Txirrindularitza. Donostiako klasikoa. Samuel Sanchez. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Podiumak zergatik ihes egin duen aztertu behar da»

Oso maila altuan ibili da Samuel Sanchez Frantziako Tourrean, eta oso harro dago bai berak eta bai taldeak izandako jarrerarekin. Sasoi puntu ona baliatuta, kolpea eman nahi du gaur.

unai zubeldia
Donostia
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Gehiegitan zaila da kirolari umil eta arruntak aurkitzea. Munduarentzat erreferentzia bihurtu, eta izan zirenaren erreferentziarik gabe gelditzen dira asko. Samuel Sanchez (Oviedo, Espainia, 1978) beste muturrean dago, ordea. Seigarren amaitu du Tourra, etapa garaipen batekin eta mendiko maillotarekin. Baina hizketan umil jarraitzen du Euskaltel-Euskadiko taldeburuak. Belgika eta Austria aldean ibili da hiru kriteriumetan, eta Donostiako klasikoa dauka orain begiz jota.

Tourreko hiru asteko eromenaren ondoren, kriteriumen eromenean murgildu zara egunotan. Atseden hartzeko gogorik ez, ala?

Txirrindularitza gustatzen zaion edonork bertatik bertara bizi beharko luke Belgikako zaleen pasioa. Zaleek ordaindu egiten dute gu ikusteko; hemen pentsaezina da hori. Bi kilometroko zirkuituak dira, eta jendez lepo egoten dira. Poliziek hoteleko ateraino eraman behar izan naute babestuta, denek nahi zutelako autograforen bat edo argazkiren bat. Izugarria izan da. Lehen Mailako futbol jokalari baten parekoa da han txirrindularia.

Belgikarrentzat kriteriumak bezala, Euskaltel-Euskadirentzat ere oso garrantzitsua da Donostiako klasikoa. Nola zaude fisikoki eta buruz?

Ondo nago. Tourra lehiatu izan dudan guztietan, ondo ibili izan naiz gero Donostiako klasikoan, eta aurten ere hala izatea espero dut. Pedal kolpe onarekin nago, baina aurkariak nola dauden ikusi beharko da. Bat aipatzearren, Gilbert aipatuko nuke. Egun bakarreko probetan ia garaitezina da. Berezko dohain izugarriak dauzka. Tourmaletetik aurrean pasatzeko gai da; pentsa zenbateko maila daukan! Mirakruzeko azken igoerarekin, klasiko hau aproposa da beretzat. Lasterketa zoragarri aztertzen du, gainera.

Gilbertentzat egokia da Donostiako klasikoa, baina Samuel Sanchezentzat ere ez da txarra.

Ez da txarra, ez. Gehien gustatzen zaidan lasterketetako bat da, eta etxean ariko gara gainera. Buruz dakigu ibilbidea, eta horixe edukiko dugu alde. Motibazioz gainezka gaude, eta saiatuko gara zaleak gustura uzten. Oso Tour ona egitetik gatoz, eta ea Donostian ere egurrean ibiltzeko gai garen.

Jaizkibel, Arkale, Jaizkibel, Arkale... eta 234 kilometro. Ibilbideak ez dauka misterio handirik.

Hala da, hala da [barrez]... Iaz oso garrantzitsua izan zen Jaizkibelgo azken igoera. Han ihes egin zuten Luis Leon Sanchezek, Carlos Barredok eta Aleksandr Vinokurovek. Jaizkibel eta Arkale artean hautsiko da proba, nahiz eta Gilbert gai den Mirakruzen denak atzean uzteko. Hura da hori egin dezakeen bakarra.

Tourrera jauzi eginda, zuretzat oso garrantzitsua izan da Parisko podiumera igotzea, ezta?

Talde guztiarentzat izan da oso garrantzitsua. Oso aurrekontu txikiarekin Tour zoragarria egin dugu. Talde handi baten moduan ibili gara eta Parisko podiumera igo gara. Lau mailloten irabazleak eta azken hirukotea bakarrik igotzen dira podiumera. Eta hor egon gara gu.

Seigarren postua, etapa bat eta mendiko maillota. Nahikoa?

Beti nahi izaten da gehiago. Baina Tourrak ez du onartzen okerrik, eta guk oker batzuk egin ditugu: taldekako erlojupekoan, lehen egunean erorketan, Galibierren...

Lehen etapako eta erlojupekoko galerarik gabe, eta Galibierreko txakalaldirik gabe, podiuma eskura zegoela esango dute baikorrenek.

Eta hortxe zegoen. Baina ezin gara ibili izan zitekeenari bueltaka. Errealitateari begiratu behar zaio. Gertatu ez dena ondo aztertu behar da, etorkizunean halakorik ez gertatzeko. Baina kito. Ezin gara ibili horri bueltaka.

