Poza eta atsekabea

Lagun Aro garai gozoan dago, baina Gasteiz plaza zaila da; Woods gabe, bultzada handia emango liokeen garaipena lortzen saiatuko daBaskoniak dagoeneko ezer gutxi du jokoan Ligan, eta Euroligako kolpea nabaritu dezake

Andoni Urbistondo.
Donostia
2013ko martxoaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sito Alonso komunikatzaile ona da. Lagun Arok azken bost partidetatik lau irabazi ditu, eta hiru jarraian. Emaitza bolada on horren zergatiaz galdetu zioten kazetariek asteartean, prentsa aurreko agerraldian, eta zoriontasunaz mintzatu zen entrenatzailea: «Orain pozik bizi gara. Lehen ez ginen zoriontsuak, eta taldearen jokoan nabaritu egiten zen. Orain Q pozik dago (Qyntel Woods jokalariari deitzen diote horrela), Paunicek eta Finleyk poza, harmonia ona ekarri dute taldera, eta beste jokalariak ere kontent, alaitsu sumatzen ditut. Egoera animiko horrek aldatu du dena». Zoriontsu izateak, bizitzeak duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen Alonsok, eta zoriontasun horrek irauten duen bitartean, edozein talde menderatzeko gai direla.

Zoriontasun horrek koska batzuk izan arren. Izen propioa du aste honetakoak: Qyntel Woods. Estatubatuarrak orkatila bihurritu zuen Murtziaren aurka, eta asteartean medikuek esan bezala, ez da garaiz osatuko gaur Gasteizen jokatzeko (19:15, ETB1). Entrenatzailea ez dago arduratuta hegalekoa falta duelako: «Ez, Murtziaren aurka ere laurden oso bat jokatu genuelako bera gabe, eta Guille Rubio eta Dani Diezek aurrerapausoa eman zuten. Zergatik ez da antzekoa gertatuko Gasteizen?». Argudioa ez da txarra, baina Woods taldeko jokalari onena izan da bolada on horretan, eta 17 puntu sartu partidako. Zenbaki esanguratsuak dira.

Kantxaren bestaldean ez dago hainbesteko pozik, zoriontasunik. Egia da Ligan bigarren postua ondo lotuta duela Baskoniak, baina Euroligan etorkizuna ilundu egin zaio asko, eta horrek min handia egiten du Gasteiz aldean. Europako zortzi onenen artean sartzea gero eta zailagoa da, eta Top 16arekin konformatu behar horrek ez du elitean bizitzen ohitu den jendea gogobetetzen. Jokalariek, noski, atsekabe hori sumatzen dute harmailetan, eta ezin esan, buruz eta, modu egokienean iritsiko direnik derbira. Horrek ez du esan nahi Lagun Arok irabaziko duenik, ezta gutxiago ere, baina ez harritu arabarren artean halako lasaitasun puntu bat ikusten bada. Euroliga nola urruntzen ari den ikusteak dakarren ondorio zuzena da.

Mesede eske Donostian

Sare sozialetan eta saskibaloi foroetan dabilen hizketa gai bat ere aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, jakina da Lagun Aro eta Baskoniaren artean, Gasteiz eta Donostia artean giro gaiztorik ez dagoela, eta bai laguntasun eta anaitasun harreman estua. Gipuzkoako saskibaloi talde bat goren mailara iritsi zen arte, ehunka izaten ziren astero Gasteizera mugitzen ziren zaleak, Baskoniaren Euroligako partida ikustera. Batek Gasteizen, eta besteak Donostian jokatzen dutenean ere agerikoa da talde bietako zaleak direla gehiengo. Horregatik, Donostian Baskoniak oparitxo bat egiteko eskaera egin dute, Zan Tabaken taldeari kalte handirik ez liokeela egingo, eta gipuzkoarrei, aldiz, sekulako mesedea. Baina posible al da halakorik gertatzea?

Javi Salgadoren iritziz, ez: «Hori oso zaila da. Kantxan zaudenean ezinezkoa da aurkariari pasatzen uztea, errebote bat oparitzea edo txapel bat ez jartzea aukera baldin baduzu. Neurketa lehiatua izango da, eta biok dugu irabazteko aukera». Ez du arrazoirik falta Santutxukoak. Norbaitek Baskoniak ez duela barkatzen baldin badaki, berak daki, Lagun Aron eskarmentu handiena duen jokalaria baita. Opariak bai, opariak ez, derbia askok uste duten baino parekatuagoa dago. Baskonia denboraldian askotan izan duen txakalaldi, itzalaldi horietako batean dagoela dirudi. Joventutek muturreko latza eman zion joan den igandean, eta Bartzelonak herenegun eman ziona gogoan, ez da erraza jaikitzea eta ordu gutxiren buruan dena ondo egitea.

Baskonia nagusi da baliabidez eta jokoz, baina irabaztekotan, 1 eta 5 postuen duen abantaila txikiari esker lor dezake. Salgado, Neto eta Finley ez dira Cook eta Heurtel baino makalagoak, eta Doblasek ere zeresan handia du Lampe eta Pleissen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.