Bartzelona. Huertas (13), Thomas, Navarro (13), Doellman (9), Tomic (11) —hasierako bostekoa—; Oleson (7), Lampe, Abrines (18), Hezonja (1), Nachbar (3), Eriksson eta Pleiss (12).
Laboral Kutxa Baskonia. Heurtel (4), Bertans (24), Johnson (12), Tillie (10), Iverson (2) —hasierako bostekoa—; Causeur, Gomes (2), Perkins, I. Diop, San Emeterio (11).
Markagailua. 24-12, 45-37 (atsedenaldian); 58-49 eta 87-65. Epaileak. Bulto, Peruga eta Martinez Diez. Ez zuten inor kanporatu.Bestelakoak. 4.274 ikusle Bartzelona Palau Blaugrana pabiloian.
0-1eko balantzea agertuko da gaur sailkapenean. Eta hala da. Laboral Kutxa Baskoniak galduz ekin dio ACB ligari. Normalena ere horixe zen, Bartzelona handia zeukalako atzo parez pare. Palau Blaugranan. Baina 0-1ekoari sentsazioak gehituta, baikor egoteko moduko gauza asko egin zituzten gasteiztarrek. Sufritu egingo du denboraldi hasieran, kosta egingo zaio taldea osatzea, elkar ezagutzea eta oreka lortzea. Baina, lehen laurden apala eta amaierako puntu festa salbu, gainerako bi laurden eta erdietan Bartzelonari aurre egiteko gai izan zen Laboral Kutxa. Eta, gaur-gaurkoz, ez da gutxi.
Ez da gutxi, astebete atzera jipoi handia hartu zutelako arabarrek Superkopan, aurkari berbera parean zutela (66-95). Atzo ere, azkenerako, Bartzelonak markagailuan alde handia lortu bazuen ere (87-65), beste itxura bat eskaini zuen Laboral Kutxak. Orlando Johnsonen gidaritzapean, eta Tillieren ekarpenarekin, gasteiztarrek 4-6 eta 11-10 estutu zuten aurkaria partidaren hasieran. Baina ezerezetik urrea lortzen dute gehienetan kataluniarrek, eta hala egin zuten atzo ere. Defentsan pixka bat estutu eta Navarro, Doellman eta Olesonen hiruko banarekin, 24-12 amaitu zen lehen laurdena.
«Akabo!» pentsatuko zuten Baskoniaren zale gehienek. Baina grina, bizitasuna eta borrokarako gogoa erakutsi zuten jokalariek hurrengo bi laurdenetan. Uztaipeko laguntzaren zain —Dewayne White 28 urte eta 2,06 metroko estatubatuarra fitxatu zuten atzo, hilabete baterako—, defentsan estutzeko gai direla erakutsi zuten gasteiztarrek. Erasoan falta zaio indarra, hori bai. San Emeterioren bigarren laurden onarekin, bi gehi batekoa lortu, eta 31-27 gerturatu zen Laboral Kutxa.
45-37 atsedenaldian, eta 53-47 hirugarren laurdenean, Bertansen saskiratzeari esker. Partidan sartu-sartuta zeuden gasteiztarrak. Aipagarria izan zen Bertansen lana, 24 puntu saskiratu eta 27ko balorazioa lortu zuelako. Laboral Kutxa gauza asko ondo egiten ari zenean, Olesonek desorekatu zuen hirugarren laurdena, azken segundoan hirukoa saskiratuta (58-49), eta gasteiztarrak desagertuz-desagertuz joan ziren pixkanaka. 87-65 azkenerako, jipoi handi samarra, baina aste gutxi barru izan daitekeenaren lagin txiki bat erakutsi zuen atzo taldeak kantxarik zailenetako batean.
Bartzelona 87. Laboral Kutxa 65
Porrota, bai, baina baikorra
Laboral Kutxak nabarmen galduz ekin dio ACB ligari, Bartzelonan, baina aurrerapauso polita eman du jokoan eta bizitasunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu