Thomas Pidcockek (Ineos) irabazi du Frantziako Tourreko hamabigarren etapa, Alpe d’Huez handian. Eguneko ihesaldiarekin bat egin du Galibierren behera, eta azken mendatean azpi-azpitik erasoa jo eta gero irabazi du britaniarrak. Tadej Pogacar (UAE) bi aldiz saiatu da Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) atzean uzten, baina gurpilera itsatsi zaio bietan liderra. Elkarrekin sartu dira helmugan, eta danimarkarra da lider oraindik ere.
Gaur ere albiste txarrak izan ditu Pogacarrek etapa hasi aurretik. Joan den eguneko jipoiarekin nahikoa ez, eta hurrengo goizean positibo eman du COVID-19an Joxean Fernandez Matxinek, UAEko kirol zuzendariak. Dagoeneko bostek eman dute positibo UAEn: hiru txirrindularik, taldeko masajistak eta Matxinek berak.
Etapa hasi eta berehala, lehia bizia izan da eguneko ihesaldian sartzeko, eta zazpi lagunek lortu dute aurrera egitea. Galibierren gora (23 km, %5,1ean), Chris Froomek (Israel) eta Pidcockek egin dute aurrekoekin elkartzeko saiakera, eta jaitsiera izugarri batean lortu dute haiekin bat egitea.
Tropelean, ordea, lasai hartu dute eguneko lehen zatia. Croix de Ferrera (29 km %5,2an) iritsi dira ondoren txirrindulariak, eta, bertan Jumbo-Vismak erritmoa ipini duen arren, ez da aurreko egunean bezalako erasorik ikusi. Hala ere, beroak egin du bere aukeraketa, eta tropeletik atzera gelditu dira hainbat txirrindulari. UAE ez da aurreneko postuetara hurbildu ere egin, eta mugimendu guztiak azken mendaterako utzi dituzte Pogacarrek eta haren taldekideek.
Aurreko taldetxoan bost txirrindulari bakarrik gelditu dira Croix de Ferren: Froome, Pidcock, Louis Meintjes (Intermarche), Neilson Powless (Education First) eta Giulio Ciccone (Trek). Lau minutu pasatxoko aldearekin iritsi dira mendate amaigabearen gainera, baina, jaitsieran asko arriskatu ondoren, sei minutu pasatxoren aldearekin hasi dute Alpe d’Huezeko igoera (13,8 km %8,1ean).
Mendate mitikoko 21 bihurguneak igo behar izan dituzte, azkenik, txirrindulariek. Aurrean Pidcockek berehala jo du erasoa, eta boskotea sakabanatu egin da helmugarako hamar kilometro gelditzen zirenean. Meintjes eta Froome haren atzetik abiatu dira, baina banaka-banaka, bakoitza bere erritmoan. Tropelean, aldiz, igoerara iritsi eta berehala jarri da Jumbo-Visma erritmoa handitzen, Wout van Aert buruan zela, eta talde nagusia asko murriztu du. Primoz Roglic eta Sepp Kuss izan dira Jumbo-Vismaren azken morroiak, eta bost txirrindulari gelditu dira bakarrik talde nagusian: Kuss, Vingegaard, Pogacar, Geraint Thomas (Ineos) eta Enric Mas (Movistar).
Aurrean pixkanaka zuloa handitzea lortu du Pidcock gazteak, eta helmugarako zazpi kilometro gelditzen zirenean erritmoa bizitu ostean bakarrik abiatu da garaipenaren bila. Bakarrik iritsi da helmugara, eta hark irabazi du etapa. Meintjes izan da bigarren, eta Froome hirugarren.
Talde nagusian Pogacarrek jo du erasoa, eta Vingegaard gurpilari itsatsi zaio. Tartea zabaldu ezinda aritu da esloveniarra, eta, hori ikusita, hanka altxatzea erabaki du. Bikotearekin elkartzeko baliatu dute beste hirurek. Handik kilometro batera egin du bigarren saiakera Pogacarrek, eta, dena eman duen arren, aise eutsi dio Vingegaardek. Elkarrekin sartu dira azkenean bostak helmugan, esprintean, eta bi oilarren arteko aldea berbera izango da sailkapenean. Minutu baten tartean sartu dira atzetik beste faboritoetako asko, besteak beste: Romain Bardet (DSM), David Gaudu (FDJ), Nairo Quintana (Arkea) eta Adam Yates (Ineos).