Maleta gainetik kendu ezinik dabil Iker Romero. Berlindik Gasteizera, Gasteiztik Madrilera, eta Madrildik Lanzarotera (Espainia). Horra eskubaloi jokalari gasteiztarraren azken asteko bidaia plana. Edonor lur jota egongo litzateke horrelako joan-etorriarekin. Iker Romero ez. «Nekatuta egon beharrean, indarberrituta nago. Banuen beharra familiarekin egun batzuk egoteko. Bost hilabete luze egin ditut Alemanian, eta azken asteak nahiko gogorrak izan dira. Sekulako hotza egiten zuen jada Berlinen. Gasteizkoa izanda, ohituta egon behar nuke, baina Alemanian hotzari iluntasuna gehitzen zaio. Arratsaldeko lauretan gaua da», aitortu dio BERRIAri. Kexa guztiak, baina, desagertu egiten dira eskubaloiaz hitz egitean. Alemanian topatu duenarekin «liluratuta» dago, eta, horri esker, buelta ematen ari zaio bere nahiaren aurka Bartzelona utzi izanak eragindako atsekabeari.
Bost hilabete pasatxo joan dira Alemaniara joan zinenetik. Zer moduz doa abentura berria?
Oso ondo. Pasatzen den egun bakoitzeko gero eta konbentzituago nago bete-betean asmatu nuela hona etorrita. Pena dut Bartzelona utzi izana, baina opari itzela da esperientzia hau bizitzea. Uste dut eskubaloi jokalari orok probatu beharko lukeela gutxienez urtebete Alemanian jokatzea. Munduko liga onena da: pabiloiak goraino betetzen dira, sekulako azpiegiturak daude, partiden inguruan ikuskizun bikainak antolatzen dira... NBAren parekoa da. Hori bai, ikusgarria bezain gogorra da.
Kanpotik begiratuta ikusgarria badirudi, barrutik...
Bada, egundokoa, ikaragarria, benetan. Nik behin baino gehiagotan jokatu nuen Alemanian Bartzelonarekin, Kiel indartsuaren pistan. Ikusgarria da harmailetan sortzen den giroa. 10.000 lagun baino gehiago oihuka, pabiloiko bozgorailuak jo eta ke... Baina hemen jabetu naiz hori ez dela bakarrik gertatzen Kielen, Hanburgon edo Berlinen, ligako talde indartsuenetakoen pistetan. Txapelketako talde apalenaren pistan ere jendetza biltzen da: 6.000 lagun baino gehiago. Eta, noski, 6.000 lagun horiek giro ikaragarria sortzen dute.
Zeintzuk dira ezberdintasun nagusiak Asobal ligarekin alderatuta?
Bat guztien gainetik: antolaketa. Alemaniako Liga oso ondo antolatuta dago, eta azpiegitura sakon baten gainean dago eraikita. Marketin lan handia egiten da hemen, eta horrek fruituak ematen ditu. Partiden batez besteko ikusle kopuruari erreparatu besterik ez dago: Asobal ligan 1.500 ikusle eskas joaten dira pabiloira, eta Alemaniakoan, 6.000 inguru. Bada aldea, ezta?
Alemaniakoa da, beraz, munduko ligarik indartsuena.
Bai, baina Bartzelonak edo Atletico Madrilek lasai-lasai irabaz dezakete Alemaniako Liga. Ademar edo Valladolid ere nor baino nor ariko lirateke, baina agian luzeegia egingo zitzaien liga. Hortik behera, berriz, alde handia dago bi ligen artean. Alemanian, hamargarren postuan dagoen taldeak sei-zazpi jokalari ditu euren selekzioarekin aritzen direnak.
Jokoari dagokionez ere, oso ezberdinak dira bi ligak?
Bai. Hemen garrantzi handia du fisikoak. Partida bakoitza guda baten parekoa da. Oso erritmo azkarrean jokatzen da, beti zabiltza korrika, gora eta behera. Erasoan, berriz, urrutiko jaurtiketa asko egiten dira, arlo horretan espezialista bikainak baitaude. Asobal ligan, ordea, taktikak du garrantzi gehien, joko sistemek.
Nolako taldea da Fuechse Berlin?
