1. Final-laurdena

Portugal, finalerdietara

Ronaldok sartu du garaipeneko gola, 79. minutuan. Merezita sailkatu da, Txekia baino askoz gehiago izan baita.

enekoitz esnaola
2012ko ekainaren 21a
20:09
Entzun

Merezita sailkatu da Portugal Eurokopako finalerdietara, Txekiari 0-1 irabazita. Motz geratu da, gainera, markagailuan, gol aukera on batzuk izan dituelako. Cristiano Ronaldok bi jaurtiketa, kasu, zutoinera bota ditu. 

Hark berak egin du partidako gola, 79. minutuan, erdiraketa batean defentsari aurrea hartu area txikian eta burua errematatuz, botearekin; Cech atezainarentzat errematerik zitalena izan da, boteagatik. Eurokopako golegile nagusia da Ronaldo, hiru golekin, Dzagoev (Errusia), Gomez (Alemania) eta Mandzukicekin batera (Kroazia).

Txapelketa hasi zenetik gora egin du Portugalek. Galtzen ekin zion, Alemaniaren aurka, baina porrota baino esanguratsuagoa izan zen erakutsitako jarrera lotsatia, bere buruarengan konfiantza handirik ez balu bezala. Bigarren jardunaldian derrigor irabazi behar zuen Danimarkaren aurka, eta ozta-ozta eraman zuen partida (2-3). Hirugarrengoan erakutsi zuen lehen faseko itxurarik onena, Herbehereak gaindituta.

Oso jokalari onak ditu aurrean (Nani eta, batez ere, Ronaldo) eta atzean (Pepe), eta Moutinhok eta Meirelesek baloia ongi mugitzen dute zelai erdian. Sinistea falta izan zaio.

Txekiaren aurkako final-laurdenean nagusi izan da, erabat, lehen aldiz nabarmen ekimena hartuta. Hor du saria: finalerdiak, oraingoz.

0-1: Ronaldo (79m).

Final-laurdenak

Koadroaren alde batean:

- Ostegunean: Txekia-Portugal (0-1).
- Larunbatean: Espainia-Frantzia.

Koadroaren beste aldean:
- Ostiralean: Grezia-Alemania.
- Igandean: Italia-Ingalaterra.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.