Pirinioetan Tourra dardarka jarri du Tadej Pogacarrek (UAE). Hautacamen kolpe handia eman zuen lasterketa irabazteko borrokan, eta gaur, Peyragudesen, bigarren garaipena lortu du jarraian. Tourreko 13. etapa izan da, eta erlojuaren aurka lehiatu dira ziklistak. Hautacameko erakustaldiaren ondoren, maillot horiarekin distira egin du berriro Pogacarrek. Hori bai, oraingoan ez du birrindu Jonas Vingegaard (Visma). Danimarkarrak bezperan baino maila hobea eman du, eta Caeneko erlojupekoan emandako irudia ere txukundu du. Galera onargarria izan du: 36 segundo. Hirugarren Primoz Roglic (Red Bull) izan da, 1.20ra.
Pogacarrek lau garaipen lortu ditu dagoeneko, eta, osotara, 21 etapa ditu Tourrean. Irabazlerik handienen zerrendan gora egiten jarraitzen du; bost ziklista baino ez ditu aurretik. Zalantza gutxi zegoen gaurko erlojupekoari ere bere zigilua jarriko ziola, eta halaxe izan da. Vingegaard baino bi minutu geroago atera da. Hura aurreratzeko moduan egon zitekeen, atzoko gidoia errepikatzen bazen. Tourrean duela 21 urte jokatu zen azkenekoz kronoigoera peto bat, eta orduan, Lance Armstrongek, maillot horia soinean zuela, aurrea hartu zion bigarren sailkatuari, Ivan Bassori.
Bada, gaur ez da halakorik gertatu. Pogacarrek bizikleta eta kasko arruntak hobetsi ditu, erosotasuna lehenetsita. Vingegaardek, berriz, erlojupeko kaskoa eta heldulekua erabili ditu. Eta azkenerako, doi-doi minutu erdia atera dio Pogacarrek bere aurkari nagusiari. Hori bai, sailkapen nagusian 4.07ra dauka dagoeneko. Eta aldaketa handirik ezean, arrakala are gehiago zabalduko da bihar, Pirinioetan jokatuko den hirugarren eta azken etapan. Dena alde du esloveniarrak laugarrenez Parisera horiz jantzita iristeko. Remco Evenepoelek (Soudal), berriz, lanak izango ditu podiumera igotzeko. Hirugarren dago gaur-gaurkoz, 7.24ra, baina oso litekeena da postu horretan gutxi irautea. Saio apala egin du gaur, eta asko hurbildu zaio Florian Lipowitz (Red Bull): sei segundoren aldea baino ez dago orain bien artean.
Ibilbidearen diseinuak kalte egin dio Evenepoeli, igotzaileen neurrira egina baitzegoen. Erlojuaren kontrako espezialistek lehen hiru kilometroetan baino ez dute izan abantaila. Ziklistak ordekan abiatu dira, eta Peyragudes igotzeari ekin diote berehala. Zortzi kilometroko ahalegina egin behar izan dute, eta batez beste %7,9ko pendiza gainditu. Oso garrantzitsua zen bukaerara indartsu iristea, amaierako zuzengune pikoari aurre egin ahal izateko. Matteo Vercher (Total) izan da Loudenvielletik irteten lehena, eguerdiko ordu bata aldera; eta saioaren lehen fasean, Luke Plapp (Jayco) nabarmendu da bereziki. 25 minutuko langa apurtzea lortu du: 24.58. Lenny Martinez (Bahrain) asko hurbildu zaio, baina 23 segundora geratu da.
Plappek luzaro iraun du txirrindularirik azkarrenaren aulkian. Tinko eutsi die Adam Yatesen (UAE) eta Matteo Jorgensonen (Visma) oldarraldiei. Ordea, Roglic helmugaratzean, trasteak maletan sartu, eta alde egin behar izan du Plappek. Roglicen saioa oso ona izan da. Etapa menditsuetan gero eta zailtasun handiagoak ditu onenen erritmoari eusteko, baina erlojuaren aurka fina da oraindik ere. Oso jarrera aerodinamikoan osatu du igoera. Evenepoelek ere besoak luzatzeko gehigarria ipini du heldulekuan, baina hura askoz ere makalago aritu da. Hainbeste, ezen helmuga zeharkatzear zela aurreratu egin baitu Vingegaardek. Hamabigarren postuan sailkatu da flandriarra.
Lipowitzek, berriz, laugarren egin du. Roglic gaurkoan aurretik izan du, baina oso pozik izan daiteke, beste hozkada bat eman baitio Evenepoeli. Oscar Onleyk (Picnic) ere saio txukuna osatu du; zazpigarren izan da, eta nagusiko bosgarren postua kendu dio Kevin Vauquelini (Arkea). Gazteak indarrean dabiltza. Euskal txirrindulariek, berriz, ez dute zeresanik eman gaur ere: Ion Izagirre (Cofidis) bosgarren ipini da behin-behinean, baina 42. postuan finitu du etapa, 4.42ko atzerapena pilatuta; Alex Aranburu (Cofidis), berriz, 67. izan da, 5.19ra.
Mendiz mendi Pirinoetan
Igotzaileek beste saio garrantzitsu bat izango dute bihar, Pauen hasi eta Superbagneresen amaituko den etapan. Pirinioetako etaparik gogorrena izango da: Tourmalet, Aspin, Peyresourde eta Superbagneres kateatuko dituzte, eta orotara 5.000 metroko desnibelari egin beharko diote aurre. Lehen 70 kilometroetan ordekan lehiatuko dira, baina mendatea besterik ez dute topatuko hortik aurrera. Sua Tourmalet mitikoak piztuko du (19 kilometro eta %7,4ko pendiza). Bertan txirrindulari asko mugituko dira, egun aproposa izango baita ihesean ibiltzeko. Faboritoen erasoak, ordea, aurrerago iritsiko dira ziurrenik: Peyresourden (7,1 kilometro eta %7,8) edo amaierako Superbagneresen (12,4 kilometro eta %7,3).