«Etapa garaipen bat, mendiko maillota, seigarren... baina Vinokurov falta zen, Brajkovic, Horner, Kloeden, Wiggins, Van den Broeck...». Ezkorrenen esana da hori.

Horri ez diot bueltarik ematen. Tourra oso gogorra da. Txirrindulari horiekin lasterketa aldatuko zen pixka bat, baina horiek gabe ere nahikoa gogorra izan da.

Lehen bi etapak amaituta, 2.30eko galera zeneukan. Zer hausnarketa egin zenuten taldean une horretan?

Baikortasunari eusten saiatu ginen, Tourra oso luzea dela barneratuta. Tourrean ez dago jakiterik egun bakoitzean zer gertatuko den. Lehen bi etapetan gertatutakoarekin, amore ematea izango zen errazena. Baina nire pentsamenduan ez da kabitzen hitz hori.

Ikusi al duzu Luz Ardidengo etapa? Amorruz ospatu zenuen garaipena...

Ikusi dut, bai. Taldeak arantza barruraino sartuta zeukan, eta behar genuen halako garaipen bat. Pirinioetako lehen etapa, urrutitik jotako erasoa... Ausart jokatu genuen, zaleek merezi zutelako.

Gapen eta Pinerolon amaitu ziren etapetan egurrean ibili zineten Contador eta biok. Indar asko gastatu eta etekin gutxi atera?

Gapen etekina atera genuen. Pinerolokoa, berriz, pena izan zen, liburuxkan helmuga gertuago ageri zelako. Baina, tira, egun horretan ere Voecklerri segundo batzuk jan genizkion, Bassori ere bai... Egindakoa eginda dago, eta kito. Bi txirrindulari borrokalari gara, eta ahal izan dugun guztietan jo dugu erasoa. Egun bakarrean geratu gara erasorik jo gabe: Galibierren, jota geundelako.

Galibierren atarian, podiumarekin ametsetan hasita zeunden?

Banekien egun txar bat izan nezakeela, baina etaparik okerrenean geratu nintzen indarrik gabe. Etapa amaituta, banekien zaila izango zela podiumera igotzea, askok huts egin behar zutelako. Ahalik eta denbora gehien berreskuratzea zen kontua, eta hala gertatu zen, Telegraphen eta Galibierren gora oldarkor jokatu genuelako.

Zer ikusten da Parisko podiumetik?

Hilabete askoan egindako lanak saria jaso duela ikusten da. Tourra ez da hiru asteko lasterketa soila. Aurretik lan handia dago egiteko. Oso prestaketa gogorra dago atzean. Etxetik kanpo igarotako momentu txar guztiak ahaztu beharra daude aurrean ibiltzeko. Eta txirrindulari batentzat oso polita da, ahalegin horren ondoren, Parisko podiumean egotea.

«Hausnarketa sakona egin beharra daukagu, gauza batzuk aldatu beharra dauzkagu». Zure adierazpenak dira. Zer esan nahi zenuen zehazki?

Hankek erantzuten dutenean, podiumak zergatik ihes egin duen aztertu behar da. Hankek primeran erantzun didate, baina hainbat arrazoirengatik, bizpahiru minutu galdu genituen. Non? Hori aztertu behar da. Galibier, lehen etapa, taldekako erlojupekoa... Gainerako etapetan denbora irabazi duen bakarrenetakoa izan naiz.

Vueltan eta Tourrean garaipenak pilatzen ari zara. Giroan gauza politen bat egitea falta zaizu. Etorkizunean ikus zaitzakegu Giroa lehiatzen?

Aukera badago. Baina Tourra da probarik garrantzitsuena. Mugimendurik txikienak ere oihartzuna izaten du. Oraindik ez dugu zehaztu hurrengo urteko egutegia, gogorra izango delako: Olinpiar Jokoak, Tourra, Munduko Txapelketa, Vuelta, Giroa... Ibilbideak aztertu beharko ditugu.

Beste talderen batean helburu altuagoak jartzeko aukera edukiko zenukeela uste duzu?

Ez, ez. 2012ra arteko kontratua daukat Euskaltel-Euskadirekin, eta nire helburua hemen jarraitzea izan da beti. Gaur-gaurkoz, nire etorkizuna Euskaltel-Euskadiri lotuta dago 2012ra arte.

Donostiako klasikora itzulita, bizpahiru izen eskatuz gero?

Gilbert, zalantzarik gabe; Luis Leon [Sanchez] iazko garailea; Carlos Barredo orain bi urteko irabazlea; Schleck anaietako bat, Andy agian; Van Avermaet; Purito [Joaquim Rodriguez]... Klasiko polita ikusiko dugula uste dut.

Zure izenik ez duzu aipatu...

Besteek sar nazatela faboritoen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.