Osasunak ez zuen amestutako estreinaldia izan Sadarren. Ezta hurrik ere. Esku-hutsik amaitu zuen Realaren aurkako partida, zelaian itxura indargea erakutsita, eta, hori gutxi balitz bezala, Javier Flañok larriki hartu zuen min hasierako minutuetan. Oina gaizki pausatu zuen lurrean, eta aurpegiko imintzioetan sumatzen zitzaion lesioak ez zuela itxura onik. Herenegun egin zizkioten probak, eta iragarpenik txarrenak berretsi ziren: atzelariak aurreko lotailu gurutzatua apurturik dauka ezkerreko belaunean, eta denboraldi osoa zelaietatik at eman beharko du. Albiste ezin txarragoa gorritxoentzat, Noaingoak ezinbesteko rola baitu zelaian nahiz talde giroan; bereziki, aurten, jokalari gehienek Lehen Mailan eskarmentu oso txikia dutela kontuan izanik. Aurretik ere, goi mailan zaildutako jokalari gutxi zituen Osasunak, eta Flañoren lesioak gorritxoen esperientzia falta areagotu eginen du.
Denera, 24 jokalari ditu uneon Osasunaren lehen taldeak; horietatik hamar hasiberriak dira Lehen Mailan, eta lauk neurketa bakan batzuk jokatu dituzte. Horrek baditu bere alde onak: esaterako, taldearen ilusioa eta gosea handiagoa izatea. Haatik, eskarmentu faltak egoerak kudeatzen ez jakiteko eta hutsak egiteko arriskua areagotu egiten du. Realaren kontra, kasurako, bi hanka sartzeren ondorioz galdu zuen partida Enrique Martin Monrealen taldeak: lehen golean, kontzentrazioa galdu, eta txuri-urdinei arean jokaldia egiten utzi zieten, eta, bigarrenean, Unai Garciak bere atean sartu zuen gola, baloia gaizki aldenduta.
Juan Fuentes eta Javier Flaño min hartuak direla, defentsan Miguel Flaño da Lehen Mailan zaildutako jokalari bakarra —Noaingoak 226 neurketa daramatza jokaturik goi mailan—. Izan ere, Nauzet, Aitor Buñuel, David Garcia eta Tano Bonin hasiberriak dira, eta Unai Garciak, Clercek eta Mariok partida bakan batzuk jokatu dituzte Lehen Mailan—lehenengo biek, partida bana, eta Racingeko atezain ohiak, hamalau—. Atzeko lerroan, eskarmenturik eza da nagusi, eta horrek bere ordaina izan dezake huts txikiena ere barkatzen ez duen Lehen Mailan, Realaren aurka ikusi ahal izan zen bezala. Martinek badauka defentsa zailduago bat erabiltzeko aukera, Oier Sanjurjo euskarritik defentsako eskuin hegalera mugituta. Nolanahi, oraingoz badirudi hasiberrien alde eginen duela apustu.
Aurreko lerroan ere ez dabiltza esperientziaz sobran. Oriol Rierak badu ibilbidea Lehen Mailan, aurtengo sasoira arte 80 neurketa jokatuta, baina gainerakoentzat guztia gauza berria da: Alex Sanchezek hiru partida jokatu zituen 2009-2010eko sasoian, eta Kenan Kodro eta Sergio Leon hasiberriak dira. Elxeko aurrelari ohia Bigarren Mailako golegile nagusia izan zen iragan sasoian, 22 gol sartuta, baina ikusteko dago Lehen Mailan eraginkorra den oraindik ere. Kodrorekin ere antzeko zerbait gertatzen da: igoera lortzeko kanporaketetan, puntako aurrelariaren zertzeladak erakutsi zituen, baina aurten eman dezaken errendimendua gauza ezezaguna da. Maila gorenean, defentsak sendoagoak dira, eta aurrelariak presio handipean izaten dira; beraz, iraganean lortutakoak ez die arrakasta ziurtatzen.
Eskarmentua, zelai erdian
Zelai erdia da Osasunan esperientzia handiena duen lerroa. Bertan, eskarmentuduntzat har daitezkeen hiru jokalari daude: Miguel de las Cuevas (173 partida Lehen Mailan), Oier (83) eta Roberto Torres (40). Hirukote horren ardura izango da Osasunaren jokoa gidatu eta, era berean, taldea odol hotzez hornitzea. Horiez gain, Jaime Romerok eta Fran Meridak ere aurretik ezagutzen zuten Lehen Maila, 29 eta 20 partida jokatuta, hurrenez hurren. Zelai erdiko gainontzeko jokalariak eskarmentu gabeak dira: sasoia hasi aurretik, Fausto Tienzak partida bakarra zuen maila gorenean jokatua, eta Alex Berenguer, Goran Causic, Olabide eta Otegi bertan sekula aritu gabeak dira—lau horiek oraindik ere ez dute debuta egin—.
Horrenbestez, Lehen Mailan bizirik irauteko erronkari hasiberriz jositako taldearekin egingo dio aurre Osasunak. Denboraldiko lehen bi partidetan, gorritxoek sumatu dute eskarmentu falta; batik bat, Realaren aurka. «Oraindik ez dugu Lehen Mailako erritmoa», adierazi zuen Martinek txuri-urdinen aurkako porrotaren ostean. Dena den, Arrizabalagakoak gaineratu bezala, «liga hasi besterik ez da egin». Pazientzia, eman denbora. Lehen Mailari brastakoan neurria hartzea zaila da eta.
Pazientzia komeni, hasi berriak izaki
Lehen Mailan bizirik irauteko erronkari hasiberriz jositako taldearekin egingo dio aurre Osasunak. Aurretik ere, goi mailan zaildutako jokalari gutxi zituen, eta Javier Flañoren lesioak gorritxoen esperientzia falta areagotu egingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu