Pozik itzuli nahi dute etxera

Alavesek Gironan jokatuko du gaur, gora begira jartzeko asmoz; Osasunak, berriz, sasoiko lehen garaipena lortu nahi du Sadarretik urrun, Sevillaren zelaian, eta beheko postuetatik aldendu.

Alaveseko jokalariak Elxi sartutako goletako bat ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko jokalariak Elxi sartutako goletako bat ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko azaroaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badirudi Osasunak eta Alavesek rolak aldatu dituztela. Denboraldi honetan, Nafarroako taldea ari zaie gertutik begira jaitsiera postuei. Arabakoa, berriz, Europara begira jarri da. Gasteiztarrak zortzigarren dira sailkapenean, eta Europa hiru puntura dute; iruindarrak, berriz, hamabosgarren dira, eta bi puntura baino ez dute jaitsiera. Batak eta besteak etxetik urrun jokatuko dute gaur. Alavesek Gironaren kontra neurtuko ditu indarrak, azken sailkatuaren kontra (14:00, La Liga); Osasunak, berriz, Sevilla izango du parez pare (16:15, La Liga).

Arabarrak ligako bosgarren garaipenaren bila zelairatuko dira. Athleticen kontra San Mamesen lortutako garaipena kenduta, irabazitako beste partida guztiak etxean jokatu dituzte. Eduardo Coudet bi marrazkirekin moldatu da orain arte: 4-2-3-1 eta 4-2-2. Azkenaldian, bi aurrelari jartzeko hautua egin du entrenatzaile argentinarrak. Toni Martinez eta Boye izan dira Alaveseko jokalari aurreratuenak. Gaur, baina, Boyek jokatu ezingo duenez, Coudetek erabaki beharko du Martinez bakarrik jartzea aurrean, edo Mariano ere zelairatzea. Horren inguruan, entrenatzaile argentinarrak atzo esan zuen «jokalariek» marrazten dutela sistema, eta  garrantzitsuena «haien jokatzeko modua» dela.

Deialdiko berritasun nagusia zera da: Jon Pacheco bertan dela. Rayoren aurka sorbaldan min hartu ondotik, jokatzeko moduan da berriro ere. Hasieratik jokatu ahal izango ote duen, beste kontu bat da: «Harritu gaitu hain azkar osatzeak. Deialdian sartu badut, jokatzeko moduan dagoelako sartu dut», adierazi zuen Coudetek. Girona sailkapenaren behealdean dago. 

Oroz, hasieratik?

Osasuna, berriz, ez dabil bolada onean. Nafarrek bi puntura baino ez dituzte jaitsiera postuak, eta behingoz kolpe bat eman beharrean dira, aurrenekoz Sadarretik urrun hiru puntuak biltzeko. Ligako azken partidan eskuratu zuten etxetik kanpoko lehen puntua. Urte erdi pasatxo darama Osasunak Sadarretik urrun irabazi ezinik. Bada, bolada hori eteten ahaleginduko da gaur Sevillaren zelaian.

Alessio Lisciren aginduetara ez du batere sasoi samurra izan orain arte, eta, hori gutxi balitz bezala, Ante Budimirrek min hartu du, taldeko goleatzaile nagusiak: zuhaitz eroriari, orok egur. Azken neurketan min hartu zuen; giharretako lesioa du ezker hankako soleoan, eta, azaroko geldialdia bukatu arte gutxienez, ez da jokatzeko moduan egongo. Kroaziako aurrelariak lau gol sartu ditu sasoi honetan, taldearen %44, hain zuzen ere. Oviedoren aurkako neurketan, Liscik 5-3-2 sistema baztertu zuen, eta 4-4-2koaren alde egin. Horren inguruan, atzo emandako prentsaurrekoan, Liscik adierazi zuen partidan bi marrazkiak erabiliko dituela, baina neurketa nola doan ikusi beharko duela. 

Beste buruhauste bat ere badu Osasunako entrenatzaileak: Aimar Orozek hasieratik jokatuko duen edo ez. Erdilaria hilabete eta erdi pasatxo egon da jokatu gabe, oinazpiko lesio bat dela-eta, eta Oviedoren aurkako partidan jokatu zuen berriz minutu batzuetan. Liscik adierazi zuen ikusi egin behar dutela ea Aimar jokatzeko moduan egongo den ala ez. «Haren ordez, Kike Barja edo Sheraldo Becker sar daitezke». Deialdiari dagokionez, Lucas Torro Iruñean geratu da. Oviedoren aurka zelaia utzi behar izan zuen lehen zatian, min hartu zuelako ezker orkatilan. Torroz eta Budimirrez gain, Valentin Rosier eta Iker Benito ere luzerako daude min hartuta. Iñigo Argibide harrobiko jokalaria berriro ere deialdian sartu du Liscik.

Sevilla gorabeheratsu ari da berriro ere. Bartzelonari nagusitasunez irabazi ondoren, behera egin du, eta aukera hori baliatu behar dute gorritxoek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.