Asobal ligan kideko bat bilatuta, agian Ademar edo Valladoliden pareko taldea da Fuechse. Ez dugu inondik ere ligako aurrekonturik handiena, baina estu hartzen ditugu talde aberatsenak. Gaztetasunaren eta eskarmentuaren arteko nahasketa dugu taldean, eta horri etekina ateratzen ari da entrenatzailea [Dagur Sigurdsson islandiarra]. Hor dago sailkapena: bigarren gaude, eta Kiel ahalguztiduna bakarrik dugu aurretik. Hala ere, oinak lurrean ditugu. Badakigu oraindik bigarren itzuli osoa falta dela, eta zaila izango dela hor goian eustea.
Halere, argi dago Fuechse Berlinek urtero eman duela aurrerapauso bat maila nagusira iritsi zenetik: hamabigarren izan zen lehen sasoian, hamargarren hurrengoan, bederatzigarren ondorengoan, hirugarren aurreko sasoian eta bigarren da orain.
Hori egia da, baina kontuan hartu behar da aurreko denboraldian taldeak bakarrik Alemaniako Ligan jokatu zuela eta sasoi honetan Txapeldunen Ligan ere ari dela. Horrek, noski, nekea dakar, neke handia. Beraz, jendeak ezin du pentsatu denboraldi hau hirugarren postuan amaituz gero atzera egin dugunik.
Zer-nolako jokoa egiten duzue?
Gure jokoa ez da oso alemaniarra, entrenatzaileak garrantzia ematen baitio taktikari. Hura ere alemaniarra ez izateak izango du zerikusirik horretan. Ez dugu inondik inora talderik indartsuena, ezta izar distiratsurik ere. Taldea da gure makulua.
Zer moduz moldatu zara taldearen jokora?
Beno, egokitzapena zaila izan da, batez ere nire kasuan, niretzat dena baita berria: bizimodua, hizkuntza, liga... Denbora behar da egokitzeko, ezin da egun batetik bestera egin. Baina pixkana-pixkana ari naiz, pazientziarekin.
Hala ere, Alemaniako taldetik oso gutxi du Fuechse Berlinek. Hamar herrialdetako jokalariak ditu. Horrek erraztu ala zaildu egiten du egokitzapena?
Ez erraztu, ez zaildu, arrazoi sinple batengatik: hemen oso barneratua dute Alemaniako kultura, eta lehen egunetik argi uzten dizute kultura horretara egokitu behar duzula. Berdin dio hamar herrialdetako jokalariak egotea taldean, edo entrenatzailea islandiarra izatea, alemana bakarrik hitz egin daiteke. Bertako hizkuntza eta bertako bizimodua. Hamabietan bazkaltzen dugu, beranduenez, eta 18:30 inguruan afaldu. Pentsa ezazu hori zer-nolako aldaketa izan den niretzat, Gasteizko edo Bartzelonako bizimodura ohituta...
Eta zer moduz moldatzen zara alemanarekin?
Hortxe nabil, eta gutxi gorabehera moldatzen naiz. Hasieran, noski, gogorra izan zen, tutik ez nuelako ulertzen; baina lehen egunetik serio jarri nintzen ikasten, eta horrela lortu dut oinarrizko maila bat. Hain zuzen ere, alemana jakitea da erretiroa hartu eta Gasteizera itzultzen naizenean maletan eramango dudan gauzetako bat. Ziur naiz abentura honek etorkizunean lan munduan baliagarri izan daitezkeen gauza asko eman diezaizkidakeela: alemanez hitz egiteko gaitasuna, Alemaniako Ligaren gisako azpiegitura baten ezagutza...
Taldeak zein helburu ditu?
Ez dugu helburu jakinik. Ligan ahal dugun gorenen amaitu nahi dugu. Orain gauden postuan amaitzea itzela litzateke. Txapeldunen Ligan, berriz, oraindik badugu aukera final-zortzirenetarako sailkatzeko.
Pozik zaude orain arte egin duzun lanarekin?
Oso pozik, badakidalako zein aldaketa handia izan den niretzat hona etortzea. Uste dut nahiko ondo ari naizela.
Aldaketa hitza aipatu duzu askotan. Hain handia izan da aldaketa?
