Euskal Herriko Itzulia. Eguneko erreportajea

Poza entzuten da pedalkada bakoitzean

Maria Pintueles da Itzuliko irratiko esataria. Tropel nagusiaren atzeko lehen autoan joaten da, eta talde guztietako zuzendariei tropeleko mugimendu eta arazo bakoitzaren berri ematen die.

Maria Pintueles, atzo, Zumarragako irteeran, Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa hasi aurretik. UNAI ZUBELDIA.
unai zubeldia
Zumarraga
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Umeak bezala, Euskal Herriko Itzuliko irrati ofizialeko esataria ere Parisen jaioa da (Paris, 1974). Maria Pintueles izenez, biologoa ikasketaz, Parisko fakultate batean irakaslea ofizioz, eta lasterketaz lasterketa minutuz minutuko mugimenduen berri ematen duena afizioz. «Hau ez baita lana», argitu du hasterako. Ama frantziarra du, eta aita espainiarra, «Asturiaskoa». Hain zuzen ere, aitak sartu zion odolean txirrindularitzarekiko zaletasuna, maitasuna. Batean eta bestean lasterketak ikusiz ibili ondoren, Asturiasen hasi zen Itzuliko irratiko esatari lanetan, «1992an, 18 urterekin». «Aitaren lagun bat zen Asturiasko Itzuliko antolatzailea, eta gonbidatu gisa joan nintzen. Etapetako batean arazoren bat izan zuten, frantziarrez hitz egin behar zelako irratitik, eta bat-batean niri eman zidaten ardura».

Ez zen kikildu, eta ez zuen hain lan kaskarrik egingo, hurrengo urtean ere berari deitu baitzioten Asturiasko Itzuliko irratian esatari lanak egiteko. Irrati eta esatari hitzak elkarren ondoan jarri arren, Pintuelesek ez du egiten irratietako ohiko lana. «Informazioa jasotzeko bi moto joaten dira lasterketan, bat aurrean, ihesaldian doazenekin, eta bestea tropela bistan duela»: Eurek pasatzen diote informazioa Pintuelesi. «Eta gu tropel nagusiaren atzean joaten gara, lehenengo autoan». Ihesaldian doazenen dortsalen berri eman, diferentziak jakinarazi, mendateetako eta tarteko helmugetako pasaerak aipatu, erorketen berri eman, txirrindulariek zulaturen bat edo arazo mekanikoren bat daukatenean taldeetako zuzendariei eta mekanikariei lehenbailehen jakinarazi, txirrindularien arropak jaso… Esatari lan hutsa baino sakonagoa da Itzuliko irratiko esatari lana.

«Frantsesez, espainieraz eta, une jakin batzuetan, ingelesez ematen dugu informazioa, Itzuli honetan talde batek eskatu egin baitigu mesedez informazioa ingelesez ere emateko». Euskaraz hitzik ez, beraz. Frekuentzia jakin bat dauka Itzuliko irratiak (151,700 da aurtengo Euskal Herriko Itzulikoa), eta auto guztiek informazio bera jasotzen dute. Aspertzeko denborarik gabe ibiltzen da. «Bost irrati igorgailu baitauzkat autoan: Itzuliko irratiarena, aurreko bi motoenak, epaileena eta antolatzaileena».

Euskaraz ere hasi da

Asturiasko Itzuliko hastapenei begira jarrita, lasterketa bakoitzean epaimahai teknikoa egoten dela argitu du frantziarrak. «Eurek frantsesez hitz egiten dute normalean, nahiz eta ingelesez ere aritzen diren tarteka». 1992tik aurrera eurekin lotura egitea egokitu zitzaion Pintuelesi Asturiasen. «Eta ondoren ezagutu nuen Jose Luis Sanz, gaur egun Euskal Herriko Itzuliko aholkulari teknikoa dena. Epaile lanak egitera etorri zen Asturiasko Itzulira, eta orduan esan zidan Euskal Herriko Itzulira etorri behar nuela». Esan eta egin. Euskal Herriko Itzulian ere frantsesez hitz egingo zuen norbait behar zuten, eta nor hoberik Parisen jaio eta bai espainiera eta bai ingelesa dotore hitz egiten dituen biologo bat baino.

Urte hartan bertan ez zen etorri Euskal Herrira. «Baina berehala aldaketa garaia izan zuen Euskal Herriko Itzuliak». Eta Pintuelesekin gogoratu ziren berriz ere. «Ordiziako Klasikoan aritu nintzen lehenengo, eta etapa amaieran, autotik jaitsi, eta Donostiako Klasikora ere joan behar nuela esan zidaten». Joan zen hara ere. «Eta dena ondo irten zenez, Euskal Herriko Itzulian aritzeko eskaintza egin zidaten». Orain sei urteko kontuak dira horiek.

Frantsesa, espainiera, ingelesa, italiera, alemaniera… Hizkuntza kontuetan artista da Pintueles. «Etxean bi hizkuntza hitz egiten ditugu; uste dut hizkuntzak ikasteko berezko gaitasuna dudala». Horren erakusgarri, euskaraz ere hasi da hitz batzuk ikasten. «Ingurukoak euskaraz hizketan ari direnean, gutxi gorabehera ulertzen dut zer esaten ari diren». Oso giro ona omen daukate antolatzaile eta langile guztien artean. «Eta adibide gisa, atzo [herenegun] bete nituen urteak, eta guztiek Zorionak zuri abestu zidaten, euskaraz. Gauza polita izan zen».

Afiziotzat duen lanbide horri esker, mundua ezagutzen ari da frantziarra, baina Euskal Herriarekin maiteminduta dago. «Izugarri gustatzen zait, eta urtero etortzen naiz hona, ahalegin handirik egin beharrik gabe, gainera». Pintuelesi entzunda Itzuliko irratiko esatari lana egiteak txarretik ezer gutxi duela ematen du. «Baina egun asko igaro behar izaten dira etxetik kanpo, batetik bestera». Hori bai, oraingoz seme-alabarik ez daukala eta, «gozamena da» esaldia gehitu die ia azalpen guztiei.

«Gozamena», Itzuliko irratiko esatari izateari esker, lehen errepide bazterretik ikusten zituen txirrindulariak bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki duelako. «Frank Schlecki, adibidez, gurpila zulatu zitzaion atzo [herenegun], nik abisua pasatu nuen, eta gero eskerrak ematera etorri zitzaidan. Harreman polita sortzen da». Poza entzuten da Itzuliko pedalkada bakoitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.