Indartsuak ez ezik, txinpartatsuak dira Tadej Pogacar (UAE) eta Jonas Vingegaard (Visma). Saihetseko haizeak bizi jo du Frantziako Tourreko lehen etapan, eta, hori baliatuz, sua piztu dute lasterketa irabazteko bi faborito nagusiek. Halako egunetan, ezbeharrak eta galerak saihestea aski izan daiteke sailkapen nagusiko ziklistentzat, baina, horren ordez, zalaparta eragin dute Pogacarrek eta Vingegaardek. Danimarkarra aritu da sutsuen, eta taldekideen laguntzaz haize babesa eragin du azken hogei kilometroetan. Pogacarrek ez du festa galdu nahi izan. Remco Evenepoel (Soudal) eta Primoz Roglic (Red Bull), ordea, jokoz kanpo gelditu dira, beste faborito gehienak bezala. 39 segundo galdu dituzte helmugan.
Esprinterrak ere sakabanatu egin dira bukaeran txinpartak piztu direnean. Eta Lilleko helmuga Jasper Philipsenek (Alpecin) zeharkatu du lehen postuan, suziria balitz bezala. Taldeak modu kanonikoan prestatu dio esprinta, eta flandriarrak ez du huts egin. Tour gogorra dator esprinterrentzat, etapa lauak gutxitu eta ibilbide muinotsuak lehenetsi baitituzte antolatzaileek. Lehen etaparen diseinua, ordea, ziklista azkarrenen neurrira zegoen egina. Sari mamitsua lor zezaketen Lilleko helmugan: garaipena eta lidergoa. Bada, nagusitasun osoz gailendu da Philipsen, eta, Tourrean hamargarrenez irabazteaz gain, maillot horia soineratu du podiumean. Biniam Girmayk (Intermarche) alferreko saiakera egin du flandriarra aurreratzeko, eta etapako podiuma Soren Waerenskjold (Uno-X) norvegiarrak osatu du.
Etapa haizetsua izan da, eta horrek areagotu egin du Tourreko lehen etapak berez eragiten duen estresa. Erorialdi ia saihetsezinak izaten dira halako egunetan, eta Filippo Gannak (Ineos) hasi orduko esan du agur, kolpe txarra hartu eta gero. Tourreko lehen ihesaldiak ere oso gutxi iraun du; lasterketa buruan tarte laburra egin dute Benjamin Thomasek (Cofidis), Bruno Armirailek (Decathlon), Jonas Rutschek (Intermarche), Mathis Le Berrek (Arkea) eta Matteo Vercherrek (Total). Lehenik, kate motzean lotu dituzte esprinterren taldeek, eta, haizea bizi jotzen hasi denean, faboritoen taldeak ere korrika eta presaka ibili dira. Hartara, helmuga artean oso urrun zegoela harrapatu dute aurreko boskotea –105 kilometroren faltan–.

Tourreko lehen etapa, ibilbide laua eta haize indartsua; osagai guztiak bildu dira ezbeharrak gerta zitezen. Ez da oso erorketa jendetsurik izan, baina batek baino gehiagok ezin izan dio orekari eutsi. Ganna nahiko hasieran joan da lurrera, baita Thibau Nys ere (Lidl). Flandriarrak, bere txarrean, etapa bukatu du. Ben O’Connorrek (Jayco), berriz, muturreko handia hartu du amaierako frenesian. Gainditu egin du haizeak eragindako galbahea, baina Tourrak hori du: tranpaz eta ezustekoz jositako lasterketa da. Florian Lipowitzek (Red Bull), adibidez, zulatua izan du; noiz, eta tropela airean zihoala, lehen haize ufada indartsuek xaxatuta. Sailkapen nagusirako ziklista izan arren, alemaniarrak ez du taldekideen laguntzarik izan. Berak bakarrik egin behar izan du atzetik aurrera.
Eztanda, Vismaren ekimenez
Jonathan Milan (Lidl), ordea, ondo babestu dute tarteko esprintera bidean. Girmay eta Philipsen menderatu ditu. Erritmoa baretu egin da jarraian, eta berriz ere hanka egin dute Vercherrek eta Thomasek, helmugatik 95 kilometrora. Gutxienez, aurrea hartuta iritsi nahi zuten hurrengo igoera puntuagarrira. Esprint agonikoa egin dute, jokoan puntu bakarra zegoen arren. Eta biak lurrera joan dira pankartaren azpitik igarotzen ari zirela, harbidean. Oso bukaera bitxia izan du eguneko bigarren ihesaldiak. Tropelean, berriz, bigarren estualdia izan da, berriz ere saihetseko haizeak eraginda.
Benetako leherketa azken 20 kilometroetan gertatu da. Visma taldeak eragin du, sailkapen nagusian aldeak sortzeko asmoz. Pogacar gaizki kokatuta zegoen, baina bere kabuz itzali du alarma. Matteo Jorgenson (Visma) eta Enric Mas ere (Movistar) azti ibili dira. Kontrara, egoerak tokiz kanpo harrapatu ditu Evenepoel, Roglic, Lipowitz, Joao Almeida (UAE), Felix Gall (Decathlon), Carlos Rodriguez (Ineos) eta Santiago Buitrago (Bahrain), besteak beste. Era berean, esprinta lehiatu ezinik geratu dira Milan, Tim Merlier (Soudal), Arnaud De Lie (Lotto) eta beste zenbait txirrindulari azkar. Philipsenek, aldiz, errematatu egin du bere bideratzaileen lan bikaina.
Ibilbide gogorragoa izango du biharko etapak, azken txanpan batez ere. Etaparen erdialdean laugarren mailako muino batera igoko dira, eta amaieran beste hiru igoera puntuagarri izango dituzte. Azken kilometroak ere goranzko joera edukiko du. Esprinter askok sufritu egingo dute, eta, kontrara, egun aproposa izan daiteke erritmoz aldaketa bizia duten ehiztarientzat. Faboritoen agerpena ezin da guztiz baztertu; gutxienez, kokapen ona eduki nahiko dute bukaerako igoeretan.