Atzo goizean aurkeztu zuten, Urnietako Kultur Etxean, kluben arteko II. Berria txapelketa. Ekitaldi horretan bertan, zozketa egin zuten kanporaketak zehazteko. Aurtengo berritasun nagusia antolaketa batzordea eta parte-hartzaile kopurua handitu izana da. Izan ere, iazko hiru talde antolatzaileei, Urnieta, Usurbil eta Hernaniri alegia, Altzako pilota elkartea batu zaie. Izena eman duten duten taldeen kopuruak ere nabarmen egin du gora: iaz 24 elkarte izan ziren, eta aurten 32.
Joko eta kanporatze sistema, berriz, iazko bera izango da. Talde bakoitzak hiru bikote aurkeztu beharko ditu kadetetakoa, gaztetakoa eta seniorretakoa, eta ez dira garaipenak kontuan hartuko, hiru bikoteek batzen duten tanto kopurua baizik. «Joko sistema ez dugu aldatu, egokia eta arrakastatsua iruditzen zaigulako», azaldu zuen aurkezpenean Usurbilgo Andazpe elkarteko ordezkari Enrike Uhizik. Horretaz gain, txapelketak defendatzen duen «talde izaera» goraipatu zuen Uhizik, hedatuagoa den banakako ikuspegiaren aldean elkarte izaera «sustatzen» duelako. Bere hizketaldian, Andazpeko ordezkariak Iparraldeko talde bat erakartzea zein zaila izan den nabarmendu zuen, «egunotan Trinketa txapelketa jokatzen ari delako» . Era berean, diru sariak handitzeak parte-hartzaile kopuruan eragina izan duela azpimarratu zuen.Uhiziren ostean, Berriako zuzendari Martxelo Otamendik hartu zuen hitza. Egindako lanarengatik antolatzaileak zoriondu ostean, Otamendik aurtengo txapelketa «iazkoa bezain arrakastatsua edo arrakastatsuagoa izatea» opatu zien ekitaldira bildu ziren taldeetako ordezkariei. Era berean, txapelketaren filosofia goraipatu zuen, «Euskal Herri guztiko taldeak batu eta talde lana bultzatzen duelako».
Euskal Herri osoko taldeak eta kanporaketa zuzenak
Aurten, Berria pilota txapelketak Euskal Herriko eta Errioxako 32 talde batu ditu. Txapelketak lau zerrendaburu izango ditu, eta kanporaketa sistemarekin jokatuko da. Multzoen buruok iaz finalerdietara iritsi ziren lau taldeak izango dira: Zazpi Iturri, Aurrera Saiaz, Hernani eta Oberena, hain zuzen.
Txapelketa datorren asteburuan hasi eta 12 aste iraungo du. Jaialdiak Urnietan, Aginagan, Hernanin eta Altzan jokatuko dira. Taldeen jatorriari erreparatuz, Gipuzkoak izango du talde gehien: guztira hamabi. Nafarroako taldeak, berriz, bederatzi izango dira. Bizkaiak zazpi parte-hartzaile izango ditu, eta Arabak bi baino ez. Iparraldetik, hainbat elkarteko jokalariekin osaturiko talde bat iritsiko da. Errioxako talde bat izango da, halaber.
Astero BERRIAn
Zortea apetatsua dela esaten da, eta atzo eginiko zozketan ere kanporaketa erakargarriak eratu zituen. Halere, bi nabarmentzen dira besteen gainetik. Iazko txapeldun Zazpi Iturrik ez du hasiera erraza izango, bere aurkari Lemoako taldeak seikote indartsua batu duelako. Beste jaialdi deigarria Iruñeko derbia izango da, urtarrilaren 21ean Huartek eta Anaitasunak jokatuko dutena.
Berriak astero emango du bere orrialdeetan txapelketaren berri. Jardunaldi bakoitzeko partiden kronika eta gorabeherak jarraitu ahal izango dira. Horretaz gain, bere edizio digitalean ere www.berria.info tarte berezia egingo dio txapelketari Berriak.
PILOTA. Aurtengoa, handiagoa
Datorren asteburuan hasiko da taldekako II. Berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu