Pistan, etxean bezala

IDK Gipuzkoako presidentea da Carmen Muguruza, eta entrenatzailea Azu Muguruza. Ahizpak dira, eta, taldearen harira, egunero hitz egiten dute. Eta, hala ere, ondo moldatzen dira: «Inoiz ez dugu izan aurrez aurrekorik».

Carmen, ezkerretara, eta Azu Muguruza. GORKA RUBIO / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Burdina zati borobil batekin hasi zen dena. «Amak saskitxo bat jarri zigun etxeko terrazan, eta, umetan, han jokatzen genuen elkarren aurka. Azuk beti irabazten zuen; nagusiagoa zen,eta hobea. Pistetan beti bera irabazle», gogoratu du, umoreko,Carmenek. «Tira, saskia... Burdina zati bat zen paretara itsatsita. Han pasatzen genituen ordu libreak. Sarerik ere ez zuen. Ez zen orain bezala; kirol dendetan, tankera guztietako saskiak dauzkate», gehitu du Azuk. «Gero, biak saskibaloi tradizio handiko eskola batera joan ginen, Mary Wardera, eta jokatzen jarraitu genuen. Nik luzaroan, eta gero entrenatzen hasi nintzen». Carmenek, berriz, unibertsitatean hastean utzi zuen saskibaloia, enpresa ikasketak egin zituen, eta duela zazpi urte murgildu zen berriz; bulegoetan,baina. «Orduak kentzen dizkit, baina pila bat gozatzen dut. Poz handiak eman dizkit, eta hau guzti hau ahizparekin gozatzea gauza handia da». Tira, aurkezpena falta da. Azu, Arantzazu Muguruza da (Donostia, 1968) IDK Gipuzkoako entrenatzailea, eta Carmen, Carmen Muguruza (Donostia, 1971), taldeko presidentea. Ahizpak dira, eta ondo moldatzen dira.

Gizonezkoen eliteko saskibaloian halako kasu bat egotea ia ezinezkoa litzateke, baina emakumezkoetan errealitatea oso ezberdina da. «Gizonezkoekin alderatuta, mundu bat dago, eta guk gure errealitate propioa dugu. Gizonezkoetan, ez dago eliteko talderik hain jende gutxiren artean hainbeste ardura duenik. Guk, hau, gustatzen zaigulako egiten dugu», zehaztu du Azuk. Betebehar horien pilaketak sartu zuen Carmen taldean duela zazpi urte. «Egitura profesionala behar zuen taldeak, nahi eta nahi ez profesionala izan, guk ez baitugu soldatarik jasotzen [biek beste lan batzuk dituzte: Azu gimnasia irakaslea da, eta Carmenek enpresa bat du]. Baina ardura bada profesionala. Ni enpresa mundutik nentorren, eta banekien hainbat konturekin moldatzen: nominak egiten, erakundeekin tratatzen... Eta ez zait damutu». Azu grafikoagoa izanda prozesua azaltzean: «Nik azalduko dizut, Carmen agian ez delako oroituko. Lehen Mailarako lehen igoera fasea jokatu genuenean, bera piztu egin zen. Taldea bereago bezala sentitzen hasi zen, eta ardurak hartu zituen. Gero, gauza gehiago egiten jakin ahala, ardura handiagoak hartzen dira ia oharkabean».

Carmeni grazia egin dio ahizparen irmotasunak. Dena den, eta nabarmendu duenez, ez dago bakarrik,zuzendaritzan beste hiru emakume baitaude: Amaia Ortega, Ana Esnal eta Vanessa Asensio. Denak emakumeak. Izan ere, IDK eta Araski diraemakumezko entrenatzaile eta presidentea duten ligako talde bakarrak. «Beharrezkoa zen», azaldu du Carmenek. «Lehen unibertsitatearen bitartez kudeatzen zen dena, baina, taldeak gora egin ahala, zuzendaritza bat behar zen. Gauza asko daude egiteko, xehetasun txikiak; denbora eskatzen dit, baina gustura egiten da». Azuk luzatu du azalpena: «Egunero-egunero hitz egiten dugu. Beti dago zerbait egin edo lotzeko. Ezin duzue imajinatu zenbat gauza dauden egiteko horrelako talde batean».

Eta egunero hitz eginda, nolakoa da harremana? Entrenatzaile eta presidenteek beti ez dituzte gauzak berdin ikusten... «Ona;lehen, Azu arduratzen zen diru kontuez, eta badaki zer dagoen. Alde horretatik, mesedegarria zaio ahizpa presidentea izatea, barrenak husteko ere balio diolako». Ahizparekin bat datorentrenatzailea. «Nik egiten nuen lan hori. Etxean, kontuak egiten, eta bi gehi bi ez ziren beti lau. Errealitate ekonomikoa zein den badakit, baita zein tankeratako jokalariak fitxatu ditzakedan ere. Haren edo nire etxean elkartu, eta hor ibiltzen gara: zenbat diru dugun, zein fitxatu daitekeen... Nik, normalean, kostuetan beherantz begiratzen dut, badaezpada ere».

Eta aurrez aurrekorik izan al dute noizbait? «Ez», erantzun du, bizkor, Carmenek. Eta entrenatzailea aldatu beharko balitz? «Une txarretan asko hitz egiten dugu, eta aldatzearena... Hemen oso zaila litzateke. Noizbait Azuk ikusiko balu arazo bat dela, berak utziko luke postua». Teknikaria antzera mintzo da. «Ez nuke egon nahi jokalariek maite ez nauten toki batean. Nik harremana behar dut jokalariekin. Ni nire lanetik bizi naiz, ez entrenatzetik. Ordu pila bat eskaintzen diot saskibaloiari; gustatzen zaidalako egiten dut». Muguruzak hogei denboralditan baino gehiagotan dihardu karguan, eta itzal handia du Gipuzkoako saskibaloian. Iragan sasoian, Lehen Mailako entrenatzaile onenaren saria eman zioten.

Kexu telebistarekin

Luze gabe kudeaketa lanak profesional bihurtu nahiko lituzkete, kudeatzaile bat kontratatu, baina oraindik urrun ikusten dute. Irten da diruaren gaia, eguneroko borroka. «Gurea bezalako talde batean, euro bakoitzari begiratu behar zaio. 100 eurogatik borrokatzeko prest gaude: bidaietan... Hori da gure egoera», azaldu du Azuk. Taldearen aurrekontua 300.000 euro da, kopuru horrekin egiten dute parra. Diru sarrera handienak erakunde publikoek —Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala— eta babesleek —IDK-k eta txikiago batzuek—, ematen dizkiete. «Erakundeek ondo ezagutzen dute zein den gure errealitatea, eta laguntzeko daude. Pausoak ematen ari dira, taldea indartzea nahi dute, eta ez dugu kexarik». Tonu instituzionala Carmenena da.

Erakundeei buruz ondo hitz egiten dute, baina bada salbuespen bat: EITB. «Askotan saiatu gara, mila aldiz hitz egin dugu, baina ez dira gure partidak ematera etortzen. Aurten Ferrolen jokatu genuen, Galiziako Telebistak eman zuen, eta handik seinaleahartzeko aukera zuten, eta ezta ere. Orain hiru euskal talde gaude Lehen Mailan. Igandeetan Oreka saioa dute, eta 15-20 minutuko laburpena aurrez grabatua ematen dute». Azuk ere gertutik bizi izan du. «Igo ginenean Ibaizabalekin bi derbi izan genituen, eta horiek eman zitzaketela esan genien. Orduan, oraindik ACB liga ematen zuen ETBk, eta horregatik izango zela uste genuen. Orain, galdu dute, eta berdin gaude» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.