'Pole'-tik abiatuta errazagoa da

Talde guztiaren lan bikaina biribilduta, John Degenkolbek irabazi du Paris-Nizako hirugarren etapa, esprintean, eta lider jarri daEsprintak ahaztuta, faboritoak mugitzeko aproposa da gaurko etapa, klasiko itxurakoa

John Degenkolb alemaniarra, erdi-erdian, atzo, Paris-Nizako hirugarren etaparen amaieran. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
unai zubeldia
2014ko martxoaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Dena primeran irten zaigu. Urduritasun handia nabari zen azken kilometroetan, aurrean egon beharra zegoen, eta talde guztiak oso lan ona egin du. Oso pozik nago, taldearen lan onari errematea eman diodalako». Haize babesean, taldekideen gurpilean, indarrak gordez, buruan azken kolpea zuela iritsi zen atzo John Degenkolb (Giant Shimano) Magny Courseko zirkuituko azken zuzengunera, Paris-Nizako hirugarren etapan. Lau kilometro eskas falta zirela hartu zuen Giant Shimanok tropeleko ardura; Perrick Quemeneurren (Europcar) ahalegina ezerezean utzi zuen lehenengo, eta esprinta dotore prestatu gero. Oso urrutitik egurrean hasita, potentzia handiarekin, eroso eskuratu zuen Degenkolbek denboraldiko bere laugarren garaipena.

Pole-an utzi zuten taldekideek, eta liderraren maillota jantzita eskertu zien alemaniarrak bere alde egindako lan ona. Egun bakarreko poza izango du ondo bidean, faboritoak mugitzeko aproposa delako gaurko etapa, Neversen hasi eta Bellevillen amaituko dena (201,1 km). Baina, Matthew Goss bera (Orica) mendean hartuta, urrutitik begira abisua bidali zien Degenkolbek Mark Cavendishi (Omega Pharma), Andre Greipeli (Lotto), Marcel Kitteli (Giant Shimano), Tom Booneni (Omega Pharma), Sacha Modolori (Lampre) eta gainerako esprinterrei.

Hori bai, hirugarren mailako hiru mendate eta bigarren mailako beste bat igo beharko dituzte gaur, azken 65 kilometroetan; azkena, Mont Broully, helmugara iristeko hamabost kilometro eskas faltako direnean. Eta lanak izango ditu maillot horiari eusten. Nacer Bouhanni (FDJ.fr), Moreno Hofland (Belkin) eta Degenkolb, hiru esprinter izan dira nagusi Paris-Nizako lehen hiru etapetan. Baina beste kontu batzuk izango dira gaurtik aurrera.

Hirugarren egunez jarraian, esprinterako prestatuta zegoen Paris-Nizako ibilbidea. Eta esprinterren taldeek ez zuten barkatu. Etapa hastearekin batera ahalegin politean murgildu ziren hiru txirrindulari: Quemeneur, Julien Fouchard (Cofidis) eta Romain Feillu (Bretagne). Bigarren kilometroan ihes egin zuten, eta, 175 kilometroko egurra hartu ondoren, esprint egunetan gehienetan gertatzen den bezala, helmuga begi bistan zeukala harrapatu zuen tropelak Quemeneur. Multzo nagusian iritsi ziren David Lopez (Sky) ez gainerako euskal txirrindulariak. Gorka Izagirre (Movistar) dago ondoen kokatuta sailkapen nagusian, 27. postuan, 29 segundora.

Antolatzaileak, «haserre»

Lehen bi etapetako erorketak tarteko, Gianni Meersman (Omega), Lars Boom (Belkin) eta Kris Boeckmans (Lotto) ez ziren abiatu atzo, eta txirrindulari gehiago daude lasterketatik kanpo geratzeko arriskuan. Izan ere, antolatzaileak oso haserre daude ia talde guztiekin. Herenegun, Rambouilleteko irteeran, 28 txirrindulari ez ziren agertu etapa hasi aurretik egiten duten sinadura kontrolera —Saxoko sei, Sky eta Belkineko bosna, IAM eta Lampreko hiruna, Cofidis eta Movistarreko bina, eta Garmin eta Lottoko bana—. «150 txirrindulari baino gehiago, gainera, azken unean joan ziren. Errespetu falta handia da». Taldeak banaka-banaka aurkeztu zituzten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.