GUZTIEN GOGOAN
MICHAEL PHELPS
AMAIERARIK EDERRENA
Zalantzaren batekin eta urrezko dominaren bat kolkoratzeko helburuarekin iritsi zen Michael Phelps Rio de Janeirora. Londresen erretiroa hartu eta lau urtera. Eta urrezko bost domina eta zilarrezko bat irabazi ditu azkenerako: estilo libreko 4x100 eta 4x200 metrokoetan, estiloetako 4x100 metrokoan, tximeleta estiloko 200 metrokoan eta estiloetako 200 metrokoan urrea, eta tximeleta estiloko 100 metrokoan zilarra, Joseph Schooling Singapurko igerilari gazteak azpiratuta. 28 domina irabazi ditu jada Olinpiar Jokoetan, horietatik 23 urrezkoak. Beste inork ez dauka halako markarik. Sidneyn egin zuen debuta Jokoetan, 2000. urtean, eta hamasei urte geroago igerilaririk onenaren izendapenarekin amaitu du zikloa.
Harmailetan begira izan du Boomer semea, eta hari eskaini nahi dio orain egunerokoa. «Lekurik onenean nago kirol ibilbideari errematea emateko. Lehiaketatik kanpoko bizimodua daukat orain zain. Milaka gauza dauzkat egiteko. Hauxe izan da uretan lehian ikusi nauzuen azken aldia». Hala adierazi zuen igerilariak berak prentsaren aurrean. «Bizitzak salbatzeko jarraituko dut orain igeri». Irakasle lanetan jarduteko asmoa dauka Phelpsek. «Umeak uretan seguru egon daitezen nahi dut. Erabateko arrakasta izango da umeei igeri egiten irakastea lortzen badut».
Bigarren lehiaketa egunean igerilekura jauzi egin, eta 4x100 metrokoan hasi zen erakusten gorputza finduta iritsi zela Riora. Caeleb Dresselek sufritu ondoren, oso errelebo ona eman zuen, bigarrena, eta ondoren jarraipena eman zioten Ryan Heldek eta Nathan Adrianek. Bere proba kutunean kolkoratu zuen bigarrena, tximeleta estiloko 200 metrokoan, eta ordubete geroago iritsi zen 4x200 metroetako urrea. Laugarren erreleboa izan zen estatubatuarrarena. Estiloetako 200 metrokoan ere ez zuen hutsik egin, Kosuke Hagino japoniarra eta Shun Wang txinatarra mendean hartuta. Eta tximeleta estiloko 100 metrokoan zilarrarekin etsi ondoren, azken lehiaketa egunean biribildu zuen 28 olinpiar dominako ibilbide harrigarria, estiloetako 4x100 metrokoan, olinpiar marka eta guzti.
2016ko abuztuaren 13an igo zen Phelps azken aldiz podiumeko koskarik altuenera. Zaleentzat amaitu da gozamena, baina luzaroan iraungo dute inoizko igerilaririk onenaren erakustaldiek. Gizonezkoetan Ryan Murphy herrikidea gerturatu zaio gehien, urrezko hiru dominarekin. Estatubatuarrak ez du izan aurkaririk bizkar estiloan. 100 eta 200 metroko urreez gain, estiloetako 4x100 metrokoa ere kolkoratu du, azken proba horretan bizkar estiloko 100 metroko munduko marka onduta, gainera.
KATIE LEDECKY
EZ DAUKA MUGARIK
Igerilari bakarrak egin dio itzal Katie Ledecky estatubatuarrari: Phelpsek. Muga guztiak gainditu ditu hark, baina mugak non dauzkan ere ez daki Ledeckyk. 15 urterekin egin zuen debuta Jokoetan, Londresen —urrea irabazi zuen 800 metrokoan—, eta urrezko lau domina —200, 400 eta 800 metrokoetan eta 4x200ekoan— eta zilarrezko bat pilatu ditu Rion —4x100ekoan—, 19 urterekin. 400 eta 800 metroetako munduko markak onduta, gainera. Ikusgarria izan zen 800 metroko finala, bere buruaren aurkakoa. Bi segundoan ondu zuen ordura arteko marka. Berea. Tokiora begira jarri da jada.
KATINKA HOSSZU
ZORRETAN ZEUKANA
Munduko marka onduta kolkoratu zuen Katinka Hosszu hungariarrak Rioko Jokoetako urrezko lehen domina, lehen lehiaketa egunean, estiloetako 400 metrokoan, eta jarraian iritsi ziren bizkar estiloko 100 metroko eta estiloetako 200 metroko urreak. Hirutik hiru. Phelps eta Ledeckyren parean jartzeko zorian egon zen, baina Madeline Dirado estatubatuarrak baretu zuen, bizkar estiloko 200 metroko finalean azken unean aurrea hartuta. 27 urterekin gozatu du, behingoz, Jokoetako urrezko dominarekin. Laugarren aldiz parte hartu du, eta lau dominarekin amaitu du.
Lau kolkoratu dituzte Simone Manuel, Madeline Dirado eta Nathan Adrian estatubatuarrek, Emma McKeon australiarrak eta Penny Oleksiak kanadarrak ere. Baina urrezko bi irabazi dituzte lehen hirurek, eta bakarra azken biek. 16 urte besterik ez dauzka Oleksiakek, eta Simone Manuelekin lehen postuan berdinduta amaitu zuen 100 metroko finala. Tximeleta estiloko 100 metrokoan, berriz, munduko marka ondu behar izan zuen Sarah Sjostrom suediarrak Oleksiaki aurrea hartzeko. Erreleboetan irabazi ditu brontzezko beste bi dominak.
KING ETA ERVIN
ADINAK BERDIN DIO
19 urte Lilly King estatubatuarrak; 35 Anthony Ervin herrikideak. Urrezko bi domina irabazi dituzte biek. Bular estiloko 100 metrokoan —olinpiar markarekin— eta estiloetako 4x100 metrokoan lehenengoak; 50 metrokoan eta 4x100 metrokoan bigarrenak. Hasiberrien ilusioa erakutsi du Kingek, eta iraganari zartakoa eman dio Ervinek. Urrezko domina bat saldutakoa da estatubatuarra, Thailandiako tsunamian kaltetutakoei laguntzeko —17.000 dolar eskuratu zituen—, eta, depresioak jota, bere buruaz beste egiteko zorian egon zen.
Gazteen freskotasuna eskaini dute beste bi igerilarik ere: Adam Peaty britainiarrak (21 urte) eta Sarah Sjostrom australiarrak (22 urte). Urrezko domina bat eta zilarrezko beste bat irabazi ditu Peatyk, bular estiloko 100 metroko munduko marka onduta tartean. Eta urrezko, zilarrezko eta brontzezko bana Sjostromek, tximeleta estiloko 100 metrokoan munduko marka onduta.
MARKA FESTA HANDIA
29 HAUTSI DITUZTE
Zortzi lehiaketa eguneko tartean, 29 marka ondu dituzte igerilariek; mundukoak zortzi, eta Olinpiar Jokoetakoak 21. Eguneko lau ia-ia, beraz. Lehen bi egunetan hautsi zuten munduko marka gehien, hiruna: gizonezkoen bular estiloko 100 metrokoan (Adam Peaty), emakumezkoen estiloetako 400 metrokoan (Katinka Hosszu), eta emakumezkoen 4x100 metrokoan (Australia) lehen egunean, eta emakumezkoen tximeleta estiloko 100 metrokoan (Sarah Sjostrom), gizonezkoen bular estiloko 100 metrokoan berriz ere (Adam Peaty), eta emakumezkoen 400 metrokoan (Katie Ledecky) bigarrenean. Eta azken bi egunetan iritsi ziren munduko azken bi markak. Emakumezkoen 800 metrokoan (Katie Ledecky) eta gizonezkoen bizkar estiloko 100 metrokoan, nahiz eta estiloetako 4x100 metrokoan iritsi zen marka hori (Ryan Murphy).
EZ DUTE ASMATU
CAMPBELL AHIZPAK
ABIADURA GALDUTA
Marka da urrezko bi domina eta zilarrezko bat irabazita porroten multzoan kokatzea, baina Cate eta Bronte Campbell ahizpek ez dute eman euren mailarik. 4x100 metroko bi probetan irabazi ditu Catek bi dominak, eta 4x100 metrokoan Brontek. Abiadura probetan markarik onenekin iritsi ziren biak, baina Simone Manuelek, Penny Oleksiakek eta Sarah Sjostromek aurrea hartu zieten 100 metrokoan. 50 metrokoan ere amore eman behar izan zuten biek. Galtzaileen artean sartu beharrekoak dira Missy Franklin estatubatuarra, Yasuhiro Koseki japoniarra eta Cameron McEvoy australiarra ere.
JULIA EFIMOVA
TXISTUKA ETA HASERRE
Errusiako kirolariek dopin auziekin izan dituzten gorabeherak zirela tarteko, Julia Efimovak azken unera arte ez zuen lortu Riora joateko baimenik. Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) zerrenda beltzetik kendu zuen azkenean, eta Jokoetan parte hartu ahal izan du. Baina txistuka hartu zuten zaleek, eta muturtuta aurkariek. Zilarrarekin etsi behar izan du bular estiloko 100 eta 200 metrokoetan.