Berriro ere garaile. Zer moduz distantzia luzean?
Uste baino hobeto. Orokorrean, gustura aritu naiz, eta esperientzia polita izan da.
Nola sentitu zara?
Lehenengo 30 kilometroetan, ondo, baina arraro sentitzen nintzen, beste lasterketa batzuekin alderatuta neraman erritmoa motelagoa zelako. Egia esan, aurrerago oraindik ere ondo sentitzen nintzen, baina azkarrago joan nintzen, ez neukalako hurrengo nesken erreferentziarik eta gerturatuko ziren beldur nintzelako. Haietako askok ultra distantzian eskarmentua dute, eta beraien gorputza hobeto kontrolatzen dute egora horretan. Azken hamabost kilometroetan izan nuen beheraldia, baina taldetxo batekin elkartu nintzen, eta hobeto pasatu nituen kilometro horiek. Oso mentalizatuta joan nintzen lasterketara: luzea eta gogorra egingo zitzaidala onartuta, eta jakinda, beste lasterketetan egiten ez dudan bezala, elikagai solidoak jan beharko nituela eta beste erritmo batean hasi beharko nuela. Uste dut hain mentalizatuta joateak lagundu zidala, uste baino gutxiago sufritu baitut psikologikoki, eta gorputzak iraun du.
Bi aste dira Zegama-Aizkorrin parte hartu zenuela. Nola oneratu zara?
Zegama ondorengo astea gogorra izan zen giharrak suspertzeko, baina EHMEra ondo iritsi naiz.
Espero zenuen irabaztea?
Bai eta ez. Nire zalantzak nituen, ea iraungo nuen ala ez, batez ere 50. kilometrotik aurrera. Gainerako nesken atzetik aurrerako eboluzioak kezkatzen ninduen. Baina, gozatzera irteteaz gain, lehiatzera ere atera nintzen, eta horretarako neure burua prestatzea zen garrantzitsuena. Uste dut lortu dudala.
Zer ezberdintasun nabarmenduko zenituzke 40 kilometroko lasterketekin alderatuta?
Erritmoa: lasaiago hastea komeni da ultra distantzian. Elikatzeko era ere bai: asko jan eta edan behar da indarrik ez galtzeko, eta, gainera, kalterik egingo ez dizuten janariak hartu behar dituzu. Burua: izan behar den pazientzia, maratoi bat ere zaila izan baitaiteke, baina, ultra batean ordu gehiago direnez, gauza gehiago gertatzen baitira, onak eta txarrak. Une txarretan aurrera jarraitzea erabakiz gero, pazientzia edukiz gero, egoera iraul daiteke.
Egindako probarekin gustura gelditu zara?
Bai. Lehen ultra izateko, pozik nago. Baita marka jarri dudalako ere. Baina batez ere ondo sentitu naizelako.
Zein izango dira zure asmoak Munduko Txapelketan?
Han gauzak zailagoak izango dira. 85 kilometro inguru izango dira, eta puntan-puntan lehiatzen esperientzia duten emakumeak izango ditut alboan, irteeran behintzat. Ziurrenik aurrean ibiliko dira, eta nik era duinean amaitzea izango dut helburu nagusia. Atzokoa egitea ondo etorri zait, baina oraindik asko daukat ikasteko eta hobetzeko distantzia horretan.
Oihana Kortazar. Korrikalaria
«Pozik nago, batez ere, ondo sentitu naizelako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu