Piztia bisitatzeko garairik onena

Osasunak Real Madrilen aurka jokatuko du gaur, Santiago Bernabeun, 21:00etan. 21 urte dira Nafarroako taldeak ez duela bertan irabazi. Alessio Lisci entrenatzailearen lehen partida ofiziala izango da gorritxoen aulkian.

Enzo Boyomo Osasunako atzelaria eta Kylian Mbappe Real Madrileko aurrelaria, joan den sasoian jokatutako partidan. DANIEL GONZALEZ / EFE
Enzo Boyomo Osasunako atzelaria eta Kyllian Mbappe Real Madrileko aurrelaria, joan den sasoian jokatutako partidan. DANIEL GONZALEZ / EFE
2025eko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur hasiko du Osasunak 2025-2026 denboraldia. Piztia bisitatzea sekula ez da erraza izaten, beti hozka egiteko prest egon ohi baita, baina ligari ekiteko Madrilera egin beharko dute bidaia gorritxoek: Nafarroako taldeak Real Madrilen aurka jokatuko du sasoiko lehen partida, Santiago Bernabeun (21:00).

Gorritxoek orain 21 urte irabazi zuten azken aldiz bertan, eta, geroztik, hiru puntu baino ez dituzte bildu, hiru berdinketa; gainontzeko norgehiagoka guztiak galdu egin dituzte. Hauxe, baina, Real Madrili bisita egiteko unerik aproposena izan daiteke; izan ere, espainiarrek denbora gutxi izan dute denboraldia prestatzeko, eta, gainera, Xabi Alonso entrenatzaile berriaren jokatzeko erara egokitzen ari dira oraindik.

Osasunak ere entrenatzaile berria du: Alessio Lisci. Taldeak denboraldiaurre amaieran bi emaitza on lortu baditu ere, hasiera ez zen erraza izan, multzoari kosta egin baitzitzaion teknikari italiarraren jokatzeko erara egokitzea. Orain arte Rosier eta Victor Muñoz fitxatu ditu klubak, eta haiengan konfiantza osoa duela erakutsi du Liscik norgehiagoketan: taldean garrantzitsuak izateaz gain, titular izango dira. Aurreneko partidarako 22 jokalari deitu ditu Liscik, eta lehen taldeko guztiak prest egoteaz gain, harrobiko Stamatakis, Chasco, Osambela eta Etxegoien ere haren esanetara arituko dira.

Hobeto edo gaizkiago egon, aurkari zaila izango du parean Osasunak. Real Madril finalerdietara iritsi zen Kluben Arteko Munduko Kopan, eta, atseden hartzeko denbora gutxi izan dutela iritzita, norgehiagoka atzeratzea eskatu zuten. Espainiako ligako epaile bakarrak, baina, atzera bota zuen eskaera hori, eta gaiak soka luzea ekarri du azken bolada honetan.

Xabi Alonso ez da Real Madrilen berritasun bakarra. Joan den urtean taldeak ez zuen esperotako denboraldia egin, eta, ondorioz, zuzendaritzak sasoi honetarako diru zorroa ateratzea erabaki du. Guztira lau fitxaketa egin dituzte: Huijsen, Alexander-Arnold, Carreras eta Mastantuono. Gainera, entrenatzaile tolosarrak hutsune garrantzitsuak izango ditu gaurko partidarako: Bellingham, Mendy, Camavinga eta Endrick min hartuta daude, eta Rudigerrek joan den denboraldiko azken jardunaldian ezarritako zigorra bete beharko du. 

Alessio Lisci Osasunako entrenatzaileak bere taldeak madrildarren aurka nola jokatzea nahi duen azaldu zuen atzo prentsaurrekoan: «Talde orekatua izaten eta jokoaren alor guztiak menderatzen saiatuko gara».

Gorabeheratsua izan da Nafarroako taldearen denboraldiaurrea; oro har irudi duina eman badute ere, kosta egin zitzaien partidak irabazten hastea. Lisci, halere, baikor da: «Lehen egunetik azkenera arte bilakaera izan du taldeak, eta ongi iritsi gara denboraldi hasierara. Azken norgehiagoka denboraldiaurrearen laburpena izan zen. Konfiantzaz gaude».

«Lehen egunetik azkenera arte bilakaera izan du taldeak, eta ongi iritsi gara denboraldi hasierara»

ALESSIO LISCI Osasunako entrenatzailea

Bi taldeak prest

Kluben Arteko Munduko Kopa jokatzearen ondorioz, Real Madrilek bi norgehiagoka besterik ez ditu jokatu abuztuan. Lehena, Valdebebas kirol hirian jokatu zuen, Leganesen aurka, eta 4-1 nagusitu zen Xabi Alonsoren taldea. Orain astebete, berriz, Austriara egin zuen bisita Espainiako taldeak, eta 1-4 menderatu zuen WSG Tirol.

Lau egunen buruan bi norgehiagoka besterik ez jokatuta ekingo dio ligari Real Madrilek. Liscik, ordea, ez du uste prestatzeko denbora gutxi izan dutenik: «Munduko Kopan aritu dira, eta bertan taldea ezagutzeko beta izan dute. Nire ustez denboraldiaurre moduko bat izan dute, baina zelaian ikusiko da ea abantaila den ala ez». Norgehiagoka 21:00etan hasiko da, eta DAZN katean egongo da ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.