Celta 0. Athletic 0

Pragmatismo kontua

Athleticen sormen jokoa lotu du Celtaren presioak, eta, hala ere, puntu baliotsua lortu du bere atea hutsean utzi duelakoZuri-gorriek tartea ireki dute Vila-realekiko eta Txapeldunen Ligara begira jarri dira

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko otsailaren 11
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Celta. Yoel; Hugo Mallo, Cabral, Fontas, Jonny; Krohn-Dehli, Rafinha, Alex Lopez (Nolito, 64. min.), Santi Mina (A. Fernandez, 55. min.), Charles (Bermejo, 82. min.) eta Orellana.

Athletic. Iraizoz; De Marcos, Gurpegi, Laporte, Balentziaga; Iturraspe, Mikel Rico, Herrera (Iraola, 90. min.); Susaeta (I. Gomez, 74. min.), Muniain eta Aduriz (Kike Sola, 66. min.).

Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horia Celtako Minari eta Athleticeko Rico, Herrera eta Iturrasperi.

Bestelakoak. 23.000 ikusle Balaidos estadioan (Vigo, Galizia).

Athleticek ez zuen bere egunik onena izan, eta halakoetan, topikoak dioenez, onena ez galtzea da. Bada kontsolamendua, Celta gehiago izan zelako, lehen zatian batez ere, eta Bilboko taldeak puntu bat lortu zuen. Puntu bat, puntu bat da, hara, beste topiko bat, baina pragmatismora jo beharra dago atzoko partidaren inguruko irakurketa positiboak egiteko. Tira, agian sailkapena da ondoriorik onena, Athelticek lau puntuko aldea baitu orain Vila-Real bosgarren sailkatuarekiko. Alegia, argi dago, umiltasun faltsurik gabe, Txapeldunen Ligarako sailkatzeak behar du helburu.

Celtak odolkiak ordainetan eman zizkion Athletici. Zuri-gorriak etxean egin ohi duten jokoa egin zuen. Aurrelariaren atzeko lau erdilariko lerroak presio lan bikaina egin zuen. Ez zion Athletici motzean jokatzen utzi, eta zuri-gorrien atzelariek makina bat aldiz pasatu behar izan zuten atzera. Iraizozek, atezaina bainoago liberoa zirudien, baloia ostikada luzez atereaz. Bera izan zen onena, oinez lan mordoa izan zuelako eta atera joan ziren jaurtiketak ondo aldendu zituelako. Onena Rafinharen aurrean (29. min). Atsedenaldiaren aurretik Celtak beste aukera on bat izan zuen, Charlesek baloia zutoinera bidali zuenean (43. min.).

Bigarren zatia antzekoa izan zen. Celtari gasolina bukatzen joan zitzaion eta ez zuen hainbeste estutu, baina Athleticen aldetik ere ez zen agertu beste egun batzuetako erakustaldi fisikorik. Ia ez zuen aukera garbirik izan partida osoan. Athletic uzkurtua zegoen, irudimen, lotsagabekeria eta ausardiarik gabe.

Aldaketek mesede egin zioten Atheltici, Ibai Gomez zelairatzeak bereziki. Santutxukoaren freskotasunak sustoren bat eman zion Celtako atzeko lerroari, eta bere erdiraketa bat izan zen zuri-gorrien erdiraketa onena, tamalez ez zuen errematatzailerik aurkitu (83. min). Azken aukera, dena den, etxekoek izan zuten, azken segundoan, Bermejok baloia buruz gora bidali zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.