Turkia indarrean dago. 70 milioi biztanlerekin, Europa osoko merkatu handienetakoa bihurtuko omen da luze gabe. Dirua barra-barra mugitzen da han, eta aberatsenek sekulako inbertsioak egin dituzte kirol talde profesionaletan. Futbolean, aurrena, eta saskibaloian, ondoren, futbolean inbertsioak handiak eta kirol lorpenak apalak zirela jabetu ostean. Diruak dena ez, baina gauza asko mugitzen du, eta mugimendu horren ondorio zuzena da denboraldi honetako Lauko Finala Istanbulek hartuko duela (maiatzaren 10etik 13ra). Negozio biribila Euroligarentzat, eta Anadolu Efes, Fenerbahce Ulker eta Galatasaray taldeetako jabeentzat. Hiru horiek dira Turkiako talde ezagunenak, eta hirurek egin dituzte talde handiak. Lauko Finala negoziorako ispilu ezin hobea delako.
Turkiarentzat ere Europan indarra hartzeko aukera ezin hobea da. Izan ere, herri hartako saskibaloi taldeek urteak daramatzate Euroligako elitean sartu nahian, baina beti geratu izan dira bidean, aberatsenen multzo hertsi horretan sartu ezinik, atari-atarian. Eta mahai gainean diru gehiago jartzea erabaki dute. Beldurtzeko modukoa izan da Anadolu Efesek eta Galatasarayk egin duten inbertsioa, eta bigarren mailan geratu da Fenerbahcek egindakoa. Talde bikaina egin dute, halere, Neven Spahijaren aginduetara.
Stanko Barac, Esteban Batista, Ersan Ilyasova, Sasha Vujacic, Vlado Ilievski, Dusko Savanovic. Efesek fitxatutako jokalarien zerrenda da hori. Zaza Patxulia, Darius Songaila, Ender Arslan, Jaka Lakovic eta Luksa Andric. Galatasarayk egindako mugimenduak. Ez dute hainbeste oihartzunik sortu Fenerbahce Ulkerrek egindako fitxaketek, baina kontuz, horrek ez du esan nahi talde txarra egin dutenik.
Gainera, haien azken mugimenduak dirua badutela erakusten du, Tabo Sefolosha suitzarra fitxatu baitute. Sefolosha zenbaki apaleko jokalari langilea da, hegalekoa, Oklahoma City Thunderrekin kontratua duena. Langilea itsasoz bestalde, baina Europan bere taldeko onenetakoa. Spahijak talde ona dauka, eta Baskonia Sinan Erdem Arenatik garaile irtetea lantegi zaila izango da.
Joko antolatzaile sorta osatua du. Roko Leni Ukicek bere lekua bilatu du Turkian, han eta hemen ibili ostean, eta Curtis Jerrells estatubatuarrean du kontrapuntua. AEBetan ohikoa den jokalari bizia, azkarra, jaurtitzaile fina da Jerrells. Omer Onan eskoltak egiten du lan iluna. Defentsa lanean trebea da benetan Onan, baina urteak joan, urteak etorri, hiruko jaurtiketa ona lortu du. Hakan Demirelek ere eskarmentu handia dauka.
Kilo asko saskipean
Kanpoko lerroan dinamita asko du Fenerbahcek. Joan den sasoian Partizanekin lan txukuna egin zuen James Gist estatubatuarra da izarra, baina erne Bogdan Bogdanovic kroaziarrarekin. Zagrebeko Cibonarekin sekulako erakustaldiak egin ditu azken bi urteetan. Hirugarren jokalari garrantzitsua Lituaniako saskibaloi txapelketan talentu handia erakutsi duen jokalari gazte-gazte bat da: Emir Predzlic. 24 urte bakarrik ditu, baina oso ona da. Marko Tomas kroaziarra ere Fenerbahceko jokalaria da, baina bi hilabete atzera orpazurda hautsi zuen, eta urtea bukatu arte ez da kantxetara bueltatuko.
Saskipean jokalari langileak ditu Spahijak. Ez dira munduko onenak erasoari begira, baina defentsa lanean oso eraginkorrak dira. Kaya Peker Baskoniako jokalari ohiak, Gasper Vidmar Esloveniar gazteak eta Oguz Savas handiak osatzen dute errotazioa (2,13 luzean, 118 kilo). Saskipeari distira apur bat ematen dio Mirsad Turckan pibotak, Euroligako historiako errebotatzaile onenak, baina joan den sasoian belauna txikitu zuen, eta hilabete inguru beharko du oraindik erabat osatzeko.
Baskoniak tentuz ekin nahi dio Euroligari. Jakin badaki Europan etxetik kanpo garaipenak lotzea aski zaila dela eta Istanbulen majo sufrituko duela. Zer esanik ez igandean Zaragozan emandako itxura kaskarra errepikatzen bada. Joey Dorsey etxean geratu da —7-10 egun gehiago egin beharko ditu osatzen—, eta Teletovicek nahi baino minutu gehiago egin beharko ditu saskipean, Milko Bjelica eta Seraphini laguntzeko. Esatea ere sobera, garaipena lortzea oso garrantzitsua liteke.
FENERBAHCE U.-BASKONIA
Txapelketa. Euroligako ligaxkako lehenengo jardunaldia.
Fenerbahce Ulker. Roko Ukic, Curtis Jerrells, Onan, Atsur, Demirel, Sefolosha, Gist, Bogdan Bogdanovic, Predlizc, Peker, Vidmar eta Savas.
Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Pau Ribas, Oleson, San Emeterio, Reggie Williams, Teletovic, Nemanja Bjelica, Milko Bjelica eta Kevin Seraphin.
Tokia. Sinan Erdem Arena (16.000 eserleku).
Ordua. 19:00 (ETB).
Potentzia berri baten lehen urratsak
Dirua barra-barra erabili dute Turkiako Efes Pilsen, Fenerbahce eta Galatasaray taldeek, Lauko Finala Istanbulen jokatuko dela baliatuz. Fenerbahcek egin du inbertsio apalena, baina talde bikaina egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu