Espainiako eta Frantziako selekzioekin ari dira euskal pilotari gehienak Miarritzeko Munduko Euskal Pilota Txapelketan (Lapurdi). Baina AEBek, Kanadak eta Txilek ere badituzte euskal herritarrak: hamar. Bat datoz haietako hiru: «Oso berezia izaten ari da».
LAURA SALDUNBIDE
Palista
«Sekulako esperientzia izan da; izugarri gozatu dut, baita ikasi ere»
Munduko Txapelketan egin beharrekoa egin du Laura Saldunbidek (Itsasu, Lapurdi, 2003): ez da sailkatu azken faserako paleta gomazko 30 metroko pilotalekuko lehian. «Pena da, ligaxka jokatu nahi bainuen. Baina sekulako esperientzia izan da. Izugarri gozatu dut, baita ikasi ere», azaldu du.
Lehen aldiz aritu da maila nagusiko Munduko Txapelketa batean; aurretik gazte mailan aritutakoa zen. AEBekin aritu izan da beti. «Ama AEBetan jaio zen. Berehala etorri zen hona bizitzera, baina gero, han bizi izan da denbora luzez. Horregatik du Frantziako eta AEBetako herritartasuna, baita guk ere: anaiak eta biok. Horregatik jokatzen dugu AEBekin. Anaia [Iban] ere Miarritzen ari da , frontball-ean, eta aita [Alain] haren entrenatzailea da. Gu ez gara sekula AEBetan bizi izan. Familia dugu han, eta oporretara joaten gara. Garai hori aprobetxatu ohi dugu hangoekin partidak jokatzeko eta hango gazteei pilotan jokatzen erakusteko».
Behin lehia amaituta, bi eginbehar ditu: «Batetik, anaia sostengatuko dut; ea urrun irits daitekeen. Eta, bestetik: lagunei erakutsi nahi diet zein ederra den pilota, eta zer-nolako maila dagoen munduan zehar; ezezaguna zaie. Ederra izan da haiek ni jokatzen ikustea. Etxean jokatuta, oso berezia izan da txapelketa hau».
BEÑAT URRUTIA
'Frontball'-eko pilotaria
«Beldurra nuen lotsagarri geratzeko, baina oso gustura aritu naiz»
Beñat Urrutiarentzat (Miarritze, 1982) ere bukatu da lehia. Frontball-ean aritu da: jokatu dituen bi partidak irabazi ditu, baina ez da sailkatu finalerdietarako, haren taldekideak galdu egin baitu lehia erabakigarria, Mexikoren aurka. Kanadarekin aritu da Urrutia, Montrealen bizi baita duela hamar urte. «Abentura bila joan nintzen hara. Esperientzia gustatu, unibertsitatean ikasten hasi, lagunak egin, lana lortu, eta jada hamar urte daramatzat han bizitzen. Gizarte hezitzailea naiz, eta autistekin egiten dut lan; non bizi topatzen diet, baita haien bizi proiektua garatzen lagundu ere».
Familia oso pilotazalea da harena. «Aitak trinketan jokatu zuen, eta entrenatzailea izan da. Arreba, berriz, frontenisean aritutakoa da. Ni, berriz, esku huskan. Gure familiak harreman oso estua izan du beti pilotarekin. Ordu asko egin ditugu frontoietan».
Hori dela eta, zaletasunari eusten saiatu zen Montrealen. Kostatu zitzaion, frontoirik ez baitzegoen, baina topatu zuen beste aukera bat. «Montrealdik bost orenera plaza libre bat zegoen; esku huskan joka zitekeen pareta baten aurka. Onewall izeneko modalitatea da hori; Frontball-aren oso antzekoa da. Ez zen esku huska, baina balio zidan. Klubean sartu, eta jokatzen hasi nintzen. Gero, Munduko Txapelketarako sailkapenak egin zituzten, eta, ezustean, irabazi egin nuen, eta aukera izan nuen Miarritzera etortzeko».
Zalantza egin zuen: etorri edo ez ibili zen. «40 urte ditut nik, eta beldurra nuen lotsagarri geratzeko. Gomendioa eskatu nuen etxean, eta animatu egin ninduten: esan zidaten esperientzia ederra izango zela. Eta hala ari da izaten: gozatzen ari naiz. Ederra izaten ari da senitartekoekin eta kuadrillakoekin berriz ere egotea».
MIKEL ANDONI ZULOAGA
Esku huskako pilotaria
«Oso berezia izaten ari da txapelketa hau jokatzea»
Askoz esperientzia handiagoa du Mikel Andoni Zuloagak (Santiago, 1992): hirugarrenez jarraian ari da Munduko Txapelketa batean. Txileren elastikoa eraman du beti soinean, Santiagon jaio baitzen. Baina, Ameriketako biztanle askok bezala, Euskal Herrian ditu sustraiak. «Birraitona bat Oiartzungoa zen [Gipuzkoa]. Horregatik, gurasoak eta aitona-amonak Txilekoak izan arren, harreman estua dugu Euskal Herriarekin».
Harreman estua dute Santiagoko Euskal Etxearekin ere. Hain zuzen, bertan hasi zen pilotan jokatzen Zuloaga. «2006an, Munduko Txapelketa bat antolatu zuten han, eta, jendea behar zutenez, izena eman nuen. Geroztik nabil pilotan». Euskal Etxean hasi zen euskara ikasten ere, duela hamar bat urte. «Euskara galdua zegoen familian, eta hura berreskuratu nahi izan nuen».
Euskal Herriarekin zuen harremana nahiko estua zen lehen, eta are estuagoa da orain, Euskal Herrira etorri baitzen bizitzera duela hiru urte: Ordiziara (Gipuzkoa). «Bertakoa da bikotekidea. Txilen ezagutu nuen, hura Erasmus egiten ari zenean. Oso zoriontsua naiz Euskal Herrian: Fagorren egiten dut lan, euskara ikasten dut AEKn, eta pilotan jokatzen dut Zumarragan [Gipuzkoa]».
Ez da harritzekoa, beraz, Zuloagak esatea Miarritzeko Munduko Txapelketa «oso berezia» izaten ari dela. «Sekulako frontoiak eta zaleak daude hemen. Gainera, Txileko eta Ordiziako lagunak etorriko dira ni jokatzen ikustera. Ea lan ona egin dezakedan».
Esku huskan ari da, banaka eta binaka. Ignacio Fouilloux du bikotekide. Hura ere Euskal Herrian bizi da, Zestoan (Gipuzkoa). «Oso ondo hartu gaituzte biok. Oso gustura gaude Euskal Herrian».
Pilota. Miarritzeko Munduko Txapelketa
Pilota eskuan eta ibili munduan
Euskal Herrian jaio arren, AEBekin aritu da Laura Saldunbide Munduko Txapelketan, eta Kanadarekin Beñat Urrutia. Mikel Zuloaga, berriz, Txilerekin ari da, han jaioa baita. Baina duela hiru urtetik Ordizian bizi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu