Alvaro Cejudo. Osasunako jokalaria

«Pozik nago eman dudan itxurarekin, baina golak ere sartu nahi ditut»

Juanfranen irteeraren ondotik Osasunaren eskuin hegalaz jabetu da Cejudo, eta, taldea bolada txar batean murgilduta egon arren, ondo ari da jokatzen erdilaria. Baina gehiago eskatzen dio bere buruari

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
27 urte bete berritan jokatu zuen estreinakoz Lehen Mailan Alvaro Cejudok (Puente Genil, Kordoba, Espainia, 1984). Ez da oso ohikoa adin horretan iristea maila gorenean aritzeko aukera, baina Betiseko harrobian hamar urte egin eta gero, 2.B Mailako Ceutara jo behar izan zuen Cejudok. Handik Bigarren Mailako Las Palmasera joan eta urtarrilean Osasunaren deia jaso zuen arte. Berandu iritsi arren, ondo hasi du ibilbidea gorritxoekin. Ezinbesteko jokalaria bihurtu da Jose Luis Mendilibarrentzat, eta Osasunarekin Lehen Mailan urte askotan jarraitzea du amets.

Liga amaierarako bost partida falta dira, eta jaisteko postuetan zaudete. Nola bizi duzu egoera zail hau?

Buruari buelta gehiegi eman gabe. Oreka ikaragarria dago Lehen Mailan, aste honetan jaisteko postuetan gaude, baina talde asko gaude mailari eusteko borrokan buru-belarri sartuta, eta Ligako azken jardunaldira arte horrela izango da, gainera.

Azken lau partidak galdu arren, hamabigarren postua hiru puntura duzue. Hori al da albisterik onena?

Bai, orain bi hilabete hiru partida jarraian irabaztea lortu genuen, eta bazirudien estutasunik ez genuela igaroko mailari eusteko. Orain lau jardunalditan punturik ez dugu batu, eta aurkariek aurrea hartu digute, baina lehia ez da oraindik amaitu, eta lehen egin bagenuen, orain ere irabaz ditzakegu hiru partida jarraian.

Eskarmentu askorik ez duzu zuk egoera hauetan, baina Osasunan eskarmentu handia duten taldekideak badituzu. Zer diote aldagelan?

Nik baino eskarmentu handiagoa dutela argi dago, eta ez didate ezer berezirik esan, baina taldekide horiek entrenatzen ikustea nahikoa da zer egin behar den jakiteko. Lasai ikusten ditut; gogor ari dira lanean, eta horixe egin behar dut nik ere. Sailkapenaren zuloan dauden taldeetako jokalariok presioa nabari dezakegu, eta hori saihesten ikastea da gakoa.

Egoera horretan garrantzitsuena taldea dela argi dago, baina gainerakoan Osasunan pozik al zaude?

Bai, oso pozik. Ezin hobeto atera zaizkit gauzak iritsi nintzenetik. Jokatzeko prest egon orduko entrenatzaileak aukera eman zidan; asko ari naiz jokatzen, eta jokalari guztion nahia hori da. Hirira ondo egokitu naiz, klubera ere bai, eta bizpahiru partida irabazi eta lasaitasun apur bat lortzea soilik falta zait erabat pozik izateko.

Camachok ekarri zintuen, baina min hartuta iritsi zinen, eta osatu zinenerako Mendilibarrek agintzen zuen. Entrenatzaile aldaketak urduritu al zintuen?

Ez, ez, berdin zitzaidan bata edo bestea egon. Min hartuta iritsi nintzen, eta taldekide berriekin entrenatu ahal izan nintzen lehendabiziko aldia Mendilibarren lehen entrenamenduaren egunean izan zen. Camachoren aginduetara entrenamendu bakar bat ere ez nuen egin, eta aldaketa ez nuen ezertan nabaritu. Gainera, Mendilibarrek konfiantza eman dit hasieratik.

Partida onak jokatu dituzu, baina gol bat sartzearen falta sumatu al duzu?

Bai, noski. Las Palmasekin sei gol sartu nituen sasoiko lehen lau hilabeteetan. Gero min hartu nuen, eta min hartuta iritsi nintzen Osasunara. Jokatu dudanean eman itxurarekin pozik nago, baina golak sartzen hastea asko eskertuko nuke aurrelaria ez baldin banaiz ere. Nire ibilbide osoan golak sartu izan ditut, sasoi batzuetan beste batzuetan baino gehiago, baina beti sartu izan ditut, gutxienez bost eta gehienez hamar. Horrexegatik, Osasunan ere golak sartu nahi ditut. Ea sasoia amaitu aurretik lortzen dudan.

Valentziaren aurkakoa bezain partida garrantzitsu batean gola sartzea imajinatzen al duzu?

Ederra litzateke, eta irabazteko balio baldin badu, are gehiago. Irabaz dezakegula sinetsita gaude, eta ea igande gauean irabazi dugula ospatzeko moduan garen.

Valentzia aurkari gogorra da, baina irabaztera zelairatuko zarete.

Bai, noski; iragan astean Bartzelonaren zelaian egin genuen bezalaxe. Partida zailak direla badakigu, baina aurkaria zein den aintzat hartu gabe irabaztea da gure asmo bakarra. Camp Noun Bartzelonaren sormen jokoa ederki deuseztatu genuen, eta hori ez dute talde guztiek lortzen. Valentziaren aurka ere gauza bera egiten ahaleginduko gara.

Taldearen inguruan ezkortasuna ere sumatu da aste honetan.

Valentziari irabazita, baikortasuna itzuliko da, baina, gertatzen dena gertatzen delarik, Liga ez da igandean amaitzen. Valentziaren aurka irabazi eta sailkapenean hiruzpalau postu gora egin eta gero Zaragozan galduz gero orain bezalaxe egon gaitezke bi aste barru. Ezin gara itsutu.

Zenbat puntu beharko dira mailari eusteko?

Hiru partida irabaztea da asmoa, gutxienez 42 puntu beharko direla uste baitut. Inork ez du amore eman nahi, eta azken asteetan azken postuetako taldeek puntu asko batu dituzte.

Mendilibarren jokatzeko eraren inguruan zalantzarik ez dagoela esan duzue aste honetan. Zuri gustatzen al zaizu jokatzeko era hori?

Bai, asko; gainera, nire kirol ibilbide osoan antzeko jokatzeko era zuten taldeetan izan naiz.

Betiseko harrobian hainbeste urte egon eta gero, Betisen zalea izaten jarraitzen al duzu?

Beti geratzen da zerbait; hamar urte egin nituen han. Alde egitea erabaki izanaz damurik ez dut, are gutxiago orain, Lehen Mailan jokatzea lortu eta gero.

2005ean Kopako finala Betisek irabaztean pozik izango zen gorritxo bakarra izango zara.

[Barre egin du erantzun aurretik] Betisen bigarren taldeko jokalaria nintzen, eta poztu egingo nintzen, seguru, baina ez dut ondo oroitzen egun hura, non jokatu zen finala?

Madrilen, Vicente Calderonen.

Ez nintzen joan; telebistaz ikusiko nuen, baina ez dut gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.