Lantzean behin, bakarka distira egiteko aukera izaten dute tropeleko langileek. Imanol Erbitiren (Movistar) txanda izan da gaur, eta nafarrak oso gertu izan du bere ibilbideko garaipenik handiena. Baditu bi etapa Espainiako Vueltan, baina 2010ean lortu zuen azkena. Geroztik, pikotxa eta pala hartuta izan da, liderren aldeburu-belarri lanean. Gaur, aldiz, behatz puntekin ukitu du loria, eguneko ihesaldian sartu, eta izan diren ia eten guztiak gaindituta. Azkenean, baina, ametsetik esnatu du Nils Polittek (Bora), 12 kilometroren faltan jotako eraso indartsu batekin. Polita izan da iraun bitartean.
Etaparen hasieran alarmak piztu dira tropelean, haize babesen ondorioz. Ufadak berehala baretu dira, baita tropelaren joa ere, eta bidea egin du 13 txirrindulariko multzo batek. Bertan ziren Erbiti, Politt, Julian Alaphilippe (Deceuninck), Stefan Kueng (Groupama), Andre Greipel (Israel), Stefan Bissegger (Education) eta Harry Sweeney (Lotto Soudal), besteak beste. Errenta handiarekin iritsi dira azken 50 kilometroetara, eta Polittek egin du lehen ahalegina. Soka tenkatu egin du alemaniarraren erasoak, eta puskatu egin da Sweenyk erritmoz aldatzean. Eutsi egin dio Erbitik, Politt eta Kuengekin batera. 15 kilometroren faltan, berriro jo du Sweeneyk, eta jokoz kanpo utzi Kueng. Hiru onenen artean zegoen Erbiti. Politten azken erasoa, aldiz, gehiegizkoa izan da nafarrarentzat, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan du.
Tropela ia 16 minutuko atzerapenarekin helmugaratu da. Inolako arazorik gabe eutsi dio lidertzari Tadej Pogacarrek (UAE). Pello Bilbaok (Bahrain) hamargarren jarraitzen du, 10.28ra. 219 kilometroko etapa luze eta laua jokatuko da bihar Nimes eta Carcasona artean. Esprinterrak lehiara itzuliko dira, beti ere euren taldeek ihesaldia kate motzean lotzen badute.
Vosen 30. garaipena Giroan
Bere ibilbide oparoan beste mugarri bat ezarri du Marianne Vosek (Jumbo), Giroko zazpigarren etapa irabazi, eta hala, proba italiarrean 30. garaipena lortuta. Maldan gora duen abiaduraz baliatu da, Elisa Longo Borghiniri (Trek) eta Anna van der Breggeni (SD Worx) gailentzeko. Munduko txapeldunak sendo jarraitzen du lidertzan.