Buruz buru. Halaxe aritzen dira plazan oilarrak eta ahariak. Bietako bat garaile, bestea galtzaile. Plazetako dema horien antza izango du datorren igandeko estropadak. Donostian joango dira bi oilar, bi ahari plazatik uretara. Kaiku edo Urdaibai. Urdaibai edo Kaiku. Bietako batek eramango du etxera bandera. Herenegun, 3,92 segundoren aldea baino ez zion atera Kaikuk Urdaibairi.
Halako tarte txikia izatea deigarria da, ez baita askotan gertatzen. Baina horren gainetik, bada atentzioa ematen duen beste kontu bat: bi hautagaiak ez ziren aritu txanda berean, eta jakina da Donostian aldeak eragiten dituela haizeak lehen txandatik bigarrenera. Igandean, ez, bistan da. Aukera hori ederki baliatu zuen Urdaibaik, eta bigarren txandan arraun eginez ia orekatu zuen Kaikuren lan handia. Berez, sei segundora geratu zen, baina Kaikuri hiru segundoko zigorra ezarri zioten epaileek, araudiari jarraituz: lehen 20 segundoetan matxura izan zuen (arraun bat hautsi zitzaion), eta horrek zigorra dakar.
Datorren iganderako lehia izugarria izango da. Orduan bai, orduan biak joango dira txanda berean, elkarren ondoan. Plazan oilarrak eta ahariak bezala, halaxe jarriko dira, parez pare, elkarren alboan. Bat bakarrik geratuko da zutik; besteak galdu egingo du.
Biek eman zuten ikuskizuna. Kaikuk sekulakoa egin zuen lehen txandan. Txikitu egin zituen beste hiru aurkariak. Hondarribiari hogei segundo sartu izana ez zuten askok espero. Denek zuten gogoan San Miguel ligako jarduna, eta askoz alde txikiagoetan ibili dira biak ia beti. Baina Kontxak badu besteek ez duten zerbait. Berezia da, eta aurrekoak ez du asko balio izaten. Hogei segundora geratu, eta bigarren egin bazuen Hondarribiak; atera kontuak non geratu ziren Chapela eta Astillero. Galiziarrak, 30 segundora, eta espainiarrak, 31ra. Bigarren luze latza eginez hartu zion aurrea Chapelak, ezustean.
Urdaibaik ere handia egin zuen bigarren txandan, lehen kaletik. Bigarren luzean, eremu osoa zeharkatu zuen, eta helmugan beste muturretik sartu zen. Erabaki zuzena izan zen, Kaikuk ateratzen zion aldea murrizteko balio izan ziolako. Banderaren lehian jarraitzeko aukera eman zion bigarren luze azkarrena egin izanak.
San Juanek, berriz, aurrea hartu zion Tirani lehen luzean, baina bigarrenean, galiziarrak nagusi. Donostiarrak, beti bezala, bakarrik jardun behar izan zuen, eta zortzigarren amaitu zuen. Datorren igandera begira, bi lehenen lehiaz gain, badira beste batzuk ere, erakargarriak: Tiran eta Hondarribiaren artean, 18 ehunen baino ez daude hirugarren posturako lehian; bosgarrena lortzeko, San Juan, Chapela eta Astillero lau segundoan dira.
Arrauna. Kontxako Bandera
Plazatik uretara
Kaikuren eta Urdaibairen artean dago Kontxako Banderaren garailea; oso txikia da bien arteko aldea: 3,92 segundoEguraldia eta Kaikuren hiru segundoko zigorra ederki baliatu dituzte bermeotarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu