Arrauna

Postrerako utzi du onena

Urdaibaik irabazi du Sestaoko estropada, eta Eusko Label Ligako lehen postuan jarri da. Lehia estua izan da lau oilarren artean, baina azken luzean nagusi izan dira bermeotarrak

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia atzo lortutako bandera astintzen, taldekideek txalo jotzen dioten bitartean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Label ligako lider jarri da Urdaibai, Sestaon irabazi ostean. Lehen hiru luzeetan bere burua atzetik ikusiagatik ere, ez zuen postu hori bete, eta ondo egin zuen bere lana. Lehen hiru platerak probatu zituen, baina bete gabe. Postrea zeukan ondoren. Eta azken horrekin gozatu ederra hartu zuen. Ikaragarria izan zen azken luzea; hirugarren ziaboga amaitu, eta erakustaldia eman zuen Urdaibaik. Zierbena, Hondarribia eta Donostiarra iritsi ziren bizkaitarren atzetik, hurrenez hurren. Eguneko beste garailea Ondarroa izan zen. Txanda irabazteaz gain, zazpigarren amaitu zuen estropada, eta arnasa apur bat ere hartu zuen sailkapen nagusiari dagokionez.

Lehen txandatik argi eta garbi antzeman ziren lau taldeen asmoak joanekoan. Erdiko kale horiek saihestu, eta ibaiaren bi aldeetan elkartu ziren traineruak joaneko luzean, arraunak bazterretatik gertu pasatuz. Bizkorrago abiatu zuten estropada lehen bi kaleetako sei ontziek, baina joanekoan galdu zezaketen denbora itzulerakoan berrezkuratzea lortu zuten azken txandakoek. Donostiarra izan zen azkarrena lehen luzean aurreneko kaletik, baina lau ontziak bi segundoren aldean iritsi ziren lehen ziabogara. Parekotasuna ikustekoa izan zen, eta bigarren ziabogara ere parean iritsi ziren laurak. Hirugarren luzean Torrekua II-ak olatua hartzea lortu zuen, eta lehenengo kalean, hormari itsatsita, hiruzpalau segundoren aldea ere lortu zuen lehen metroetan. Baina lehen metro horietan irabazitako denbora hori itzuleran galtzeko arriskua zegoen, eta hala gertatu zen azkenean.

Urdaibaik gordeta zeukan azken bala. Joanekoan sufritzen jakin zuten, baina azken luzean abantaila ondo baino hobeto baliatu zuten. Lau segundo atzetik iritsi zen Bou Bizkaia azken ziabogara, baina bi minutuan estropadaren buru jarri ziren. Bikaina izan zen bizkaitarren estropada amaiera, eta ontzi bateko aldearekin irabazi zuten azkenean. Zierbena Hondarribiaren aurretik iritsi zen azken esprintean, eta Donostiarra, aldiz, indarrik gabe gelditu zen lehen hamabost minutu onen ostean. Pozik agertu zen bermeotarren patroi Gorka Aranberri estropada bukatu berritan: «Lidergoa asteburuko lanak ematen dizu, eta, lider bagaude, horrek esan nahi du taldea oso lan ona egiten ari dela».

Ondarroa fin, Orio hobeto

Bigarren txandako lau ontziek ere asmo berarekin ekin zioten estropadari. Joaneko luzeetan ibaiaren alde bietan elkartu ziren ontziak, eta etortzean, berriz, lehen bi kaleetan. Estu joan zen txanda, eta bi lehia estu ikusi ziren. Cabok lortu zuen lehen aldea aurreneko kaletik, eta Oriorekin buruz buruko lehia polita izan zuen. Mirotzak orain arte ez bezala aritu ziren, eta kale txarrena izan bazuten ere, ondo eutsi zioten galiziarrei. Hala ere, galiziarrak aurretik izan ziren estropada guztian, eta kalea ere irabazi zioten oriotarrei. Horrez gain, Getariaren eta Isuntzaren artekoa ere ikustekoa izan zen. Getariarrek ez zuten abantailarik lortu lehen kaletik, eta hala nahita ere, ezin izan zioten kalea irabazi lekeitiarrei. Hori baliatu nahi izan zuen Iñaki Goikoetxea Sagua lekeitiarren patroiak, eta pare-parean iritsi ziren amaieran. Helmugako argazkiak erabaki zuen lehia, eta gipuzkoarrak aurretik izan ziren.

Lehen txandan, aldiz, Ondarroak estropada biribila bete zuen. Lehen kalean zegoen Santurtzik berehala hartu zuen lauzpabost segundoren aldea, baina berehala hartu zion aurre Ondarroak. Lehen ziabogara aurretik iritsi zen Antiguako Ama, eta alde hori handitu egin zuen estropadak aurrera egin ahala. Txanda irabazi zuen Ondarroak, eta Getaria eta Isuntza baino azkarrago ere aritu zen. Puntu sorta ederra eramatea lortu du Iñaki Errastiren taldeak. Santurtzik baino bost puntu gehiagorekin joango dira Kantabriara. Azken-aurrekoa izan zen atzo Sotera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.