Euskal Herriko Itzulia: erreportajea

Perfekzioa etxe ondoan

Paco Rodrigok 1974an apustu argia egin, garapenean asmatu, eta tropelaren babes bihurtu da Etxeondo enpresa. Maillotak, kulotak...: espezializazioak eman die fruitua.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gorputzaren jarraipena izan dadila maillota; txirrindularia ahatz dadila jantzita daukanarekin; ez dadila izan oztopo». Hortxe Etxeondo enpresaren sekretuetako bat. «Bakoitzari bere neurri-neurrira egindako arropa sortzea gustatzen zaigu guri, eta horrek eman digu sona». Dior, Balentziaga eta beste hainbat diseinatzaileri segika lanean aritu ondoren, 1974an bere bidea egiten hasteko garaia zela erabaki zuen Paco Rodrigok (Castejon, Nafarroa, 1949), Maria Jesus Uranga emaztea ondoan zuela. «Kirol arropen kalitatea eta norbanakoari eskainitako diseinua, hori lortu nahi genuen». Zehatz noraino irits zitekeen oso argi ez zegoen proiektua zen lehen urte haietakoa. «Hutsetik ekin genion erronka hari, baina, denborarekin, argi gelditu da bide zuzena hartu genuela».

Zetazko zapiekin eta elastikoekin hasitako apustua txirrindulari eta talde profesional askoren ikur bihurtu da denbora gutxian. Futbol elastikoak eta bat eta beste egiten hasi ziren hasieran. «Eta hark bizirik irauteko balio zuela ikusi genuen berehala. Baina argi zegoen espezializazioa bilatu beharra geneukala hazten jarraitzeko». Pauso hartan ere asmatu egin zuten Rodrigok eta Urangak. «Ordurako, gizartean pil-pilean zeuden ekologia gaiak, askatasun aldarrikapenak...». Eta mugimendu horri keinua egin zioten senar-emazteek. «Bizikleta baino euskarri ekologikoagorik ez dago eta».

Begiak ireki-ireki eginda azaldu du apustua egin eta «txirrindulariekin» topo egin zuela eguneroko jardunean. «Pertsonekin. Etengabeko elkarlana da gurea». Euren marka «gertukoa» dela argitu du Rodrigok. «Familia enpresa da gurea, baina maitasun handiz egiten dugu lan, eta horrek, normalean, fruituak ematen ditu gero». Argigarri gisa: Etxeondok, gaur egun, nazioartean fakturatzen du irabazien %70. «Ez dugu izan nahi etxeko onenak bakarrik, ikurrina eskuan hartu eta ospatzeko. Atzerrian ere izena lortu dugu pixkanaka, eta haiek ere laguntzen digute bidea egiten». Alemanian, Herbehereetan, AEBetan... «Herrialde askotan dauzkagu laguntzaileak». Irurako eta Castejongo enpresak kontuan hartuta, «ehun bat lagunekoa» da Etxeondoren egitura.

Patxi Alkortak Danena txirrindulari taldea sortuta zeukan lehen urte haietan, eta hark esan zion Rodrigori talde bat sortu beharra zeukala. «Pauso hura ere eman genuen, eta guregana erakarri genituen Jokin Mujika, Peio Ruiz Cabestany eta beste hainbat txirrindulari. Emakumezkoen taldea ere sortu genuen Tolosan». 1980 ingurua zen artean. «Jose Miguel Etxabarrik ikusi ninduen gero, eta profesionaletako talde bat egin behar genuela esan zidan hark».

Pauso batek hurrengoa ematen laguntzen du gehienetan. «Eta Javier Minguez, Miguel Mari Lasa, Eduardo Chozas, Alberto Fernandez... Indartuz joan zen talde hura». Zor, Seat-Orbea, Reynolds, Kas, Clas, Banesto, Once, Euskaltel-Euskadi, Rabobank, Blanco, Giant... Talde askoren oinarrira iritsi da Etxeondo. «Eta, izenik eman ezin badut ere, banaka-banaka txirrindulari asko etortzen dira guregana aholku eske». Egurrean jarraitzeko seinale hoberik ez dago. «Perfekzioaren mugara iristen saiatzen gara beti, baina beti hobetu daiteke zerbait. Hor dago gakoa».

Oso zehatz egin beharreko lana da maillotena, kulotena eta gainerako jantziena. «Lan handia eskatzen du txirrindulari bakoitzari bere neurri-neurriko arropa egiteak. Ordu askoko lana dago atzean. Baina hainbeste zor diegu». Eman baino gehiago jasotzen duela argitu du, gainera, Rodrigok. «Eurek ematen didate poza niri». Txirrindulariek «behar handiak» dituzte egunerokoan. «Eta exijentzia horrek lagundu digu hazten, Etxeondo gaur egun dagoen lekura igotzen».

Ehungintza ingeniaritza

Hitzez gauza gutxi lortzen dira gaur egun. «Eta mundu mailako ehungintza ingeniariekin elkarlanean aritzen gara, materialen garapenean punta-puntan egoteko». Berritasunaren bila dabil beti Etxeondo, egokitzapenaren bila. «Kilometro bakar batean asko alda baitaiteke tenperatura, hezetasuna, eguzkiaren indarra, euri kantitatea...». Material egokia eskatzen du etengabeko aldaketa horrek. «Entrenamenduetako materiala, lasterketetakoa, lodiagoa, finagoa... Oso kirol berezia da txirrindularitza, gorputzak berotasuna sortzen baitu, eta oso kontuz ibili behar izaten baita». Nestor Arana Etxeondoko langileak (Irun, Gipuzkoa, 1970) berritasunen alorrean sartu du kuloten azken moldaketa. «Itxuraz, gainerakoen berbera da, baina erorikoen aurkako babesa dauka. Azaleko zauriak murrizten ditu, hotelera joan eta txirrindulariari, gutxienez, masajea eman ahal izateko». Kulot berri horren diseinuak saria jaso berri du.

Gehiegizko beroa, hotza, lehor sentsazioa... «Material kontuan gara, agian, indartsuak, asmatu egiten dugulako unean uneko eskaerei erantzuten». Euskal Herria bera baino laborategi hoberik nekez aurkituko du Rodrigok, eta hor egon daiteke sekretuaren oinarria. «Mikroklima daukagu Euskal Herrian; hego haizeak lehortu egiten du ahoa, ipar haizeak hoztu... Euskal Herria baino lagin hoberik ez dago garapenean murgiltzeko».

Pausoak eman eta eman, Etxeondo aspaldi hasi zen Euskal Herriko Itzuliarekin elkarlanean. Aranaren hitzetan, dagoeneko erronka beraren zati dira gaur egun. «Itzuliak Etxeondo behar du, eta Etxeondok Itzulia». Perfekzio bila ibiltzen baitira bi muturrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.