Pilota kontraesanez beteta dagoela esatea ez da jada berria. Urteen poderioz, majo bete da lehen ezustean harrapatu eta orain ez hotz eta ez bero uzten gaituen astakerien zakua, baina izaten dira oraindik gure harritzeko ahalmena proban jartzen duten gertaerak. Eskuz banakako aurtengo txapelketan, kantxako jarlekuen salneurriak lortu du hori: 125 euro jarri beharko ditu igandean Irujo eta Olaizola II.a hurbiletik ikusi nahi dituen pilotazaleak.
Kontraesana da hori pilotak ikusle gazteagoak behar dituela dioten arduradun buruargientzat ze gaztek ordainduko du dirutza hori final bat ikusteko?, eta kontraesana da arduradun buruargi horien jarduna kritikatzen dutenentzat egun batean agortu ziren sarrera guztiak, garestienak zein merkeenak, eta salneurria jakin aurretik zeuden gehienak hitzartuta. Finalaren xarmak, giroak, saltsak, ikuskizunak, sosak frontoian bertan jokatzeko aukera izateak (zergatik ez?)... argudiorik gabe uzten dituzte askotan 125 euro horiek gehiegizkoak direla, edo kopuru hori ordaintzea sekulako astakeria dela diotenak.Eskuz Banakako Txapelketaren finala pagotxa da Asegarce eta Aspe enpresentzat finalean pilotari bana dutenez, erdibanatu egin dituzten irabaziak; biak enpesa berekoak balira, %80 jasoko luke batak, eta beste %20a besteak. Atano III.a halako hiru betetzeko adina eskaera jaso dituzte, telebista ez da inondik inora ere traba egin so hormetako publizitateari, eta Donostiako udaletxeak dirutza jartzen du finala Gipuzkoako hiriburuan jokatzeagatik. Kontuak azkar eta gordinean aterata: kantxako 776 jarleku, 125 euroan bakoitza=97.000 euro. Poltsiko batetik bestera.Eskuz Banakako Txapelketaren finala kirol ikuskizunik garestienetakoa da uneotan. Bilatzen hasita, 1 Formulako lasterketa bat ikustea edo Txapeldunen Ligako finala bizitzea dira igandeko finala baino garestiagoak. Montmelon, lasterketa toki on batetik ikusi ahal izateko 300 euro ordaindu behar dira, eta Milan-Liverpool norgehiagokaz gozatzeko 150 euro. Haiek ere denak saltzen dira. Dirurik ez dagoela...
PILOTA
Poltsiko batetik bestera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu