... Kilometro asko daude, bidesaria...Bermeo inguruan ez daude klub asko, hortaz, kanpotik ekartzen ditugu, eta horrek bere kostua du.Hori bai, Oriorentzat edo Hondarribiarentzat merkeagoa da Pasaiatik, Zumaiatik edo Zarauztik jendea eramatea. Aldi berean, historia handia duten taldeak direla argi utzi behar da. Nork ez du ba eurekin arraunean egin nahi... Hori ez dut ukatuko, baina errespetua eskatuko nuke, guk ez dugulako inor engainatzen. Besteek fitxatzen dutenean, horiek errefortzuak dira, eta Urdaibaienak, berriz, fitxaketak. Baina komunikabideei susmo txarra edo hartu diet... Egiak bide bakarra du.
Gaiaz aldatuko dugu. Herrian zaletasuna sortzea ere garrantzitsua izan da, ezta?
Izugarria izan da nola gertatu den dena; batik-bat, dena natural irten delako, inork aurretik ezer prestatu gabe. Jendea kalera irten da arraunlariak animatzera; momento onetan zein txarretan, gainera. Hemendik nire esker ona guztiei.
Eta zein izan da momenturik politena?
Hiru momento egon dira. Bat, Euskadiko Txapelketa irabazi genuenekoa. Bigarrena Zarautzen egin genuena, eta hirugarrena Bermeoko estropada. Era berean, Kontxaren ondoren herrian egin ziguten harrera nabarmenduko nuke. Une zirraragarriak izan dira, eta babestuta sentitu naiz. Bermeoko herriak guri digun estimua ikusi da.
Harrobirik ez duzuela diozu. Beraz, emaitzak harrobiaren gainetik daude, ezta?
San Miguel Ligaren eta Urdaibaiko traineruaren jarduna ezin dira gelditu, oso azkar dabiltza. Abiadura handiko trenaren modukoa da: dinamika bat hartzen duzu, horrek ez du frenorik, eta hor zaude, dena hautsi arte. Ez dago besterik. Nik askotan esaten dut harrobia behar dela, eta zuzendaritzak ahalegin handia egiten du arraunlariak ateratzeko, baina... Gainera, une batean nahikoa dela esan beharko da, puntu bateraino heldu garela, eta berriro azpitik hasi beharko dugu. Hori uste dut. Trainerua harrobiko jendearekin atera, emaitzak ahaztu, eta berriro hasi.
Hori gertatuko al da?
Gertatu beharko du, gure dinamika ez da betirako izango. Eta gertatzen denean lasai hartu, eta harrobiarekin berriro ere lanean hasi beharko dugu, poliki-poliki.
Zuk jarraituko zenuke orduan?
Ez dut uste arraunean asko geratzen zaidanik. Hurrengo sasoia nire azken urtea izango da, ziurrenik, Urdaibaiko entrenatzaile bezala. Halere, erakutsi dut harrobiarekin lan egin dudala urtetan; gustura, gainera.
Patxi Bilbao
«Asebeteta» eta «pozik» dago Urdaibaiko entrenatzailea bere ontzia sasoiko onena izan delako, San Miguel Liga irabazi duelako; baina, era berean, «jopuntuan» egon direla uste du, «arrazoirik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu