Pauso bat aurrerago dago helmuga

Herri Torrontegik Brnon Munduko Txapelketako proba bat irabazi zuenetik 25 urtera, Indianapolisen lortu du Efren Vazquezek bere ibilbideko lehen garaipena.Zortzi proba falta direnean, 21 puntura dauka Jack Miller liderra

Efren Vazquez bilbotarra podiumean, erdi-erdian, pozez zoratzen, herenegun, Indianapolisko Sari Nagusia irabazi berritan, podiumean. GRUPO FUNCIONA.
unai zubeldia
2014ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Lortu nahi nuena lortu dut, lor genezakeela uste genuena, merezi genuena; baina borroka luzea da oraindik». Kabitu ezinda, eta hitz bakoitzari irribarre keinu bat gehituta, gozatu ederra hartu zuen Efren Vazquezek (Honda) herenegun, Indianapolisko Sari Nagusiko podiumean. Bere ibilbide luze eta gogorrean lehenengoz, koskarik altuenera igo zen bilbotarra, azken zuzengunean Romano Fenati italiarrari (Honda) aurrea hartuta. Erregulartasun handiarekin ari da bizkaitarra denboraldia hasi zenetik; bigarren postu bat eta hiru hirugarren pilatuta zegoen jada. Baina errematea ematea falta zitzaion; Moto3 mailako piloturik beteranoenak oraindik ere kolpea emateko gaitasuna badaukala erakustea.

«Oso-oso luzea izan da azken zuzengunea, ez nekielako atzetik nor zetorren». Hamar pilotu garaipenaren lehian murgilduta zebiltzala, Indianapolisko zuzengunea izan zen etengabea Vazquezentzat, baina, euskal zaleen begietara, itxaronaldia izan da luzea, luzeegia. Izan ere, 25 urte joan dira dagoeneko Herri Torrontegik Brnoko Sari Nagusia irabazi zuenetik. Getxoztarrak 1989ko abuztuaren 27an lortu zuen balentria hura, 80 cc-ko motoarekin. Aurretik, apirilaren 30ean, bere ibilbideko lehen garaipena lortu zuen Jerezko Sari Nagusian.

Zazpi urte atzera, Espainiako Txapelketan elkartu ziren euskal motoziklismoak eman dituen bi izar nagusiak, Torrontegi eta Vazquez, eta elkarri helduta eman zituzten Munduko Txapelketara iritsi arteko pausoak. 2007an egin zuen debuta bilbotarrak 250 cc-ko mailan, Aprilia motoarekin, eta hamar probatan parte hartu zuen. Parte hartze hutsarekin, «umetako ilusioa beteta» amaitu zuen denboraldia bilbotar gazteak —21 urte besterik ez zeuzkan artean—. «Baina gehiago nahi dut» aitortuta, egituraz egitura haziz joan da sei urteotan.

125 cc-ko mailan lehiatu zen 2008an, Aprilia motoarekin; maila berean, Derbi etxeak eman zion aukera hurrengo hiru urteetan, eta bosgarren eta zazpigarren postuak lortu zituen Munduko Txapelketako azken bi urteetan —lau aldiz igo zen podiumera 2010ean eta 2011n—; FTR Hondara jauzi egin zuen 2012an, sailkapen nagusian hamargarren posturaino atzera eginda; bete-betea ere ez zen izan iazko esperientzia, Mahindra Indiako egiturarena, bederatzigarren postua besterik ez zuelako lortu sailkapen nagusian; eta, Hondara itzulita, indarberrituta, aspalditik espero zen kolpea eman du Vazquezek denboraldi honetan, 116. lasterketan. Inoizko markarik onenetik 23 puntura dago jada —160 lortu zituen 2011n, eta 137 dauzka gaur-gaurkoz—, eta Munduko Txapelketa irabaz dezakeela sinetsi du gainera.

Erregulartasunari helduta

Sinesten hasteko modukoa delako egoera. Sailkapenean bigarren posturaino igo da bizkaitarra, eta 21 puntu eskasera dauka Jack Miller liderra (KTM) —hirugarren izan zen herenegun—. Zortzi proba falta dira Munduko Txapelketa amaitzeko. «Eta ez diogu ezeri uko egingo». Erregulartasuna ari da izaten bilbotarraren euskarri nagusia. Lau garaipen lortuta dago jada Moto3ko liderra, baina hutsak ere Vazquezenak baino nabarmenagoak izan dira —azken bost lasterketetan bi aldiz geratu da punturik pilatu gabe—. Erabat sinetsita, 1 zenbakiari begira dago jada Vazquez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.