PILOTA. Kolpe kolpe kolpeka, josi ta josi

Gonzalezek Iparraldera eraman du lehen aldiz lau t'erdiko txapela, partidari buelta eman, zentzua jarri eta neurria hartuta

enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2009ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Zapatak josten zituen abestiko zapatariak kolpe kolpe kolpeka. Sebastien Gonzalezek lau t'erdiko finala josi du kolpe kolpe kolpeka. Lau t'erdiko txapela josi du kolpe kolpe kolpeka. Eta bere kirol ibilbidearen harimuturrak ere bai kolpe kolpeka. Etenik gabeko lanak etenik gabeko joskura osatu du. Mutur solteak eta kiribilak, hari berean luze eta sendo. Tiraizorik handienak ere ez du eten haren joskura eta haren jarduna. Ezta tiraka ari dena Juan Martinez de Irujo izanda ere. Ezta lehen tiraizoan 9-1ekoa edo 10-2koa jarrita ere. Ezta hura harrapatu nahi eta ihesi joanda ere. Kolpe kolpe kolpeka, josi ta josi Gonzalez. Ederra irten zaio joskura. Fina lana. Bere lehen txapela handia.

Hasi aurretik ez zuen inork haren alde txakur-txikirik ematen eta hasiera ikusita are gutxiago. Jo eta hautsi abiatu zuen partida Irujok. Dena egin zuen ongi. Sakatu, errematatu eta Gonzalezi ihesbide guztiak itxi. Galduta ari zen Gonzalez, eta ez zuen ekaitzean aterperik topatzen. Frontoiaren eskuin aldeari erreparatuz kezkatu eta ito zuen bere burua askotan. Airera sartu zenetan berandu eta gaizki sartu zen. Ez zuen pilotari bizitasunik ematen asmatzen, eta ez zion Irujori inon minik egiten. Txapela ihesi zihoala zirudien, jokatzen hasterako.

Sendotasun itxura aparta eman zuen Irujok hasiera hartan. Ideiak garbi zituen: sakea hormara, eta hortik aurrerakoak hanketara eta zabalera. Emaitza bikaina zela ikusita, eta ez zuen beste ezertan bururik hausi. Eugi botileroak behin eta berriz errepikatzen zion egin beharrekoak eta behin eta berriz esaten zion ongi ari zela. Markagailuari begiratuta eta Gonzalezen jardunari erreparatuta, ez zen arazorik ikusten.

Kolpe kolpe kolpeka. Ez imintzio zakarrik ez etsipen keinurik. Kolpe kolpe kolpeka jarraitu zuen Gonzalezek. 10-3koan asmatu zuen lehenengoz bere jokoa egiten, eta hortik aurrera hasi zen Irujo apurka-apurka bere ahuluneak erakusten. Gonzalezek aldatu egin zituen pilota eta aldatu jokoa. Pausu bat egin zuen atzera. Bolearen eta airearen bila horrenbeste joan beharrean, luze, hanketara eta gurutzatuz hasi zen bera ere kontrarioa mugitu eta estutzen.

Irujoren zalantzak

Eta tokia galtzen hasi zen Irujo. Kezkatzen hasi zen Irujo. Bere buruari galderak egiten hasi zen Irujo. Bere jokoa jada ez zen horren eraginkorra. Jada ez zion horrenbeste min egiten kontrarioari. Besteari min egin nahiaren min egin nahiaz, berea ongi egitea ahaztu zitzaion Irujori. Gonzalezek pausu bat egin zuen atzera, baina berak lehen aurrera egindakoarekin jarraitu zuen. Gonzalezen kolpeak eta abiadurak gainditu egiten zuten, eta ez zekien erremedioa nola jarri. Izan zuen haren pare jokatzeko tentazioa. Saiatu zen bera ere boleakadaka eta indarka, baina galduta zituen ordurako freskotasuna eta indarra. Atzetik aurrera ari zen kontrarioa. Bazeukan tanto mordoska bat alde, baina sendagairik ez txakalaldiarentzat.

Horrek estututa edo haren izateko erak behartuta -askok kasta deitzen diote, beste batzuk zakarkeria eta lotsagabekeria-, sekula liskarra izan zuen pilotarien atsedenak neurtzen dituen epailearekin. Egia da Irujok zuela arrazoia. Gonzalez aldagelara sartu zelako eseri zen bera bere txokoan eta epaileak Irujok eskatuta atsedena markatu zuen. Baina mahaian epailearen aurrean eman zuen kolpeak eta mahaitik afitxak era horretan botatzeak Eugi botileroa bera ere lotsagorritu egin zuten. 13-11koa zen. Horrek eta 14-12ko Gonzalezen gantxoak -arrastoaren barruan eman zuten epaileek-, erabat atera zuten Irujo partidatik.

Izan zuen aukera gertatutako guztia albo batera utzi eta partidan jarraitzeko. Gonzalezek 16-12koan kale egindako boleak eman zion horretarako aukera paregabea, baina ez zuen baliatu. Kontrarioaren menpe ari zen ordurako. Bere ezinak itota ari zen ordurako. Gonzalezen tantoa saketik. Gonzalezek bi paretakoa. Gonzalezen beste bi paretako bat. Partida 16na. Egoera? Gonzalez frontoiaren erdian ongi jarrita, eta Irujo batera eta bestera. Lehen presa zantzuak, hala ere, Gonzalezenak. Eskuinez bote-lasterra behera. 17-16 Irujo aurretik. Partidako unerik biziena, eta partidako tantorik ederrenak.

Ederrenetakoa 17nakoa. Lehen bi paretakoa bikain bueltatu zuen Irujok, baina jarraian egindako bigarrenak txokora zetorrela harrapatu zuen ezustean. Boleakada batez egindako bi paretakoa izan zen. Ez sinestekoa. Ez hura eta ez Irujok 18-17koan zabaletik bueltatu eta txokoan egindakoa. Erasoan barrenak husten ari zen bat, eta defentsan barrenak husten bestea. 18nakoaren ostean -partida osoan behin eta orduan nahastu ziren gurutzatzerakoan-, lehen aldiz Gonzalez aurretik (18-19). Kolpeka jositako joskura orduan hasi zen forma hartzen. Irujorena etenda zegoen ordurako. Sake-errestoan pasa, hurrengo tantoan ere bai, eta aldagelara jira. Indarra eta inspirazioa tokiz aldatuta zeuden ordurako. Bat agintzen eta bestea amore ematen, nahiz eta ez sinesteko pilotak bueltatu. Lehertu zen Gonzalez, baina bere joskura ez.



«Txapelak muga pasa duela? Iparraldea Euskal Herria da»

Gonzalezek berekirol ibilbidean lagun izan dituen guztiei eskeini die bere aurreneko txapela
E. Telleria. Donostia

Nola ospatuko zuen ez zekien, «asko» ospatuko zuela bakarrik. Pozarren sartu zen Gonzalez Donostiako Atano III.eko prentsa areto kaskarrera. Bere lehen txapelari buruzkoak eta Iparraldearen lehena izateari buruzkoak izan zituen mintzagai. Bere lehenengoa bere kirol ibilbidean horrenbeste lagundu dioten guztiei eskeini zien. Txapelak muga gainditzea albiste ona dela esan ziotenean, aldiz, zera: «Muga pasatu? Iparraldea Euskal Herria da». Atzo haren aurrean eserita zeuden askorentzat ez, nonbait.

Aitortu zuen Gonzalezek Irujoren hasiera bikaina izan zela eta une batez hari aurre egin ezinda ikusi zuela bere burua. «Asko sufritu dut hasieran. Irujo bonba baten gisara hasi da. Dena egiten zuen ongi. Burutik zer pasa zaidan? Apur bat itxaron eta sufritzea». Horixe egin zuen eta jokatzeko era aldatu zuen gero. «Botileroarekin hitz egin eta zer egin erabaki dugu. Partida aldatu nahi genuen eta lortu egin dugu. Nire jokoa luzatzen hasi naiz eta partidan sartzea lortu dut. Bi paretakoak ere horregatik egin ditut, partidaren norabidea aldatu eta irujo mugiarazteko».

Irujoren maila eta jarduna goratu zituen Gonzalezek. «Txapela mordoa ditu hark, gu haren atzetik gaude, baina orain esan dezaket handiekin batera nagoela». Eta han egoteko, bidean egin beharra izan duen lan guztia ekarri zuen gogora. «Arlo fisikoan asko eta buruz ere asko. Merezi zuen sufritzeak». Eta une guzti horietan alboan izan dituenak ekarri zituen gogora: «Tranche, familia, semea, Panpi... Jende askok lagundu dit».

Txapelarentzat ez du tokirik, ez zuelako irabaztea espero. Eta «lasaiegi» ez ote zen hasi galdetu zionari ere erantzun zion. «Lehen esaten zuten pilotari urduria nintzela, orain lasaiegi irteten naizela. Gauzak aldatzen ari dira ».

Irujo epaileekin haserre

Beste aldarte batekin aritu zen Irujo. Onartu zuen hasiera bikaina egin zuela, baina onartu zuen gero ezinean aritu zela ere. «Hemen ongi hasteak ez du balio. Ongi bukatzeak balio du. Hasieran Gonzalez ez zen gertatzen ari zenaz ohartu ere egiten, baina gero zirimola baten modukoa izan da. Nik neure burua saldu dut, eta ez nion antzik ematen».

«Txotxongilo baten moduan» ibiltzea tokatu zitzaiola aitortu zuen Irujok, eta Gonzalezen lana goratu. «Oso huts gutxi egin ditu. Nik hori nabarmenduko nuke». Bere lanarekin ez zegoen gustura, baina bai sufritzen eta lan egiten jakin zuelako. Epaileekin izandako liskarraz galdetuta sutu zen. «Nahikoa da. Berak atsedena eskatu eta niri markatzen dit. Ez dira enteratzen. Bada garaia norbaitek zerbait egiteko. Nik egindakoa ez da ongi egon, baina, ostia, ez diote ezer esan hartu dituen atseden guztiengatik. Epaile horiek epaitu edo txorimalo batek epaitu, gauza berbera da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.