'Osasuna auzia'

Peraltak zalantzan jarri du irabazteagatik pizgarria ematea amarru egitea ote den

«Ez dakit, ez dut gogoan». Bere deklarazioan, maiz erabili du espresio hori Txuma Peralta auzipetuak. Irmo ukatu du 2012-2013ko denboraldian 900.000 euroko gezurrezko kontratua egin zuela, baina onartu du 2012-2013ko denboraldiko azken-aurreko partidan 400.000 euroko pizgarria eman zitzaiola Betisi.

Txuma Peralta, gaur, auzitegira iristen. IñAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2020ko urtarrilaren 22a
14:32
Entzun

Epaiketaren hirugarren egunean, Txuma Peralta zuzendaritzako kideak mahai gaineratu du auziaren puntu nagusietako bat. Artxankok atzo egin bezala, Peraltak onartu du Betisi 400.000 euro eman zitzaizkiola Valladolid aurkari zuzenari irabaz ziezaion 2013-2014ko azken-aurreko partidan; hala ere, zalantzan jarri du hori amarru egitea ote den. Haren hitzetan, 2014ko maiatzean erabaki hori hartzeko bilera egin zenean, Bizkaik berak esan zien ez zela legez kanpokoa. Fiskalak galdetu dio ea bazekien Zigor Kodean zigortuta dagoela «partidak aldez aurretik aldatzea». «Ez dakit nola alda dezakedan emaitza bat, bati pizgarria emanda irabazteko. Emaitza alda dezaket bati korrika ez egiteko esanda, baina ez sari bat emanda», erantzun du Peraltak, eta gaineratu: «Nik pizgarri guztiak izan ditzaket, baina Michael Jordanen aurka beti galduko dut».

Angel Bizkaik atzo egindako deklarazioa ukatu egin du irmo Peraltak, eta Miguel Artxanko zuzendaritzako kideak atzo egindako kontakizuna berretsi du, hein handi batean. Peraltak kontatu duenez, «ilusioz» sartu zen Artxankoren zuzendaritzan 2012-2013ko denboraldian, eta astelehenero bildu ohi ziren zuzendaritzako kideak. «Giro oso ona genuen, eta bilera amaituta afaltzera joan ohi ginen, baita Bizkai ere». Harekin konfiantza harreman handia zuela onartu du, baina atsekabetuta agertu da atzo esandakoekin: «Ez dut gogor jokatu nahi, baina ematen zuen Sadarreko kafe zerbitzaria zela: Kafe bat? Kafe bat. Ebaki bat? Ebaki bat. Gezur asko esan zituen. Bizkai kudeatzailea izan da 24 urtez, eta taldea nahi bezala egin eta desegin du, ni egon naizen urteetan bederen bai».

Peraltak irmo ukatu du 2012-2013ko denboraldian partidak erosi izana eta galtzen uzteagatik ordaintzea: «Sekula ere ez». 2013-2014ko denboraldi hasieratik ikusi zuten Osasunak Lehen Mailatik jaisteko arriskua zuela, baina 36. jardunaldian, Celtaren aurka Sadarren galdu ostean, zer egin aztertu zuten aste hartako zuzendaritzaren bileran. Betisi dirua emateko enkargua eman zela aipatu du: «Bizkaik bere burua eskaini zuen, eta nik esan nion berekin joan nintekeela». 

Betisekoekin nor jarri zen harremanetan ez du gogoan Peraltak. Fiskalak galdetu dio ea haiekin hitz egiteko erabili zen telefonoari berak eman zion alta, Vendrellen (Bartzelona): «Bai, nire telefono pertsonala ez zebilen egun haietan». Telefonoa Cristina Valenciaren izenean erregistratu zen, eta ez du argitu zergatik ez bere izenean. Peraltak ez zuen "Betiseko inor" ezagutzen, baina Madrilen bildu zen haiekin. «400.000 euro ematea hitzartu genuen». Betisekoek gehiago eskatu zutela onartu du, eta ea milioi bat euro eskatu zuten galdetu dio fiskalak. «Ez dut gogoan, baliteke».

Dirua aurreratu zutenen artean bere aita ere bazegoela azaldu du —atzoko deklarazioetan ez zen hori esan—. Sevillara joan ziren Peralta eta Bizkai, eta, dirua prest zenean, Makirriainek eraman zuen dirua. Peraltak ez du gogoan non eraman zuen dirua eta zenbat zeukan. Melia Sevilla hotelean zeudela, Betiseko «norbait» etorri zitzaien bila: «Etxebizitza bloke bateko aparkaleku pribatu batera eraman gintuen; beste monobolumen baten paraleloan jarri ginen, eta atzealdean sartu ginen, hirugarren lerroan. Sakelakoak itzaltzeko eskatu ziguten». Han eman zen dirua. Peraltak ez zekien nortzuk zeuden autoan; ez zuen inor ezagutzen. Ea Betiseko jokalariak al diren galdetu diote: «Ez dakit: kaleko jantzita zeuden».

Beste kontuen inguruan, irmo ukatu du 2012-2013ko denboraldian 900.000 euroko gastua justifikatzeko kontratua antolatu eta prestatu zuela. Onartu du Cristina Valencia lagun duela. Peraltaren arabera, Osasunatik kanpo zegoela, Patxi Izkoren agintaldian, Valenciaren izena eman zion Artxanko orduko presidenteordeari higiezinen arloko zoruei balioa emateko operazio batean inbertitzaileak bilatzen lagun ziezaion Osasunari. «Valenciak nirekin lan egin du hamabost urtez, Espainian zehar, higiezinen arloan». Kontratuari dagokionez, 2013an Bizkaik Valenciarekin berriz harremanetan jarri nahi zuelako kontaktua eskatu zion. «Ez nekien zertarako zen». Hala ere, onartu du kontratua izenpetu ostean, kopuru txikitan, «30.000 euroraino», dirua eman ziola Valenciari —ustez, komisiotan, gezurrezko kontratua izenpetzeagatik—.

Justifikatu gabeko 20.000 euroko dietak jaso izana egozten dio fiskalak, eta Peraltak diru hori justifikatu gabe egotea ukatu du. Haren esanetan, taldearekin eta harreman instituzionaletan bidaia asko egin ditu, eta horien gaineko gastuak dira guztiak. Denboraldi-aurreetan, Herbeheretan egindako bidaietan, taldeko gastuak ordaintzeko dirua ematen zitzaiola esan du, baina ondoren ordainketak likidatu eta dirua itzultzen zuela ihardetsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.