Handia ez, itzela; hemengo kulturak, bizimoduak ez du antzik nik orain arte bizi izan dudanarekin. Ez dut esaten hemengoa okerragoa denik, baina bai oso ezberdina, eta kostatzen ari zait egokitzea. Pentsa, hemen arratsaldeko lauretan jada gaua da, sekulako hotza egiten du... gogorra da. Baina, beno, ari naiz.
Nola da Iker Romeroren egun arrunt bat Berlinen?
Bada, beste munduko ezer ez. Egia esan, ez dut denbora asko izan aisialdirako, ez orain, ez sasoia hasi baino lehen. Hemengo denboraldi-aurreak oso gogorrak dira: hiru saio egiten dira eguneko, saio izugarri gogorrak; eta, gainera, partida mordoa jokatzen dira, NBAn bezala. Denboraldian ere antzeko erritmoa daramagu: jokatu eta bidaiatu, bidaiatu eta jokatu... Apenas dugun denborarik entrenatzeko.
Turismo gutxi egin duzu, beraz.
Oso gutxi. Hemen ez dute denbora galtzen. Oso ondo ordaintzen dute, baina horren truke ere asko eskatzen dute.
Zeren falta sumatzen duzu?
Familiarena, noski, eta lagunena ere bai. Hemen hain ohikoak diren egun hotz eta ilunetan izugarri sumatzen dut gertukoen falta, are gehiago bakarrik nagoela kontuan hartuta. Hori gutxi balitz bezala, aurten lehen aldiz ez ditut Gabon eta Eguberri egunak Gasteizen, etxekoekin pasatu, azken partida abenduaren 26an jokatu genuelako. Zorionez, Gabon zahar eta Urteberri egunetan bai egon naiz Gasteizen. Irrikaz nengoen egun horiek iristea, sekulako gogoa nuen familiarekin eta lagunekin elkartzeko. Aita ez beste, denak egon dira Alemanian bisitan. Baina ez da gauza bera, ez baitira batera etorri. Gasteizen, aldiz, denak elkartu gara.
Hurrengo urteetan antzekoa gerta dakizuke, hiru denboraldirako kontratua sinatu baituzu Fuechse Berlinekin.
Hiru denboraldirako hitzarmena sinatu dut, bai, baina sasoi bakoitzaren amaieran kontratua eteteko aukera dut. Horregatik, pausoz pauso joan nahi dut, partidaz partida. Lehenbizi, denboraldi hau nola bukatzen dudan ikusi nahi dut. Jada ez naiz gaztetxo bat: 31 urte ditu dagoeneko, eta gauzak ongi pentsatu behar ditut. Oso liga gogorra da hau, eta sasoi betean egon ezean, txikitu egin zaitzake. Argi dut ez dudala arrastaka amaitu nahi diru gehiago irabazteko. Gorputzak, eta, batez ere, belaunek «kito, Iker, amaitu da hau» esaten didatenean utziko dut.
Denboraldi honek, behintzat, badu pizgarririk. Olinpiar Jokoak jokatuko dira Londresen sasoia amaituta, eta pentsatzekoa da hor egoteko merituak egin nahiko dituzula, ezta?
Gaur-gaurkoz, hiru helburu ditut begi artean: Fuechserekin lan ona egitea, eta lan horrek Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan aritzeko aukera ematea. Oraingoz ari naiz helburuak betetzen: ondo ari naiz Alemanian, eta Valero Rivero hautatzaileak urtarrilaren amaieran Serbian jokatuko den Europako Txapelketan aritzeko deialdian sartu nau. Orain bide horri eutsi behar diot, Londresen egoteko. Kosta ahala kosta egon nahi dut Olinpiar Jokoetan. Bitan egon naiz, Atenasen eta Pekinen, eta berriro bizi nahi dut esperientzia hori. Kirolari batentzat gauzarik handiena da Olinpiar Joko batzuetan aritzea.
Iker Romero. Fuechse Berlineko jokalaria
«Pena dut Bartzelona utzi izana, baina opari itzela da esperientzia hau bizitzea»
Iker Romerok Bartzelona, zortzi urtez haren talde izandakoa, utzi behar izan zuen udan. Aldaketa baten beharraz konbentzituta, Alemaniara joan zen, Fuechse Berlin taldera. Beste liga bat ezagutu nahi zuen, beste bizimodu bat. Ez da damutu. Gozatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu