'Osasuna auzia'

Poliziak berretsi du Bizkaik azaldutako uneetan gertatu zirela diru mugimenduak

Ikerketa egin zuen agenteak epaiketan erran du 2013ko maiatzean Osasunak 680.000 euroko ordainketak egin zituela, eta 2014ko udaberrian, berriz, 870.000koak. 

Angel Bizkai, iragan astean, epaiketaren lehen egunean. JESUS DIGES
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 27a
14:22
Entzun

'Osasuna auziaren' epaiketak bigarren astea hasi du. Kasua ikertu zuen Espainiako Poliziaren taldeko buruak deklaratu du gaur Nafarroako Auzitegian. Hark erran duenez, Osasunaren izenean egin ziren ordainketak bat datoz denboran Angel Bizkai klubeko kudeatzaile ohiak deklarazioan azaldu zuenarekin. Bizkaik erran zuen 2013ko maiatzean Getaferi 450.000 euro eman zizkiotela Osasunaren aurka galtzeagatik, eta Betisi eta Valladolidi 150.000 euro, Deportivo eta Celta aurkari zuzenen aurka irabazteko; 2014ko udaberrian, berriz, Espanyoli 250.000 euro pagatu zitzaizkion, azken-aurreko partidan Osasunarekin berdintzeagatik, eta Betisi 650.000 euro ordaindu zizkioten, Valladoliden aurka irabazi eta Osasunaren aurka galtzeagatik. Poliziako ikerlariak erran duenez, 2013ko maiatzean 680.000 euro atera zituzten Osasunaren kontu korrontetik, Getaferen aurkako partidatik "hurbil zegoen egun batean". 2014ko udaberrian, berriz, "Espanyolen aurkako partidaren bezperan 230.000 euro atera zituzten; Betis-Valladolid partidaren hurrengo astean, 400.000 euro; eta liga bukatzean, 250.000" —870.000 euro, guztira—. Ikerlariaren arabera, diru mugimendu horiek "berretsi" egiten dituzte Bizkaik aitortutako ordainketak.

Ikerketako burua izan zena gaur egun ez da Espainiako Poliziako kide. 2017an utzi zion polizia izateari; Espainiako LFP Futbol Liga Profesionalarentzat lan egiten du orain. Epaiketan erran du bere oraingo lanbideak ez duela "zalantzan paratzen" egin duen deklarazioa.

Diru mugimenduez aparte, telefono mugikorren inguruko xehetasunak eman ditu. Erran duenez, Xavi Torres Betiseko jokalari ohi eta auzipetuaren telefonoa 611 zenbakiarekin hasten zen, eta 2013an eta 2014an deiak egin zituen Bizkairen, Txuma Peralta orduan zuzendaritzako kide zenaren eta Antonio Amaya orduan Betisko jokalari zen eta orain auzipetuetako bat denaren telefonoetara. Polizia ohiak erran duenez, 2013-2014 denboraldi bukaeran deiak egin zituen Valladoliden aurkako partidaren aitzinetik, horren hurrengo astean, eta Betisek Iruñean jokatu aitzinetik. "Kobratzeko deitzen zutela ondorioztatu dugu. Bizkaik, baina gehienbat Peraltak, dei anitz jaso zituzten 611etik. Uste dugu Betiseko jokalariek jaso zuten baino diru gehiago eskatzen zutela. Zinez sinesten dugu Madrilen egin zuten bileran Valladolidi irabaztea eta Iruñean galtzen uztea hitzartu zutela".

Guztira 11 lagun ari dira epaitzen Iruñean: Osasunako zuzendaritzako sei kide ohi —Miguel Artxanko presidente ohia, Bizkai, Peralta, Juan Pascual, Sancho Bandres eta Diego Makirriain—, Betis taldeko hiru jokalari ohi —Xavi Torres, Antonio Amaya eta Jordi Figueras—, eta higiezinen enpresa bateko bi agente —Albert Nolla eta Cristina Valencia—. Bi partida erosi izana leporatzen diete, eta, Osasunako agintari ohien kasuan, baita kontuak faltsutzea eta dirua bidegabeki erabili izana ere.       

Artxankok eta Bizkaik iragan asteartean deklaratu zuten. Bizkaik 2015ean LFPri egin zion aitorpena berretsi zuen, eta Artxankok erran zuen "soilik partida bakarra" ordaindu zela; 400.000 euro Betisi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.